Xabier Usabiaga: ‘Aurten behar du’

Samuel Sanchezek behin baino gehiagotan izan du Euskal Herriko Itzulia irabazteko aukera. Ibili, beti ibili izan da ondo. Bost etapa garaipen ditu eta hirutan igo da podiumera, beti hirugarren. Baina, irabazteko aukerarik onena 2006an izan zuen. Azken etapara, Zallako erlojupekora, lider heldu zen, baina huts egin eta azkenean seigarren amaitu zuen. Garaipenetik ez da inoiz hain gertu egon.

Aurtengo ekitaldia gaur jarriko da abian eta auskalo zer postutan amaituko duen, baina, teorian, inoiz baino aukera hobea du sailkapen nagusian gailentzeko. Bera sasoiko da. Hori ezinbestekoa da. Kataluniako Voltan etapa bat irabazi zuen eta bigarren amaitu sailkapen nagusian. Azken bi astetan, normalean, gora egingo zuen, prestaketa hartarako doitu duelako. Ibilbidea, eta batez ere azken erlojupekoa aldeko ditu. Garaipena lortzeko kontutan hartu beharreko beste ezaugarria aurkariak dira, eta horretan ere abantaila handia izango du beste urte batzuekin alderatuz.

Aurtengo itzuli txiki onenetan nagusitu diren ziklista bakar bat ere ez da izango bertan. Ez Wiggins (Paris-Niza), ez Nibali (Tirreno-Adriatiko), ez Valverde (Andaluzia), ez Evans (Nazioarteko Kriteriuma), Leipheimer (San Luis). Hori alde handia da.

Beldurrik handiena Chris Hornerrek eman bide dio. 2010an nagusitu zen eta Tirrenon oso oso ondo ibili zen, irabazteko zorian izan zen. Izenei begiratuz gero Andreas Klodenek ere errezeloren bat sortuko dio baina alemaniarra ez da iazkoa. Ez dirudi behintzat. Iaz 5. Izan zen Algarven, ondoren 2. Paris-Nizan eta gero Euskal Herriko Itzulia eraman zuen. Aurten, ez da inon agertu.

Aurkariak ordea, etxeko atarira atera orduko sortzen dira. Joanquin Rodriguez, Cunego, Scarponi, Jurgen Van den Broeck, Robert Gesink, Dan Martin edota Peter Velits eta beste batzuk aintzat hartzeko moduko izenak dira, baina Samuel Sanchezek ez lioke inori beldurrik izan behar. Aurten du, inoiz izatekotan, irabazteko aukera.

3 thoughts on “Xabier Usabiaga: ‘Aurten behar du’

  1. Iñigo

    Xabier Usabiaga eta Fermin Aramendiri:

    Egun on bioi.

    ETBk egiten dituen txirrindularitzako erretransmizioez nire iritzia eman nahi nizuen.

    Atzo, askotan bezela, etapan zehar gertatutako gauzarik inportanteenak ikusi gabe gelditu ginen.

    Non gelditu zen Kloden? Zergaitik ez genuen ikusi? Zeintzuk izan ziren azken mendatean erori zirenak?

    Uste dut bi moto dituzuela kamararekin eta helikoptero bat. Nere ustez, atzoko etapan askoz interesgarriagoa zen pelotoiaren atzekaldean gertatzen zena ikustea ikusi genuena baino.

    Atzoko bezalako etapetan iheslariak daudenean eta tartea oso haundia ez denean, lehenengo motoa iheslariekin joan daiteke eta tarteka pelotoiaren zain gelditu eta pelotoiaren buruaren irudi batzuk eman (hau ere helikopteroarekin bete daiteke) eta bigarren motoa pelotoiaren atzekaldean kokatu. Honek ahalbidetuko liguke hor gertatzen diren hainbat gorabehera ikustea: Zein txirrindulari gelditzen diren, nola aldatzen dituzten gurpilak pintxazoak daudenean, kotxeen arteko pelotoia harrapatzeko karrera hoiek, ur bidoiak eramaten dituzten txirrindularien lana, etab.

    Sprinta heltzen ari zenean ez zenekizkiten ze sprinter edo txirrindulari garrantzitsu zeuden pelotoian. Eta jakiteko bitartekoak dituzue hiru kamararekin eta motoan dihoan Alfontso Arroyorekin… Albasini zegoen? Gerrans zegoen? Allan Davis zegoen? (Hau susmatzen genuen ez zegoela Neil Stephensek geldituta zegoela esan zuelako baina ez genuen hau ere ikusi).

    Laburbilduz, nere iritziz, motoen kokapena eta irudiak ez dira egokienak karreran zehar gertatzen diren hainbat gauza ikusteko (atzo autobia tarte asko zeuden motoak aurrera eta atzera egiteko arazo haundirik gabe eta aipatu dudana egin ahal izateko).

    Helikopterotik hartzen diren irudiak oso politak izango dire paisaia aldetikan baina nik behintzat nahiago ditut pelotoiaren irudi hurbilagoak eta zein txirrundalari dauden ikusi. Hala ere bi orduko saioan denetarako denbora dago. Gure paisaiak ikusteko ere bai.

    Iruditzen zait ere planoak oso azkar aldatzen dituzuela. Ezer berezirik gertatzen ez denean polita da minutu batez, adibidez, ihesalarien lana jarraian ikustea edo pelotoiarena. Ze desarrolloarekin doazen, ze aurpegia duten, ze txirrinda eramten duten…

    Uste dut, zuen argotean honi “edizioa” deitzen diozuela.

    Ba, zuetako batek (Aramendik edo Usabiagak) egingo balu edizio hori aipatu ditudan gauza guzti horiek ikusiko genituen konbentzituta bait nago zuei ere holako gauzak ikustea gustatuko litzaizuekela…

    Bueno, bota dizuet txapa ederra baina esateko gogoa nuen…

    Ongi segi.

    Reply
    1. Xabier Usabiaga Post author

      Apa Iñigo, eta ezer baino lehen eskerrik asko zure iruzkinagatik. Bistan da gure emanaldiak hobetu genitzazkeela, eta zin dagizut horretan ahalegintzen garela. Egia da lasterketan gertatzen den gauza asko ez ditugula irudietan ikusten. Baina ezinezkoa da. Zuk aipatutako horiek denak harrapatu ahal izateko, askoz ere bitarteko gehiago beharko genituzke, gutxienez 3 motor.
      Azalduko dizut nire ikuspuntua. Helikopteroak Euskal Herrian eman dezakeen irudia ez da oso gertukoa, beraz, ez da erraza tropelean gertatzen dena zehatz mehatz ikustea. Esan nahi baita hemengo inguruagatik altu samar egin behar du hegan, eta hartu ditzazkeen irudiak ez dira gertukoak. Badakit beste zenbait lasterketetan gertuago egiten dutela hegan, baina hemen adinako muinorik eta lainorik gabeak direla esango nuke.
      Zuk lehen motorrarentzat proposatu duzun idea ez dut uste gauzatu daitekeenik. Motor batek ezin du bi talderen arteko aldea 2-3 minutukoa denean atzera eta aurrera ibili. Ez dakit inoiz probarik egin duzun, baina zin dagizut alde hori jatea zaila dela, motorrik azkarrenak ere denbora beharko luke tropel burutik lasterketa burura heltzen, denbora asko, benetan. Eta bide hori egiten ari den unean lasterketa buruan zerbait gertatuko balitz?? Eraso, matxura, eztabaida….ezingo genuke ikusi.
      Bigarren motorra tropel atzean jartzea proposatu duzu. Tropel atzean, normalean, ez da ezer gertatzen ezer ez. Hala ere ideia ona da han ere motor bat jartzea, baina beste bat beharko litzateke, zeren zuk esan bezala helikopteroak inguruko parajeak erakusten ditu ondo, baina ziklisten ibilia ba……

      Kloden atzean gelditzen ez genuela ikusi esan duzu, eta beste batzuk ere ez. Baina, gure emanaldia hasi baino lehen gelditu ziren (uste dut, ez nago ziur ziur baina uste dut hala izan zela), beraz, hori ezin genuen ikusi..ezin dugu etapa osoa hasieratik eman edo grabatu. Ona izango litzateke, bai, baina bitarekoak…….

      Nik uste karrera hobeto emateko, batez ere, baliabide gehiago beharko genituzkeela. Motor bat lasterketa buruan, bestea tropel buruan, eta beste bat libre antzean (tropel atzean nahi baduzu), eta errekurtso gisa helikopteroa (bitarteko horiek dira Europako karrera batzuetan ibiltzen dituztenak). Baina, orain hori ETB-rentzat ezinezkoa da. Aurten seinalea ziurtatzeko hegazkin bat alokatu dugu.

      Ez nuke nahi erantzun hau gure lana zuritzeko idatzi dudala uste izatea, benetan ezetz, huts egiteak baditugu eta horrelako kritikak aberasgarriak dira hobetzeko, eta zin dagizut ahalegintzen garela.

      Eskerrik asko, berriz ere.

      Xabier Usabiaga

      Reply
  2. Iñigo

    Egunon Xabier eta eskerrik asko erantzuteagatik:

    Esan duzun gehienakin ados nago. Egia da Euskal Herriko kantauri aldea oso konplikatua dela helikopteroek behe xamar hegan egiteko (Atzo Araba alde horretan ez, e?) eta motorra aurrera eta atzera ibiltzearenak ere kalte gehio egin dezakeela fabore baino (eta minututik gorako aldeekin ezinezkoa).

    Baina aipatzen duzunean tropel atzean, normalean ez dala ezer gertatzen, nik uste dut baietz, gauza asko gertatzen direla. Tropel atzean motorra kokatuta zein gelditzen den ikus dezakegu, matxurak nola konpontzen dituzten ikus dezakegu edo pelotoian eroriko bat dagoenean motorra gelditu daiteke jakiteko zeintzuk izan diren erori direnak. Nik hori egingo nuke behintzat 50, 40, 30, edo 20 kilometro falta direnean helmugarako, gero agian, eta iheslariak baldin badaude, aurrera pasa beharko litzateke.

    Atzo, adibidez iheslariak harrapatu zituztenean bi motorrak tropel buruan gelditu ziren irudi berdina emateko. Egia da atzoko azken kilometroak oso azkarrak zirela eta hor motorrek zailago daukatela mugitzeko.

    Baina bueno, agian nire paranoiak izango dire… eta ondo dauden gauzak ere badaude, adibidez, uneoro GPSren bitartez aldeak ematearena (eta badakit hau motorrak alde batetik bestera baldin badabiltza konplikatu daitekeela) edo helmugako marraren parean dagoen kamara ere…

    Besterik ez, ea gaurkoan hegazkinak ondo lan egiten duen eta Arrateko irudiak ikusten ditugun.

    Ondo izan.

    Reply

Leave a Reply to Xabier Usabiaga Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *