Xabier Usabiaga: ‘Irautearen zaila’

Bost urte ziren Tom Boonenek E3-Harelbeke Saria irabazten ez zuena. Estatistika hutsetik haratago doan datua da, esanguratsua. Harbideetako erregetzaren amaiera erakusten zuen. Urrun zeuden Tourreko garaipenak (sei orotara), aparte gelditzen ziren Flandria-Roubaixen lotura edota Munduko Txapelketa. Boonen gailendu ezinik zebilen eta are okerragoa zena aurkariek ez zioten beldurrik. Batzuek galdutzat jo zuten, eta hori pentsatzen zutenek erraz arrazoitu zezaketen, gainera, haren gainbehera. 2008an 14 garaipen lortu zituen, iaz bi baino ez. Palmaresa hustutzen hasi zitzaion.

Arazo pribatu eta profesionalak tarteko iparra galdu zuen Boonenek. Litekeena da gehiegizko presioak eragin izana. Akaso motibaziorik eza izango zen, edo beharbada aurkari indartsuagoen ailegaera, edo helburu gehiago lortzeko nagia, edo, batek daki, ziklismoaren sufrimentuak utzi eta bizitzaren alderik samurrenari heltzeko gogoa. Hori Boonenek sufritu du, baina ez berak bakarrik, eliteko kirolari askok pairatzen dute, berdin berdina ez bada ere, antzekorik.

Heinrich Hausslerrek berriki esana du, nola eta zergatik ez dakiela, bi urte alferrik galdu dituela. Nonbait, gogoan zituen 2009an lortutako Milan-San Remo eta Flandriak Tourreko bigarren postuak, edota Tourreko etapa zoragarria. Konturik errazenak egin zituen Hausslerrek. 2009an hori egin bazuen, ondoren etorriko zenak hobea behar zuen derrigor. Kukuak oker jo dio. Berak onartu du.

Matti Breschel bigarren eta hirugarren izana da Munduko Txapelketan, baita Hew Cyclassicken ere. Bazirudien edozein unetan lehertuko zela haren izarra eta danimarkarrek klasikoekin amets egiteko arrazoi sendoa izango zutela. Breschel, baina, Guadiana ibaia bezala agertzen eta desagertzen da ia inoiz zergatik ez dakiela.

Alessandro Ballanek, Flandriako Tourra eta Hew Cyclassic irabazi zituen 2007an, eta Munduko Txapelketa 2008an. Baita Espainiako itzuliko etapa bat ere urte berean. 32 urte ditu, ez da zaharra, baina azkenaldian taldekideei mesede egiteko eginkizunetan dabil.

Stijn Devolderrek Flandriako Tour bi irabazi zituen jarraian, 2008an eta 2009an. Geroztik ez da haren berri handirik. Azken albiste pozgarria orain 2 urte eman zuen, Belgikako Txapelketa biak irabazi zituenean.

Jar nitzazke adibide gehiago eta Cancellara bera ere aipatuko nuke, berak onartua baita iaz ez zuela aurreko urteetako mailarik eman, eta, oraindik ezer aurreratzeko goizegi izan arren, badirudi Philippe Gilbertek aurten gaitz bera duela.

Esan nahi baita txapeldunik handienentzat ere oso oso zaila dela beti goi mailan jardutea. Ia ezinezkoa. Arestian aipatu arrazoiak direla, edo ezagutzen ez ditugun beste batzuk medio, gehientsuenek izaten dute gora-beheraren bat eta beti ez da erraza izaten burua tentetzea. Hori bai berezkotik asko dutenek gehienetan lortzen dute. Tom Boonen da adibide garbia.

Share
Published by
Tags: Boonen

Recent Posts

Otsailak 1-2, asteburuko atletismo agenda

Hementxe hurrengo asteburuko atletismo frogak: OTSAILAK 1 - LARUNBATA: X. CROSS DE SAN BLAS DE…

10 years ago

Nibali da patroia

Bradley Wigginsen zain geunden arren Vicenzo Nibali da Giroko patroia. Errazegi eman genion garaipena Sky…

11 years ago

Onak beti itzultzen dira

Denbora da Thomas Lofvkist, Mediterraneoko itzulia irabazi berri duen ziklista suediarra begiz jo nuela. 2003a…

11 years ago

Puerto Afera, galdutako epaiketa

Egunotan mundu erdiko zirko mediatikoa Puerto Afereko inputatuen inguruan dabil, euretakoren batek esan zuen moduan…

11 years ago

Lance Armstrong biktima da

Ziklismoaren urrezko panpina apurtu da. Askoren jainkoa hil da eta orain, azkenean, egia aitortu duela-eta…

11 years ago

2012 lasterketa urteari errepasoa kartelen bidez

Lasterketak.com-en, 2012. urteari errepasoa egiteko, ondoko bideoa prestatu dugu lasterketen karteletan oinarrituta. Espero dugu zuen…

11 years ago