Xabier Usabiaga: ‘Txirrindularitza britaniarra: ereindako haziaren fruitua’

Hamaika aipu egin dugu australiarren inguruan azken urtotan, haiek izan duten bilakaera mundu guztiak ezagutzen du jada. Motibuak eman dituzte, egia esan. Hainbeste australiarrek ez dute inoiz hainbeste emaitza on lortu, eta are gutxiago Munduko Txapelketa edota Frantziako Tourra irabazi. Sekula ez dute Down Under itzuliaren parekorik izan eta GreenEdge taldearen parekoren bat izatea amets hutsa zen orain gutxirarte. Laudorio bakar bat ere ez da dohan emandakoa, denak ondo baino hobeto mereziak dira.

millar

Robert Millar

Australiarrak aintzat hartzeak ordea, beharbada britaniarrak ahantz araztea eragin du, haiek ere ez baitira oraintsu arte sailean nabarmendu zaleak izan. Beti izan dira ziklista onak irla haietan. Tom Simpsonen balentriak eta heriotza bitxiak mundu osoa zeharkatu zuen, Sean Kelly eta Stephan Roche irlandarrek historia egin zuten, Robert Millar eskoziarrak hegan mendateetan gora eta orain urte batzuk arte tropelean zen Chris Boarman beti garaiz heltzen zen erlojupekoetan. Haiei guztiei gainera patuak emigrazioa behartu zien, Frantziara joan behar izan zuten euren herrialdeetan ez zegoelako behar bezalako bilakaera izateko azpiegiturarik.

Gauzak ordea erabat irauli dira, zorionez. Neurri batean Manchesterren sortu zuten goi mailako txirrindularitza zentruari esker gertatu da hori, baina Lance Armstrongen arrakastak herrialde anglosaxoietan izan duen eraginak ere berea egin duela esango nuke. Aipatu zentrutik atera dira egungo ziklistarik behinenak. Oraindik ez daukate goi mailako lasterketarik, baina bestelakoan inbidia eragiteko moduko ezaugarriak dituzte. Tourreko podiuma helburu duen ziklista bat izan badute, Bradley Wiggins. Mark Cavendish egungo Munduko Txapelduna da esprintetako erregea eta beste talde askok imitatu nahi duten taldea ere badute, Sky, alegia.

bradley_wiggins2_1488663c

Bradley Wiggins

Baina akats larria litzateke zuhaitz horien atzean dagoen basoari ez erreparatzea. Txirrindularitza britaniarra hori baino askoz gehiago da, batez ere etorkizuna da. Hala erakusten du denboraldi hasiera honek. Andrew Fennek bi etapa irabazi ditu Mallorcan, eta Cavendishen ikasle aparta dela erakutsi du. 21 urte baino ez ditu, atera kontuak zein etorkizun izan lezakeen. Adam Blythe, bigarren izan da Qatargo etapa batean Boonenen atzetik eta 22 urterekin hiru daramatza elitean. Baina ustekabeko nagusia Jonathan Tiernan-Lockek eman du Mediterraneoko itzulia irabazita. Bi etapa ere irabazi zituen. Gaztaroan mendi bizikletan ibili zen eta ume bat izan ez arren (27 urte ditu) bilakaera polita izan lezakeela erakutsi du Frantzian.

Bada gehiago, jakina. Chris Froome (britaniar herrialdetasuna dauka), Geraint Thomas eta Ben Swiftek ziur aurten ere arrakastaren bat lortuko dutela eta eginkizun horretan murgilduko dira lan betean Alex Dowsett, Jeremy Hunt, Peter Kennaug edota Luke Rowe. Euretatik inork ez du euren aurrekoen kalapitarik pasa behar izan, egun txirrindularitza britaniarrak oinarri sendoa baitu eta ereindako haziaren fruituak jasotzen ari dira.

1 thought on “Xabier Usabiaga: ‘Txirrindularitza britaniarra: ereindako haziaren fruitua’

  1. Asier

    Aupa Xabier!
    Hasteko, beti bezala artikulu bikaina!
    Bestetik, ba zertxobait urduri nago, ETBk aurten momentuz ez du lasterketarik eman eta biahr hain zuzen, Het Niewsblad klasikoa egongo da jokoan eta ez ETBk ez TDPk ez dute lasterketa emango. Horregatik, hor doa nire galdera: Jakin daiteke hurrengo hilabetean zein lasterketa eskainiko dituzuen? Biharko klasika ez emateak zalantza batzuk sortu dizkit, zeren pasa den urteetan eskaini egin duzue eta nahiko polita iruditzen lasterketa…

    Besterik gabe, agur bero bat! Blog ona hauxe!

    Reply

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *