Monthly Archives: February 2012

Sep Vanmarcke klasikozaleen sailean sartu da

Asteburuak albiste ona utzi du ziklismoan, klasikozaleen multzo mugatuak beste kide bat du: Sep Vanmarcke, 23 urte, Kortrijk, Belgika, bigarren urtea ProTourrean eta bere lehen garaipena larunbatean, Omloop Het Nieuwsblad klasiko handian.

617270_Vanmarcke_foto610x342

Vanmarcke ez zen oso ziklista ezaguna orain arte. Afizionatu gisa ez zen bere belaunaldiko onenetarikoa izan eta profesionaletarako urratsa apal antzean egin zuen, Topstport taldean, ez Quick-Stepen edo Lotton. Profesionaletan egindako apurrak ere ez du merezitako sonarik izan. 2010ean, 21 urte baino ez zituela, Gante-Wevelgem klasikoan bigarren postuan sailkatu zen, Bernard Eiselen atzetik. Seguraski datu horrek inor gutxiren arreta piztuko du, baina helmugaratu ziren laukotean Philippe Gilbert eta George Hincapie ziren, eta haiek biak atzetik sailkatu ziren.

Larunbatean baina ukabilkada jo zuen mahai gainean. Berriketak amaitu dira. Omloop Het Nieuwsblad irabazi zuen esprintean Tom Boonen eta Juan Antonio Flecha menderatuta. Ez dago zalantzarik, maisutasuna eta indarra baditu, klasikozale izateko beharrezko ia guztia. Hobea izateko eskarmentua falta zaio, baina hori denbora kontua baino ez da.

Garaipenak adina harritu ninduen bere jokabideak. Boonen nahieran zebilen harbide eta muinoetan gora. Haren joak bost lagun utzi zituen buruan, Boonen bera eta haren taldekide Devenys; Juan Antonio Flecha eta haren taldekide Matthew Hayman eta Sep Vanmarcke. Teorian ez zeukan zer eginik. Bi taldeburu eta bakoitzak morroi bana lanerako. Bera bakarrik zegoen lan guztietarako. Irtenbide bakarra zeukan, zaila baina bakarra. Erasoa jo eta hiru gelditu ziren buruan: Boonen, Flecha eta Vanmarcke. Hiru indartsuenak.

Handik aurrerakoa bere zailean errazagoa izan zen Booneni esker. Esprinta goizegi hasita ez zen ohartu Vanmarckeri klasikoen oskarretako bat jasotzeko alfonbra gorria ari zitzaiola zabaltzen.

Xabier Usabiaga: ‘Txirrindularitza britaniarra: ereindako haziaren fruitua’

Hamaika aipu egin dugu australiarren inguruan azken urtotan, haiek izan duten bilakaera mundu guztiak ezagutzen du jada. Motibuak eman dituzte, egia esan. Hainbeste australiarrek ez dute inoiz hainbeste emaitza on lortu, eta are gutxiago Munduko Txapelketa edota Frantziako Tourra irabazi. Sekula ez dute Down Under itzuliaren parekorik izan eta GreenEdge taldearen parekoren bat izatea amets hutsa zen orain gutxirarte. Laudorio bakar bat ere ez da dohan emandakoa, denak ondo baino hobeto mereziak dira.

millar

Robert Millar

Australiarrak aintzat hartzeak ordea, beharbada britaniarrak ahantz araztea eragin du, haiek ere ez baitira oraintsu arte sailean nabarmendu zaleak izan. Beti izan dira ziklista onak irla haietan. Tom Simpsonen balentriak eta heriotza bitxiak mundu osoa zeharkatu zuen, Sean Kelly eta Stephan Roche irlandarrek historia egin zuten, Robert Millar eskoziarrak hegan mendateetan gora eta orain urte batzuk arte tropelean zen Chris Boarman beti garaiz heltzen zen erlojupekoetan. Haiei guztiei gainera patuak emigrazioa behartu zien, Frantziara joan behar izan zuten euren herrialdeetan ez zegoelako behar bezalako bilakaera izateko azpiegiturarik.

Gauzak ordea erabat irauli dira, zorionez. Neurri batean Manchesterren sortu zuten goi mailako txirrindularitza zentruari esker gertatu da hori, baina Lance Armstrongen arrakastak herrialde anglosaxoietan izan duen eraginak ere berea egin duela esango nuke. Aipatu zentrutik atera dira egungo ziklistarik behinenak. Oraindik ez daukate goi mailako lasterketarik, baina bestelakoan inbidia eragiteko moduko ezaugarriak dituzte. Tourreko podiuma helburu duen ziklista bat izan badute, Bradley Wiggins. Mark Cavendish egungo Munduko Txapelduna da esprintetako erregea eta beste talde askok imitatu nahi duten taldea ere badute, Sky, alegia.

bradley_wiggins2_1488663c

Bradley Wiggins

Baina akats larria litzateke zuhaitz horien atzean dagoen basoari ez erreparatzea. Txirrindularitza britaniarra hori baino askoz gehiago da, batez ere etorkizuna da. Hala erakusten du denboraldi hasiera honek. Andrew Fennek bi etapa irabazi ditu Mallorcan, eta Cavendishen ikasle aparta dela erakutsi du. 21 urte baino ez ditu, atera kontuak zein etorkizun izan lezakeen. Adam Blythe, bigarren izan da Qatargo etapa batean Boonenen atzetik eta 22 urterekin hiru daramatza elitean. Baina ustekabeko nagusia Jonathan Tiernan-Lockek eman du Mediterraneoko itzulia irabazita. Bi etapa ere irabazi zituen. Gaztaroan mendi bizikletan ibili zen eta ume bat izan ez arren (27 urte ditu) bilakaera polita izan lezakeela erakutsi du Frantzian.

Bada gehiago, jakina. Chris Froome (britaniar herrialdetasuna dauka), Geraint Thomas eta Ben Swiftek ziur aurten ere arrakastaren bat lortuko dutela eta eginkizun horretan murgilduko dira lan betean Alex Dowsett, Jeremy Hunt, Peter Kennaug edota Luke Rowe. Euretatik inork ez du euren aurrekoen kalapitarik pasa behar izan, egun txirrindularitza britaniarrak oinarri sendoa baitu eta ereindako haziaren fruituak jasotzen ari dira.

Xabier Euzkitze: ‘Amets Urrutia’

Amets Urrutia

Bizitzaren edozein alorretan ere oso zail gertatzen da gorenera iristea. Lan asko bakarrik ez, aparteko dohain bat ere behar izaten da horretarako, inon ikas eta eros ez daitekeena: berezkoa. Denak bazituen, baditu, Migel Mari Urrutiak. Halere, erremontea utzi eta Mexikora joatea erabaki du, emaztearen familiak egin dion lan eskaintzari baiezkoa emanik. Galarretan lehen partidak jokatzen dituztenek miraz eta inbidiaz begiratu izan diote, eta haiei kosta egingo zaie Saldiastarraren erabakia ulertzea. Baina bai, buruz buru zein atzelari gisa hainbeste distira duen izar handia itsasoaren beste aldera doa, herri txiki batetik munduko hiririk handienera. Aldaketa bortitza, inondik ere.

Erabaki ausart hori edonork ulertuko zukeen kirolari bizitzaren hondarrean hartua izan balitz, erremontista gisa egin beharrekoak eginak balitu. Migel Marik 28 urte besterik ez du, ordea. Sasoirik hoberenean deliberamendu hori hartzeko, espezialitate eder hori bizi izaten ari den krisiari erreparatu beharra dago, ezbairik gabe. Egoera ekonomiko orokorrak nabarmen erasan dio erremonteari. Oriamendi enpresa ahalegin guztiak eta bi egiten ari da, jende gehixeago erakartzea lortu du, baina apustuek ez sinesteko beherakada izan dute, eta horiek ez dira edozein moduz lehenera etorriko. Erdira etorrita ere!

Testuinguru horretan, Urrutia urrutira doa. Bi saski daramatza, badaezpada. Izan ere, Migel Marik ongi daki munduak egunero bira oso bat ematen duela eta, zer gerta ere, itzulerako aterik ez du itxi nahi. Erremontezaleek nabarituko dute pilotari bikain eta mutil zoragarri horrek utziko duen hutsune handia. Hutsuneak hutsune, denek opa diote gauzak ongi joan dakizkiola, hartutako erabakiaz damutu beharrik ez dezala izan. Eta damutuko balitz, beti geratuko zaio Galarreta.

Xabier Euzkitze

Xabier Usabiaga: ‘Ulergaitza, bidegabea eta berantiarra’

Inork ez zuen espero. Alberto Contadorrari bi urteko zigorra ezarri diote dopinagatik. Egun tristea da ziklismoarentzat. Hala esan dute denek, baita UCI-k ere. Eta inor ez da poztu, ez Andy Schleck, ofizialki 2010eko Tourreko garailea, ez-eta Michele Scarponi ere, aurrerantzen 2011ko Giroko garaile gisa agertuko dena.

Alberto Contador
Alberto Contador

Erabakia bidegabea da epai mahaiak berak onartu duelako ezin izan dutela dopina frogatutzat eman. Orduan, zergatik zigortu dute? Pentsatzen dut kopuru hutsala izanagatik, bere gernuan Clembuterola aurkitu zutelako zigortuko zutela. Baina, topatutako kopuru nimiño hori dopina al da?. Jo dezagun dopinaren definiziora: “Errendimendua hobetzen duen edozein sustantzia edo metodo artifizial”. Prozesu luzeegi honetan argi eta garbi frogatu da kopuru horrek ez duela inolako onurarik eragiten errendimenduan. Orduan, dopina al da? Definizioa hitzez hitz aintzat hartuta, ez. Eta hori horrela izanik, pentsaten nuen errugabe jotzeaz gain zaharkituta dagoen dopin arautegia eguneratzeko balioko zuela kasu honek. Hau da, egungo atzemate sistemek, onurarik eragiten ez duten kopuruak ere atzematen dituzte, beraz, kualitatea baino kuantitatea jo beharko litzateke positibotzat, hots, hobekuntza hasten den kopurutik gora. Bada, alferrik izan da, arautegia eguneratzeko aukerari bizkar eman zaio.

Erabakia ulergaitza da, izan badirelako errugabe jo dituzten aurrekariak, Contadorri atzeman zioten kopurua baino handiagoa atzemandakoak gainera. Eta ulergaitza da 2012ko Abuztuan korritzen hasteko baimena ematea ere. Zer dela-eta hori? Contador 7 hilabetez bakarrik egon zen korritu gabe, 2010eko Abuztutik iazko Otsailera. Geroztik arazorik gabe korritu du, beraz, ez du inolako zigorrik bete. Zertara dator orduan garai horretan lortu dituen emaitzak baliogabetzea bainan zigorra bete izan balu bezala kontatzea? Eta prozesuak 2012ko Abuzturarte iraun izan balu? Berehala hasi al zitekeen korritzen? Kasu horretan zein zigor beteko zuen? Ulergaitza da. Uste dut Abuztuan korritzeko aukera ematearekin berez bidegabea den erabakia zuritu nahi izan dutela, arindu.

Eta berantiarra da ez delako bidezkoa horrelako prozesuek hain luze jotzea. Errugabea bada, gerora etor litezkeen ondorioei beldurrik gabe korritu behar du txirrindulariak. Errudun bada, ezin du korritu, hori merezi du lehiaren gardentasunak eta kirolaren sinesgarritasunak. Badakit oso zaila izango dela prozesu konplikatu hauen ebazpena azkartzea. Batzuetan erakundeek behar izaten dute denbora, beste batzuetan kirolariek eskatzen dituzte luzapenak argudioak behar bezala janzteko, baina baterako zein besterako epeak laburtuz gero, azken erabakia lehenago helduko litzateke. Nola edo hala, behar beharrezkoa da prozesuak azkartzea.

Contador aurki itzuliko da eta garaipenak lehen bezala lortuko ditu, asko eta garrantzitsuak. Bere lorpen bakoitzak lotsagarri utziko du bere kontra hartu den ebazpen bidegabe hau.