Daily Archives: 17 January, 2012

Xabier Usabiaga: ‘Zdenek Stybarren beldur dira flandestarrak’

Ematen duenez Zdenek Stybarrek flandestarren festa zapuztu nahi du Koksijden (Flandria) hilaren amaieran jokatuko den Munduko Txapelketan. Lortuko balu hirugarrenez jarraian erdietsiko luke titulua, egungo txapelduna izateaz gain 2010ean ere bera gailendu baitzen. Baina hori guztia ikusteke dago.

Lievinen (Frantzia) igandean irabazi zuen probak erakutsi du denboraldiko sasoirik onenean dagoela. Errepideko abiadura baliatuz sasoi hasieran hiru karrera irabazi zituen (Stribro, Baden eta Ardooie). Ondoren txukun jarraitu zuen, garaipenik ez baina postu politak lortuz, beti lehiakor. Hamme-Zoggeko lasterketan gainera, azaroaren 11an, Nys eta Kevin Pauwels menderatu zituen. Hura zen garaipenik onena igandekoa lortu arte, baina bi hilabete paseak ziren hartatik, eta geroztik pattal ibiltzeaz gain, bere zaleei barkarmena ere eskatu behar izan zien oso emaitza kaskar eta ulergaitzak izateagatik.

Baina Munduko Txapelketa gerturatzearekin batera egoera irauli egin da. Stybarrek karrera irabazi dezakeela erakutsi du. Igandera arte bazirudien Munduko Txapelketa, etxean jokatzen dutelarik are gehiago gainera, flandestarren kontua izango zela soilik. Zehatzago esanda Sven Nys, Niels Albert eta Kevin Pauwelsena, Mourey frantziarra edo beste bakarren bat kenduta, beste parte hartzaile guztiak ez dira arestian aipaturikoen itzalera ere gerturatzen-eta. Flandestarrei ordea harri kozkor bat sartu zaie oinetakoan. Stybar plaza gizona da Munduko Txapelketan. Birritan izan zen txapeldun Sub-23 mailan, eta beste hainbat alditan Elite mailan, azken bi urtetan urrutira gabe.

Hirugarrenez gailentzea lortuko balu Roland Liboton handiaren marka berdinduko luke, hark 1982an, 1983an eta 1984an irabazi zuenetik beste inork ez du beste horrenbeste egin. Mario De Clercq, Erwin Vervecken eta Bart Wellensek bi bai baina hirugarrena lortzeko helburuan kale egin zuten.

Stybarrek esan duenez aurtengo denboralditik aurrera errepidean jardungo du buru belarri. Bada, hirugarrenez jarraian Munduko Txapeldun izatea agur esateko modurik bikainena litzateke.