Daily Archives: 12 January, 2012

Xabier Usabiaga: ‘Arrakastaren formula’

Aurtengo Espainiako Vueltaren ibilbidea aurkeztu dute eta uste dut ikuskizuna ziurtatzeko formula topatu dutela antolatzaileek. Egia esan, aurrena Giroan eta ondoren Vueltan bertan izan duten ereduan sakondu dute.

Bakarkako erlojupeko bakarra izango da, hura 40 kilometrokoa. Mendatean, aldiz, 10 amaiera, baina benetako etapa menditsuak 4 izango dira (Ancares, Covadonga, Cuitu Negro eta Bola del Mundo). Itxura batean oso eskalatzaileentzako itzulia da. Hala da, baina ez da datuek erakusten duten bezain desorekatua (1-10en kontra), erlojupekoetan mendateetan baino askoz diferentzia handiagoak egiten baitira, salbuespenak salbuespen. Jakina, erlojupeko espezialista peto handiek (Tony Martin, Fabian Cancellara, Bradley Wiggins, David Millar….) ezin dute gero eskalaitzeen parean ibili mendateetan, baina azken hauetako batzuen artean diferentziak ikaragarriak dira eta karrera erlojupekoetan ondo ibiltzen diren eskalatzaile horien menera gelditzen da soilik. Datuek hala erakusten dute, argi eta garbi gainera.

Horregatik guztiagatik, uste dut etapa amaierako mendate motz tente horiek sailkapenean eraginkortasun gutxi baina karreran bizitasun asko dutela, eta nago, benetako etapa menditsuen eta erlojupekoaren artean oreka logikoa dagoela. Izatez, erlojupekoen aldekoa naiz. Bakarkako proban baino hobeto ez dira inon ikusten ziklista baten berezko dohai fisiko, tekniko eta psikologikoak, baina mendateetako orpoz orpoko lehia biziaren aldean, proba gogaikarria da. Hala pentsatu bide du jende gehienak.

Gero, betikoa, lasterketaren handia edo txikia, ikusgarria edo arlotea, ziklisten esku dago, euren lanerako eta arriskurako borondatearen baitakoa da, baina ibilbideak behintzat arrakasta izateko gonbitea eginda utzi du.