Hazia ereiten hasi da Txinan

Beijingo Itzulia hasi da eta lehen etapa Tony Martin alemaniarrak irabazi du erlojupekoan, espezialitate horretako Munduko Txapeldunak. Datuak ez dauka aparteko garrantziarik, Martin egungo espezialistarik onenetarikoa baita diziplina horretan, onena ez bada. Proba bera da esanguratsua. Batetik globalizazioaren adibide izateaz gain, helburu horretan beste urrats bat delako. Eta bestetik, oraintsu arte ezin ikusirik egon diren UCI-ren eta ASO-ren arteko ezkontza erakusten duelako.

Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak aspaldi hartu zuen ziklismoa Munduko txoko askotara eramateko helburua. Australiatik hasi ziren, eta emaitza bikainak jaso ditu. Munduko harrobirik onenetarikoa da, goi mailako taldea sortu berri dute eta Pro Tourreko lasterketa bat ere badute bertan. Orain Txinara jo dute, arrazoi askogatik. Txinatarrek ziklismoa aintzat hartzen badute aurki izango dituzte goi mailako ziklistak. Beste kirol askotan lortu dute hori. Bigarrenik, hango merkatuak ez dauka ia mugarik. Eta hirugarrenik, ziklismoaren sustengu nagusia enpresak direnez, Txina da egun krisia sufritzen ari ez den ia herrialde bakarra, beraz, sosak han daude eta mundura zabaldu nahi duten enpresak ere bai. Horrek guztiak, emaitzak ekarri beharko lituzke berandu baino lehen.

Eta UCIren eta ASOren (Tourra antolatzen duen enpresa) arteko ezinikusiak desagertu dira. UCI-k men egin dio beste behin Tourreko ahalmen ekonomikoari eta orain eskutik helduta dabiltza. Lasterketa ASO-k antolatzen du eta UCI-k World Tourreko maila eman dio, erabaki egokia bien helburuak betetzeko. ASO-k dirua eta UCI-k ziklismoa zabaltzea.

One thought on “Hazia ereiten hasi da Txinan

  1. Pingback: Corresponsales de EITB » ¿El Tour de qué?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude