Monthly Archives: October 2011

Ustekabekoz beteriko urtea

Lombardiako Giroak ustekabekoz beteriko urteari eman dio amaiera eta hori berez ez da kaltegarria. Gainera, urteko azken karrera garrantzitsua bera izan da handienetarikoa. Oliver Zaugg suitzarrak irabazi du, profesionaletan zortzi urte eramanagatik oraindik estreinatzeko zegoen ziklista eta, zinez bitxia da,- izango ez da ba-, estreinua ziklismoaren monumentuetako batean egitea.

Oliver Zaugg

Oliver Zaugg

Eta monumentuak izan dira, hain justu, ustekabeko askoren lekuko. Philippe Gilbertek irabazi zuen Liege-Bastogne-Liege ez beste guztietan pronostikoak ez ziren bete. Ez Milano-San Remon, non Matthew Goss gailendu zen; ez Flandrian, Nick Nuyesek irabaziko zuenik berak ere ez zuelako pentsatuko; eta are gutxiago Roubaixen, Johan Vansummeren beti bezala besteren mesedetan aritzeko eginkizunarekin zelako. Logikoa denez denen ahotan Cancellara, Boonen, Freire, Cavendish, Hushovd, Chavanel, Ballan, Flecha….eta abar ibili ziren, eta maila onean jardun arren haietako inork ez du klasiko handirik irabazi. Cavendish da salbuespena, ortzadarra lortu du-eta.

Eta itzuli handietan beste horrenbeste gertatu da. Giroan bakarrik bete ziren aurreikuspenak. Contadorrek irabazi zuen, sasoi betean dagoen kasu guztietan egiten duen moduan. Tourra Evansentzat izan zen, behingoz ikasi baitzuen uztailera gainzamarik gabe heltzea ezinbestekoa dela. Horrekin batera Contadorrek Giroa korritu izana eta Schlecktarrak haren kontra itsutu izanak ere lagundu zion, jakina. Baina aho bete hortz gelditzeko moduako gertaera Espainaiako itzulian bizi izan da berriki. Bi hilabete lehenago bizikleta uztekotan zebilen ziklista gailendu alajaina. Horrelako gauzak ditu Juanjo Cobok.

Ustekabekoak handiak eta ugariak izan diren arren, 2011 Philippe Gilberten urtea izan da. Bere garaipen bakoitza arte lana izan da.

Hazia ereiten hasi da Txinan

Beijingo Itzulia hasi da eta lehen etapa Tony Martin alemaniarrak irabazi du erlojupekoan, espezialitate horretako Munduko Txapeldunak. Datuak ez dauka aparteko garrantziarik, Martin egungo espezialistarik onenetarikoa baita diziplina horretan, onena ez bada. Proba bera da esanguratsua. Batetik globalizazioaren adibide izateaz gain, helburu horretan beste urrats bat delako. Eta bestetik, oraintsu arte ezin ikusirik egon diren UCI-ren eta ASO-ren arteko ezkontza erakusten duelako.

Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak aspaldi hartu zuen ziklismoa Munduko txoko askotara eramateko helburua. Australiatik hasi ziren, eta emaitza bikainak jaso ditu. Munduko harrobirik onenetarikoa da, goi mailako taldea sortu berri dute eta Pro Tourreko lasterketa bat ere badute bertan. Orain Txinara jo dute, arrazoi askogatik. Txinatarrek ziklismoa aintzat hartzen badute aurki izango dituzte goi mailako ziklistak. Beste kirol askotan lortu dute hori. Bigarrenik, hango merkatuak ez dauka ia mugarik. Eta hirugarrenik, ziklismoaren sustengu nagusia enpresak direnez, Txina da egun krisia sufritzen ari ez den ia herrialde bakarra, beraz, sosak han daude eta mundura zabaldu nahi duten enpresak ere bai. Horrek guztiak, emaitzak ekarri beharko lituzke berandu baino lehen.

Eta UCIren eta ASOren (Tourra antolatzen duen enpresa) arteko ezinikusiak desagertu dira. UCI-k men egin dio beste behin Tourreko ahalmen ekonomikoari eta orain eskutik helduta dabiltza. Lasterketa ASO-k antolatzen du eta UCI-k World Tourreko maila eman dio, erabaki egokia bien helburuak betetzeko. ASO-k dirua eta UCI-k ziklismoa zabaltzea.