Aldaketaren beste datu bat

Asteon Copenaguen jokatu diren Munduko Txapelketek nire ustez bi ondorio garbi utzi dituzte. Batetik, ibilbide hori gozoegia zen Munduko Txapelketa batentzat. Eta, bigarrena, datu interesgarriak utzi ditu ziklismoaren agintean eman den aldaketa baieztatzeko.

Ez nago esprintean amaitzen diren lasterkete kontra, baina bai erraztasun gehiegi ematearen alde. Nik uste muino gehiago edo gogorregoekin ere ez zela erraza izango esprinta sahiestea, baina gutxienez, azken metroetako lehian ezer gutxi egiteko aukera dutenek beste bideren bat jorratuko zuten eta, hala, lasterketa ikusgarriagoa izango zen. Hori bai esprintean amaituta, espezialitate horri ohore ondoen egingo dion ziklista gailendu zen, historia egiten ari den txirrindularia.

Eman diezaiegun orain gainbegiratua dominei. Britania Handiak lortu ditu gehien, sei. Ondoren Australiak eta Alemaniak, bosna. Hiruna, Frantziak eta Danimarkak, eta bina Belgikak, Zelanda Berriak eta Holandak. Suitzak eta Italiak, bat baino ez. Italia, garai bateko ahalguztidunak, bakarra. Emaitza hau pentsaezina zen orain urte asko ez dela eta ziklismoak bizi duen globalizazioaren isla garbia da. Egoera hau ni gertaerak eragin dute, nire aburuz. Batetik UCIk, azken urteetan ziklismoa Europatik kanpo eramateko apustu garbia egin duelako, eta, bestetik, Lance Armstrong estatu batuarraren arrakastak. Amerikarrak, mundu anglosajoira helarazi du kirol hau. Orduarte, abentura zale batzuen amets eroa baino ez zen, Phil Anderson, Robert Millar, Chris Boardman, Steve Bauer, Kelly, Roche, eta Lemondek kanpotarrentzat mugak itxita zituen Europara joan behar izan zuten babak heltzetik ateratzeko.

Egun, Australian zein Britania Handian gazteen formakuntzarako egitura sendoak dituzte; goi mailako lasterketak, eta baita Munduko Txapelketa hau ikusi duten umeen amets bihurtu diren txirrindulari eta taldeak ere.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *