Frantziako Tourra azken urteetan ziklismoak hartu duen bide berriaren lekuko izan da, ziklismo berriaren agertoki. Sinesgarritasuna berreskuratzeko hartutako norabidean urrats erabakigarria egin duen ziklismoa izan da aurtengoa, globalizazioaren ordezkaria, Frantziaren errekuperazioarena, liderren txirrindularitza, ez zitalkeriz agintzen duten taldeena. Naturaren legeak inoiz baino gehiago errespetatzen dituen ziklismoa bizi izan da.

Australiar batek irabaztea albiste pozgarria da, herrialde horri elitean finkatzeko aukera emango dio-eta. Denboraldi hasieran zikista australiarrak puri-purian egon ziren, bai garaipen kopuruagatik bai haien kalitateagatik ere. Cadel Evansen garaipenak hura guztia berresten du. 80.hamarkadan Australiak tantaka baino ez zuen eskaintzen hango ziklisten talentua. Geroxeago, 90.hamarkadan, sailean etortzen hasi ziren eta orain goia jo dute Evansekin, ekinaren ekinez azkenean berea egin duen ziklistarekin, alegia.
Australiak ziklista oso onak ditu, Pro Tourreko karrera bat ere badu, elitean iraun nahi duen talde baten egitasmoa gauzatzen ari da eta Tourreko garailea ere eurek dute orain. Historia egin duen ziklista da gainera Evans. Bera izan zen Munduko Txapelketa irabazi zuen lehen australiarra, lorpen berdina erdietsi du Tourrean eta gainera, bigarren Mundu Gerraz geroztik gailendu den ziklistarik zaharrena da.

Frantzia ere zorioneko dago. Thomas Voecklerrek, Pierre Rollandek eta beste batzuek garai batean zuen prestigiora gerturatu dute. Bi ziklista hamarren barruan saikatu dira, bost aurreneko 15etan. 1991az geroztik ez zuten hain emaitza onik lortu. 20 urte joan dira, erraz esaten da. Voecklerrekin gainera podiumaren lehian ibili dira eta Galibierren gora petraldutako ume baten moduan jokatu iza ez balu, berak ere amesten ez zuen balentriaz gozatzen arituko zen. Pierre Rollandek Alpe D’Huezen irabazi izanak (orain hurrena Bernard Hinaultek irabazi zuen orain 26 urte, pentsa), bere 11. postuak eta gazteen elastiko zuriak depresioak jota denbora gehiegi egon den lurraldeak behar zuen itxaropen printza ekarri du.

Liderren ziklismoa ere ikusi dugu, batez ere Alpeetan. Lider bakoitzak bere kabuz atera behar izan ditu eltzetik babak une erabakigarrietan, aurten inoiz baino gutxiago babestu dira euren taldekideen aterpean. Andy Schleckek Izoarden gora joa zuenean, Evansek bere kabuz erantzun behar izan zion Galibierren. Biharamonean Contadorrek jo zuenean, Schleckek, Voecklerrek eta Evansek erantzun zuten, ez euren taldekideek. Etapa gogoangarriak izan ziren, jendeak nahi duen ziklismoa.

Eta inoiz baino ziklismo naturalagoa ere izan da. Egun inor ez dago gorputzak ohiko dituen gorabeheretatik salbuetsita. Denek sufritu dute pattalaldiren bat, Evansek gutxien eta horregatik irabazi du. Eta horregatik gelditu da argi eta garbi egun ia ezinezkoa dela Giroa eta Tourra urte berean uztartzea. Contadorrek egin ez badu, ez du tropel horretako beste inork egingo. Giroan berarekin bateratsu ibili zirenen aldean oso ondo ibili da madrildarra. Giroan 4. izan zen Gadret frantziarra; Tourrean berehala erretiratu zen. Kreuziger 6. izan zen Italian; Frantzian ez du ia protagonismorik izan. Eta Tiralongok etapa bat irabazi zuen Giroan; Tourra pott eginda utzi zuen. Eroriko eta guzti Contadorrek oso maila onean jardun du eta azkena arte podiuma ez ezik garaipena ere izan du helburu. Bere maila fisikoa ez da bete betekoa izan, baina txapeldun izaeraren arrastoa ondo zizelkatuta utzi du beste behin.

View Comments

  • Ideia interesgarriak emateaz gain, dotore azaltzen dituzu bai ahoz hala idatzita; beti hartzen ditut bada zure hitzak aintzat. Artikulu honetan ere arrazoi bikainak plazaratu dituzu, haatik, iruzkin hau jarri badut erdarazko bertsioa (euskarazkoa bezain egokia) irakurri eta hark erantzun bat zuela konturatuta jatorrizko testutzat dudan honek beste horrenbeste merezi duela pentsatu dudalako izan da. Bidebatez, txirrindularitza eta bertako gorabeherak jendarteratzerakoan euskaraz gozatzea (zailtasuna gabe aukera erraz eta joria dela helaraztea) eta entzuleok aberastasun horrekin saritzea eskertu nahi nieke batik bat zuri eta EITBko kirol esatari guztiei. Eutsi horri!

  • arrixkatzen duenak hanka sartzen du. Tourreko emanaldietan aurten sasoitik at egon zeratela asko entzun det inguruan, baina ez det uste gutarik inork zuek ikusteaz utziko duenik. Oso emanaldi onak egiten dituzue Xabier ta guk asko jarraitzen dugu taldean.

    Komentarioetako bat, akaso gogoratuko zera, Mikel Arana Gipuzkoako Voeckler zela esan nuenekoa da. Ez nuen uste Pedro Marik kasu egingo zuenik, baina apustua nuen klubeko korredore batekin ta nik irabazi.

    Egindako sarreraren inguruan, erabat ados nago eta berri pozgarria da. Pierre Rollanden inguruan susmoak sortu zaizkit hala ere Bernard Kohl gogorarazi baitzidan, urte on bat ondoren desagertu eta bapatean kriston Tourra egin baitzuen.

    burgoseko itzulian izango zaitugu?

Share
Published by

Recent Posts

Otsailak 1-2, asteburuko atletismo agenda

Hementxe hurrengo asteburuko atletismo frogak: OTSAILAK 1 - LARUNBATA: X. CROSS DE SAN BLAS DE…

10 years ago

Nibali da patroia

Bradley Wigginsen zain geunden arren Vicenzo Nibali da Giroko patroia. Errazegi eman genion garaipena Sky…

11 years ago

Onak beti itzultzen dira

Denbora da Thomas Lofvkist, Mediterraneoko itzulia irabazi berri duen ziklista suediarra begiz jo nuela. 2003a…

11 years ago

Puerto Afera, galdutako epaiketa

Egunotan mundu erdiko zirko mediatikoa Puerto Afereko inputatuen inguruan dabil, euretakoren batek esan zuen moduan…

11 years ago

Lance Armstrong biktima da

Ziklismoaren urrezko panpina apurtu da. Askoren jainkoa hil da eta orain, azkenean, egia aitortu duela-eta…

11 years ago

2012 lasterketa urteari errepasoa kartelen bidez

Lasterketak.com-en, 2012. urteari errepasoa egiteko, ondoko bideoa prestatu dugu lasterketen karteletan oinarrituta. Espero dugu zuen…

11 years ago