Daily Archives: 17 July, 2011

Erantzun gabeko galderak

Tour hau ikusminaren Tourra edo galdera ikurrez beteriko Tour gisa bataiatu nuen. Ikusteke zegoela, alegia, Alberto Contadorrek nola erantzungo zuen Giroaren ostean. Ikusteke Andy Schlecken Suitzako itzuliko sasoi pattalak zenbat egingo zuen gora, eta ikusteke beste hautagi askok nola egiten zien aurre euren seguratasun ezari. Bada, galderek hor jarraitzen dute, ezer gutxi erantzun dute ziklistek. Garbiena beharbada Contador, hasieran batean hautagai nagusia, Giroko zama antzematen ari dela da, hori bai duintasunez darama, goiko postuetan eta, zamak zama, inor baino gutxiago ez dela erakutsiz. Lehen aste kokapen txarragatik izandako atzerapenik izan ez balu, beste egoera batean legoke.

Pirinioek ere ez dute ezer asko argitu. Ondorio nagusiak hauek direla esango nuke. Batetik parekotasuna, eta horrek hil egin du ikuskizuna. Jendea beldurrez dago, ez dute ziurtasunik inor menderatzeko, eta ez galtzearen filosofia nagusitu da. Bestetik, ustekabean Thomas Voeckler faboritoen zerrendan kokatu behar dugu. Onenaren pare dabil eta abantaila du sailkapenean. Seguru nago azken garaipena lor lezakeela sinestuta dabilela eta maila honetan jarraitzen badu lor lezake. Eta, hirugarrenik, uste dut azken urteetako Tourrik ahulena dela kirol mailaz, hainbeste frantziar aurrean ibiltzeak adieraziko luke hori, baina bestalde, herrialde hori azken urteetan erakusten ari den bilakaeraren lekuko ere izan liteke. Hala ere, uste dut, Contadorrik onenak airean irabaziko lukeela lehia hau.