Daily Archives: 11 July, 2011

Leoparden joko haustzailea

Beharbada zahartzen ari naizelako izango da baina Tour honetan ikusten ari naizen zenbait gertaerekin haserre nago. Ez dut ulertzen zenbait taldek hartzen duten jokabidea, eta azken bi egunotan Leopard-Trekena iruditu zait kritikagarria. Larunbatean Andy Schleckek Alberto Contadorren gurpila zaindu eta jarraitzea beste eginkizunik ez zuen hartu. Onartzen dut Schleckek Contadorren erasoari kontraerasoa jotzeko indarrik ez bazuen ez mugitzea, baina ziklista batek jokabide haustzailea hartzen duenean bere handitasunaren zati bat ere galdu egiten du.

Hala ere salagarriagoa iruditzen zait gaurko etapan egin dutena. Karrera zorgarria ikusi bidean ginen. Ihesaldi batean Flecha, Luis Leon Sanchez, Voeckler, Casar (Tourreko 7 etapa garaipen euren hanketan) eta Hoogerland diren orotan, eta atzean Omegak eta Garminek, bakoitzak bere interesa defendatzen duelarik (Omegak etapa, Garminek lidertza) , goi mailako ziklismoa ziurtaturik dago. Baina etaparen bizia Leopard-Trek taldeak ebaki du neurri batean. Mendate bat jaisten izan den zoritxarreko erori baten ondorioz (Vinokourov, Van den Broeck eta Txurruka erretiratu dira, besteak beste), tropela gelditu egin da hein batean Leopardeko ziklistek eragin duten presioaren ondorioz. Litekeena da atzean gelditu diren kideen zain egotea, edo baliteke errepide kaskarrengatik protesta moduko bat izatea, baina jokoan ezer ez dagoenean erraza da horrelako erabakiak hartzea. Omegak eta Garminek ordea asko zuten jokoan. Omegak Gilbertentzat oso egokia zen etapa, eta Garminek Hushoven lidertza.

Geldialdiaren ondorioz, hiru minutu eta erdiko tartea, zazpi eta erdira igo da bapatean eta hantxe joan zaizkie pikutara aukera guztiak Garmini eta Omegari. Leopardek eragin du neurri handi batean haien kaltea, baina konpondiea jartzeko ahaleginean zirkinik ere ez dute egin.