Daily Archives: 5 July, 2011

Wouter Weylandek badu bere garaipena

Ez nioke zauriari gatzik bota nahi, baina gaur Saxo Bankek izan duen jokabideak erakutsi du lehen egunean egin zitzaizkion kritikek bazutela oinarririk. Riisen mutilak gaur tropel buruan ibili dira une oro, baita helmugara 100 kilometrotik gora falta zirenean ere. Alberto Contadorrek behar duen kokapen egokia eta babesa izan du gaur. Talde sendoagoen inbidiarik gabeko lana burutu dute eta, galerak galera, irakasgaia ikasi dute behintzat, berriz gerta ez dadin.

Bestelakoan Tyler Farrarren Tourreko estreinaldia erraztu duen gertaera aipatuko nuke. Talde guztiak egin du lan bikaina, baina batez ere Thor Hushovdena azpimarratuko dut. Batetik ziklismoak izan duen aldaketaren berri ematen duelako. Garai bateko ziklismoan ezinezkoa litzateke Munduko Txapelduna, eta are gutxiago Tourreko lider izanda, beste inorentzat lanean ikustea. Bere estatusaren aurkako erasotzat hartuko litzateke, tituluari errespetorik eza. Hushovd ordea ez du lotsatzen morrontza lanean aritzeak. Lana, bikain egin du gainera, eta ez diot Farrar garaipenaren ahoko zuloan utzi duelako, eginkizun hori Julian Deanek izan du beste behin, baizik eta azken bihurgunearen ostean eragin duen bizkortzearen ondorioz tropel buruan etena eragin eta Mark Cavendish jokoz kanpo utzi duelako. Garaipenaren erdia lortuta zegoen. Handik aurera Farrarek patuarekiko zorrak kitatu eta bere lagunmin Wouter Weylandi garaipena eskaintzea beste zereginik ez du izan.