Daily Archives: 3 July, 2011

Kokapena

Tourreko sailkapen nagusia helburu duten bi ziklistek denbora galera nabarmena izan dute Tour hasiera honetan. Egoera horrek amesgaizto bat baino gehiago eragingo dizkie. Biak ala biak espainiarrak dira, bat Euskaltelgoa gainera, Samuel Sanchez. Bestea Tourra irabazteko faborito nagusia: Alberto Contador. Lehen etapan, helmugarako 9 kilometro faltan izan zen eroriko batek eragin zuen denbora galera (1’20’’koa). Gaur jokatu den taldekako erlojupekoak okertu egin du gainera euren bien egoera. Contador ia bi minutura dago; Samuel ia hirura. Ez da oztopo gaindiezina izango, baina euren ibili eta helburuak baldintzatuko dituena bai.

Lehen egunean izan zuten galera euren errua izan zen neurri batean, ondo kokatuta ez ibiltzeagatik. Zorteak ere izan zuen zerikusirik, bai, baina deigarria da zorte txarrak okerren kokatuta zeuden bi ziklista baino ez kolpatzea. Ondo kokatuta zihoazenak, tropel buru buruan alegia, ez ziren erorikoan eten. Beste faborito guztiek, berriro diot, guztiek, aurrera egin zuten. Beraz, ez da zorte kontua bakarrik, kokapen kontua da batez ere, eroriko gehienak tropel erditik atzera izaten dute-eta eragina. Egia da aurre aurrean ibiltzeak ez duela ehuneko ehunean erorien arriskua sahiesten, hori atzo ere ikusi zen, baina arriskua txikiagoa da, horregatik nahi izaten dute denek han joan, han joan behar delako. Baina behar hori ez zuten ondo bete ez Contadorrek eta ez Samuelek. Etapa osoa eman genuen, eta faborito guztiak ikusi nituen tropel buruan. Contador eta Samuel ez, eta askotan errepikatu nuen gainera datu hori, ez genituela ikusten. Horrek ere adierazten du inoiz ez zutela kokapen egokirik izan, bestela, uneren batean sikiera, ikusiko genituen.

Hutsegitea gainera ez zen eurena bakarrik izan, baita euren taldeena ere. Contador etenda gelditu zenean gizon bakarra zuen aldamenean. Samuelek antzera. Beste taldeak, sailean ikusi genituen beti, euren liderra babesean hartuta. Saxo Bank eta Euskaltel ez, inoiz ez. Akats hori larrutik ordaindu dezakete.