Lars Boom, espezialista

Batzuetan ez da batere erraza gertatzen espezialista zer den definitzea. Edo zehatzago esanda ziklista bat espezialitate jakin batean kokatzea. Adibidez, Alberto Contador zer da, igotzailea ala erlojupeko espezialista?. Eta, Lance Armstrong zer zen? eta Eddy Merckx?. Horietako edonor, eta beste asko berdin, edozein esparrutan kokatu genezake, mendian bezain ondo ibiltzen baitira erlojuaren aurka, baina izatez Contador igotzailea dela esango nuke, bere gorputz arinak, pedalkolpe biziak, erritmo aldaketa bortitzak, erresistentziak eta beste ezaugarri batzuek hala erakusten dute. Eta aitzitik, Fabian Cancellara, Brad Wiggins, Zabriskie, Millar edota Tony Martin erlojupeko espezialistak dira, nahiz eta batzuetan igotzaileen pare edo are hobeto ibili. Badira igotzaile peto petoak ere eta ez daukagu urrutira joan behar haien bila, etxean ditugu onenetarikoak: Igor Anton eta Mikel Nieve.

Espezialitateen multzo horietan, beste azpimultzo batzuk ere egin daitezke eta horietako batean, distantzia laburreko erlojpekoetan trebatu da Lars Boom, Dauphine Libereko aitzin etapako garailea. Erlojupekoan ondo moldatzen da, baina batikbat distantzia motzetan. Luzerak gora egin ahala berak behera egiten du. Bere palmaresak erakusten dituen garaipen gehienak aitzin etapak dira: Dauphinekoaz gain, iazko Paris-Nizakoa eta aurten Qatarkoa.

Jatorriz, gorpuzkeraz eta beste hainbat desberdintasun ahaztu gabe ere, Lars Boomek Thirry Marie ekarri dit gogora. Marie 90. hamarkadako espezialistarik onena izan zen aitzin etapetan. Tourrean, Giroan eta Vueltan nagusitu zen, baita beste hainbat probetan ere, baina inoiz ez zuen irabazi goi mailako eta distantzia luzeko erlojupekorik. Litekeena da Lars Boomi ere gauza berdina gertatzea, soilik distantzia labur laburretako espezialista izango dela.

1 thought on “Lars Boom, espezialista

  1. Imanol Artola

    Gizakiak izatez du gauzak etiketatzeko edo sailkatzeko beharra, hitz egitea ere horixe baita, gauzak multzotan sailkatzea. Baina tarteka, behar hori joera ere bilakatzen da: hau da, sarritan, behar baino gehiago multzokatzen ote ditugunaren irudipena daukat. Eta telebistan Fermin eta Xabier, biok entzun izan zaituztedanean gai honen inguruan hizketan, sentsazio hori daukat: argi dago Igor Anton, Marko Pantani edo Purito igotzaileak direla; aldiz, Cancelara eta Millar erlojupeko-espezialistak; edo, Larrea, Freire eta beste hainbat sprinterrak.

    Baina badago hor txirrindulari batzuen multzoa non bietan ongi moldatzen diren: Menchov, Contador, Astarloza, Nibali, Haimar, Amstrong, Samu e.a. eta hauek multzo batean sartu “behar” hori, nahikoa zentzugabea deritzot. Contador-en kasuan esaterako esan genezake, zure hitzak erabiliz: naturak bietarako doitu duela, txirrindulari guztiz osoa dela, paregabea, jeinua (aldi bakoitzean bakarra izan ohi dena), bai igotzen zein erlojupekoan, bietan irabazteko gauza delako. Eta beste askoren artean, bada konparazioak egin beharko lirateke: Menchov erlujoz kontrako saioan hobeto ibiltzen da Samuel baino.

    Zeren, Astarloza-ren igotzaile-maila eta erlojupekoko-maila konparatzen hasten bagara, zertan oinarrituko gara zeinetan den espezialistagoa esateko: lortu ohi duen postuan? Ez dago irakurketa guztiz objektiborik hemen, neurtzeko hartzen duzun baliabidea bera subjektiboa izango delako, eta amaieran: subjektibotasun horretatik abiatutako objektibotasunean neurtuko dugu.

    Beraz, igotzaile, erlojupeko-espezialista, klasikomano, sprinter e.a. zehaztuak edo garbiak ditugunean, ongi deritzot multzo horretan kokatzea. Aldiz, inon kokatzea zail diren horiek: txirrindulari-oso, txirrindulari-erregular, esparru-orotako-txirrindulari edo antzeko izenen batekin kalifikatu beharko genituzke eta “nire ustez, batean apur bat hobea da bestean baino” moduko esaldiak alboratu beharko genituzke. Soilik behar den egunean, behar den unean, behar diren azterketak eta datu bilketak eginda esan genezake: gaurko erlojupekoan A-k B-ri postu bat jan liezaioke.

    Reply

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *