Monthly Archives: June 2011

Suitzako itzuli arraroa

Hamaika ikusi dugu amaitu berri den Suitzako Itzulian. Ez naiz soilik Damiano Cunegoren ibili xelebreari buruz ari, Andreas Kloden edota Fabian Cancellararen jarduna ere harrigarria izan da. Ez horrenbeste Andy Schleckena. Hauts asko harrotu duen arren uste dut Frantziako Tourrerako garaiz dabilela, alegia sasoi betean aurkeztuko dela han orain pattal antzean ibiliagatik.

Cunegorena ulertzea ez da erraza. Grindelwaldera bidean sekulako erakustaldia eman zuen. 2004an Giroa hanka bakarrarekin irabazi zuen ziklistaren itxura izan zuen. Ia ia hura bera zela zirudien. Mendatean gora erasoa jo eta 8 kilometroan bi minututik gora jan zizkien Andy Schleck, Jakob Fuglsang, Laurens Ten Dam edota Peter Sagani. Arranopola!!. Hitzik gabe utzi gintuen. Orduan hitzik gabe eta azken erlojupekoan hortzik gabe, hain izan baitzen handia hartu zuen muturrekoa. Bi minututik gora galdu zituen Leipheimer itzuliaren irabazlearekiko 30 kilometro pasatxoan. Itzulia ez, bera ere galdu zen, gizarajoa. Itzuli handietan buru altxa ezinik zebilen Cunego eta oraingo kolpe honetatik ere kostako zaio burua tentetzen. Konfiantza zer den ez daki.

Hori mundu guztiak ikusi du, baina zertan ibili dira Cancellara eta Kloden? Biak ala biak maila bikaina eman dute erlojupekotan, baina lotsagarri ibili dira mendateetan. Hirugarren mailako mendateetan ere ezin zioten pelotoari eutsi. Ezin zioten edo ez zuten nahi. Nik uste bigarrengoa dela egia.

Cancellararena ulertzekoa da. Tourrean erlojupeko bakarra dago aurten, Tourra amaitu bezperan eta hara sasoian eta indarrez heltzea ezinbestekoa da, espezialista izatea ez da nahikoa askotan ikusi izan den legez. Beraz, fresko eta nekerik gabel heldu nahi du. Baina Kloden? Alemaniarra beti ibili izan da oso ondo Suitzan, azken lau urteetan aurreneko hamarretan sailkatu da eta 2008an irabaztear ere egon zen. Bigarren izan zen Kreuzigerren atzetik.

Kontu da erlojupekoan hain ondo dabilenak ezin duela hain gaizki ibili mendateetan eta gora-behera horien atzean Tourraren itzala dago. Denek bizikleta gosez heldu nahi dute, bestela Tourrak indartsuena ere jan egiten du.

Lars Boom, espezialista

Batzuetan ez da batere erraza gertatzen espezialista zer den definitzea. Edo zehatzago esanda ziklista bat espezialitate jakin batean kokatzea. Adibidez, Alberto Contador zer da, igotzailea ala erlojupeko espezialista?. Eta, Lance Armstrong zer zen? eta Eddy Merckx?. Horietako edonor, eta beste asko berdin, edozein esparrutan kokatu genezake, mendian bezain ondo ibiltzen baitira erlojuaren aurka, baina izatez Contador igotzailea dela esango nuke, bere gorputz arinak, pedalkolpe biziak, erritmo aldaketa bortitzak, erresistentziak eta beste ezaugarri batzuek hala erakusten dute. Eta aitzitik, Fabian Cancellara, Brad Wiggins, Zabriskie, Millar edota Tony Martin erlojupeko espezialistak dira, nahiz eta batzuetan igotzaileen pare edo are hobeto ibili. Badira igotzaile peto petoak ere eta ez daukagu urrutira joan behar haien bila, etxean ditugu onenetarikoak: Igor Anton eta Mikel Nieve.

Espezialitateen multzo horietan, beste azpimultzo batzuk ere egin daitezke eta horietako batean, distantzia laburreko erlojpekoetan trebatu da Lars Boom, Dauphine Libereko aitzin etapako garailea. Erlojupekoan ondo moldatzen da, baina batikbat distantzia motzetan. Luzerak gora egin ahala berak behera egiten du. Bere palmaresak erakusten dituen garaipen gehienak aitzin etapak dira: Dauphinekoaz gain, iazko Paris-Nizakoa eta aurten Qatarkoa.

Jatorriz, gorpuzkeraz eta beste hainbat desberdintasun ahaztu gabe ere, Lars Boomek Thirry Marie ekarri dit gogora. Marie 90. hamarkadako espezialistarik onena izan zen aitzin etapetan. Tourrean, Giroan eta Vueltan nagusitu zen, baita beste hainbat probetan ere, baina inoiz ez zuen irabazi goi mailako eta distantzia luzeko erlojupekorik. Litekeena da Lars Boomi ere gauza berdina gertatzea, soilik distantzia labur laburretako espezialista izango dela.