Daily Archives: 31 May, 2011

Giroko albiste onak (eta txarrak)

Giroa historia da jada, baina oraindik ez dira itzali han ikusi ditugun argi printzak. Distiratsuena irabazlea izan da, Alberto Contador. Madrildarrak lehiatu dituen azken 6 itzuli handiak irabazi ditu (3 Tour, 2 Giro eta Vuelta bat) eta zuzenean doa ziklismoko historiako pulpitura. Bertan, onen onenak bakarrik daude: Eddy Merckx, Anquetil, Hinault, Indurain eta Lance Armstrong. Contadorrek gainera inork jarri gabeko marka jar lezake, hiru handiak denboraldi berean jostea. Giroko esfortzuak errekuperatzea asko kostako zaionik ez du ematen. Bere erritmoan ibili da, inork estutu gabe, eta esfortzuak nahierara egin ditu. Tourra irabaztetik ez da aparte ibiliko, eta bera espainiarra izanik, hura ere lehiatzeko motibazioa izan lezake. Erronka gaitza da, baina berak, beste inork, ezin dio aurre egin tamaina horretako jomugari.

Frantziarren protagonismoa ere ez da itzalean gelditu. 1990az geroztik Frantziak ez du ordezkaririk podiumean. Charles Mottet bigarren sailkatu zen Bugnoren atzetik. Aurten ere ez dute hainbestekorik lortu baina Gadret lehia horretan aritu da eta bere etapa garaipenak eta taldekide Hubert Dupondek protagonismoak herrialde hori suspertzen ari dela erakusten dute.

Steven Kruijswijk sailkapenean bederatzigarren ikustea albiste ona da ziklismoarentzat, baita Diego Ulissiren eta Eros Capecchi gazteen etapa garaipenak. Zer esanik ez, gure ikuspegitik, Euskatelek irabazitako mendateetako bi etaparik esanguratsuenak. Igor Antonek izenik handienekoa eramana zuen; Mikel Nievek historikoa, gogortasun eta garapenagatik. Tropela berritzen ari diren zantzu garbiak dira, denak ere.

Baina hainbeste distiraren artean izan da itzalik ere, batez ere Wouter Weylanden heriotza. Horrelakoetan alferrik da errudun bila aritzea, patua izango zela sinestea da onena.