Daily Archives: 23 May, 2011

Iraganarerako bidaia

Ez dut 80. hamarkada baino lehenagoko ziklismoa ezagutzen. Kontatu izan didatena, irakurritako apur bat eta datuen bitartez dut garai bateko ziklismoaren berri. Eta esango nuke Giroko 15.etapan, Gardecciara bidean ikusitakoaren antzeko zerbait izango zela. Etapa historikoa izan zen bere gogortasun eta desnibelarengatik eta gogoangarria garapenarengatik. Zientziaren aurreko txirrindularitza liderren txirrindularitza izan zen, galtzeko beldurrik gabekoa eta irabazteagatik arriskuaren apustua egiten zuen ziklismoa. Hainbeste kontrolik gabea eta oldarkorragoa.

80. hamarkadaren ostean, baina batik bat 1990. urtetik aurrera, prestaketa zientifikoak eta talde indartsuegien ziklismoak kirol honen funtsari egin zioten eraso. Neurri batean hil egin zuten. Kontrola erabatekoa zen eta zenbait kasutan itzuli handiak irabazteko moduko ziklistak morrontza lanera makurtu ziren, era horretan erasorako aukerak errotik ebakitzen ziren, erritmoa jartzen zuen ziklista erasotzeko beharra zutenak baino hobea izaten zelako hainbat kasutan.

Gardecciara bidean gertatutakoa ordea oso bestelakoa izan zen. Ibilbideak liderren, banan banako ziklisten protagonismoa eskatzen zuen, eta hala izan zen. Taldeen lana ez zen batere esanguratsua izan. Hori eskatzen du jendeak, hori behar du ziklismoak. Txirrindularitza irekia, erabateko nagusitasunik gabea. Contador beste guztien gainetik dago, ados, baina igandean berak atera behar izan zituen eltzetik babak, taldearen laguntzarik gabe. Bizpahiru aldiz eraso egin behar izan zuen errespetoa jartzeko. Bere aurkariek ere ez zuten taldekideen makulurik izan, bakoitzak berea izan zuen soilik, eta norberak bere baliabideak jarri zituen jokoan.

Ziklista guztiek sufritu zuten gehiegizko ibilbidearen gogortasuna, denek, salbuespenik gabe, baina gizonik onenen jarrera adoretsuak garai bateko ziklismora eraman gituzten Dolomitetako paraje paregabeen barna Mikel Nieve gidari zela.