Alberto Contadorren eztanda

Etna sumendia erupzioan sartu da, Alberto Contadorrek eragindu eztanda. Gaur heldu diren parajea bezalaxe berezia, bakarra, aparta den ziklista batek. Naturak ziklismoari egin dion oparia da Contador eta sumendien antzeko gaitasuna du. Berak erabaki duen arte lozorroan egon da, apal baina esnatu denean inguruan zuen dena birrindu du aurrez zegoenaren arrastorik utzi gabe.

Etnara heldu aurretik zuzenago edo okerrago egindako irakurketak baino ez zeuden eta esan daiteke berdinketa teknikoa zegoela. Scarponik zerbait erakutsia zuen, baina Contadorrek ere bai. Hori ordea iragana da. Orain Contador baino ez dago Giroan. Ez da beste garailerik izango. Erakustaldi fisikoa emateaz gain, psikologikoki lur jota utzi ditu aurkariak. Denak, salbuespenik gabe. Berak eragin duen lubakia konpontzeko gaitasunik ez dauka inork. Aurkaririk baikorrenak ere ez du hori sinesten. Kontrakoa esaten duena gezurretan ari da, edo jendearentzat hizketan.

Contadorrek dena du alde. Hasteko bere gaitasuna. Gero ibilbidea. Eta izendatu genitzazke lasterketaren egoera, eskarmentua edota erlojupean duen nagusitasuna. Baina ez dira beharrezkoak, berea ematen badu bera menderatuko duen ibilbiderik ez dago. Aurkaririk ere ez. Giroa irabaziko du, eta etorkizunean finkatzen duen helburu oro ere bai.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *