Aldaketarako zantzua

Txirrindularitzak aldaketak behar dituela begi bistakoa da. Ikusgarriagoak diren, edo besterik gabe, jendeak gehiago estimatzen dituen beste kirol batzuekin lehiatu nahi badu, ezinbestekoa da zerbait aldatzea. Gaur Fiuggin amaitu den etapak utzi du aldaketarako arrastoren bat. Fran Ventosok irabazi duen etaparen amaiera jarraitzaile bat baino gehiago ohi duten siestatik esna arazteko modukoa izan da.

Batetik ihes eginda ibili den boskotea zoriondu nahiko nuke, izan duten estrategia bikainagatik. Helmuga artean urrun zela, 50-60 kilometrora tropelak ia ia erritmorik bizitu gabe jan die denbora. Aise gainera, eta iheskideak jota zihoazela pentsatu bide izan dute tropelean lanean ari zirenek. Ezta hurrik eman ere!! Aurrez gordeta utzi dutena erakutsi dute euren arrakasta arriskuan izan dutenean eta oso ataka estuan jarri dute tropela. Ia ia Kristof Vandewallek garaipena kendu die muturren aurrean. Ez du lortu, baina hori da bidea, ia ia bide bakarra era horretako ihesaldietan gailentzeko.

Baina, batik bat, karrerak azken 10 kilometroetan izan duen eraso festa azpimarratu nahi dut. Nahas mahas ibili da tropela, batere kontrolik gabe. Zoragarria izan da. Ia talde orotako ordezkariren bat oldartu da erasoan. Izan ere, espriter ale batzuk baino ez ziren tropelean, gehienak atzean geldituta ziren aldapa gozo baina luzean. Horrek eta taldeko bakoitzeko ordezkari gutxi izateak eragin du mugimendua. Normalean lotura lanetan arituko liratekeenak ere erasoan mugildu dira-eta.

Lasterketa ez du inork kontrolatu ahal izan baina hala ere esprintean amaitu da. Hori bai, ohi baino askoz ikuskizun gehiagorekin. Badakit ezinezkoa dela beti helmugatik gertu aldaparen bat jartzea, baina talde bakoitzeko ordezkari kopurua gutxitzen bada antzeko egoerak eragingo lirateke orain baino askoz ere maizago. Egitea merezi duen proba da.

Sobera dakit, txirrindulari asko eta batez ere zuzendariak proposamen horren kontra egongo liratekeela, baina hala zeuden lehenbizikoz Alpeak, Pirinioak, Dolomitak edota harbideak sartu zirenean ere, eta ziklismoaren mitoak paraje horietan eraiki dira. Lehen arbuiagarriak ziren, egun ezinbestekoak.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *