Daily Archives: 10 May, 2011

Wouter Weylandtden ametsak

Wouter Weylandt gaztea zen. 26 urte zituen eta oraindik puri purian zituen ziklista izatera bultzatu zuten weylandtilusioa eta ametsa. Gantekoa izaki, ziklista izan behar zuen, patuak agintzen zuen, hura baita klasikorik handienen begia. Haietan nabarmendu zen gaztea zela, oso gaztea zela. Flandriako Tourra irabazi zuen Sub-23 mailan, eta Paris-Roubaixen eta Harelbekeko Sari Nagusian podium izan zen maila berean, afizionatuetan. Artean 19 urte baino ez zituela, Quick-Stepek profesionalan aritzeko aukera eman zion. Han jarraitu zuen iaz arte, Tom Booneni laguntzen.

Liderrei laguntzen eta aukera zuenean bere ibilbidea jorratzen eman zituen urte haiek, egunen batean bera ere klasikozale handia izango zelakoan. Bidean zihoan. Gante-Wevelgen handian hirugarren izan zen, edota Espainiako Vueltan, itzuli handietako estreinaldian, etapa bat irabazi zuen; baita beste bat ere gaur urtebete Giroan. Erantzukizun gehiagoren bila Leopard-Trek taldearekin sinatu zuen aurtengorako, bide batez, beste klasikozale handi baten itzalean ikasten jarraitzen zuelarik. Fabian Cancellara zen oraingoan maisua.

Atzo ordea, dena ezerezean gelditu zen. Passo del Bocco izeneko mendate bat jaisten, Rapallorako bidean, Giroko hirugarren etapan, harresi bat jo eta han gelditu zen, hilda. Bere palmaresagatik baino gehiago bere gizatasunagatik izango dute gogoan bere lankideek, tropelak. Ikusi besterik ez dago, haren izaera eredugarria goraipatuz entzun eta irakurri diren adierazpenak.

Orain, ametsen erreinukoa da Wouter Weylandt. Orain, hemen gauzatu ezin izan zituen ametsak gauzatu ahalko ditu. Agur eta ohore.