Nahi gabeko garaipenak

Ia ia nahi gabean Cadel Evansek bi proba garrantzitsu irabazi ditu: Tirreno-Adriatikoa eta Romandiako Tourra. Ez batean eta ez bestean ez zen faborito nagusia. Aurrenekoa, ia ia bere estreinaldia zelako eta inoiz ez da erraza inorentzat lehen karrera irabaztea, eta are gutxiago Italiako lasterketak bezain partaidetza ona izanda. Eta azken honetan, Romandian alegia, lesio batetik irten berritan hartu duelako parte. Martxoaren 31an entrenatzen ari zela erori eta min hartu zuen belaun zein iztarrean eta ezin izan du horrelako lasterketa batek eskatzen duen entrenamendu saiorik egin ahal izan. Hala eta guztiz onena izan da.

Egia esan, ez du distira handirik izan, ez da inon onena izan, ez mendian ez eta erlojupekoan ere, baina orekatuena izan da eta ezaugarri horrek askotan ematen du sarirako bidea. Horrek guztiak adierazten du Evansek berezkotik duela asko.

Gainera, uste dut egoera honek Frantziako Tourrari begira ere bere onurak izango dituela. Australiarrak ez du konfiantzaz itsutseko motiburik ematen, gehiegitan huts egin duelako une erabakigarrietan, baina aurten ematen du hutsegite horien iturria itxirik duela. Nire ustez, Evansek asko korritu izan du aurreko urteetan, asko korritu eta lehiatu. Eta hori gutxi ez delarik, kontzentrazio saio gogorrak ezarri izan dizkio bere buruari. Gero, itzuli handietako une erabakigarrietan, batez ere itzuli hondarrean, pott egiten zuen, nekearen zama gainditu ezinik. Askotan gertatu izan zaio hori.

Aurten ordea, gutxiago ari da korritzen eta izan berri duen lesioagatik are gutxiago. Egoera honetan, nik uste lortu dituen bi itzuli horiek eta lasterketa egun gutxiago izateak, Tourrak beharrezko duen konfiantza, lasaitasuna eta freskotasuna izango dituela bi faborito nagusie Alberto Contadorri (baldin eta korritzen badu) eta Andy Schlecki aurre behar bezalako baldintzetan egiteko.

1 thought on “Nahi gabeko garaipenak

  1. Jon Kaxka

    diskrezioaren garaipenak. Cadel Evans-ek demostratzen digu ez dagoela oilar betekoa izan beharrik eta egunero prentsan kokoroka jardun beharrik. Lasterketak irabazi eta inori estorbu egin gabe bere objetiboak prestatzen ari da eta sorterik onena opa diot txirrindulari aparta bait da, irteten duen lasterketan aurpegia ematen duen orietakoa

    Reply

Leave a Reply to Jon Kaxka Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *