Garaipen bat baino gehiago

Jonathan Castroviejok irabazi du Romandiako itzuliko aitzin etapa. Ustekabeko emaitza da. Berak ere ezin zuen sinetsi. Getxoztarra beti ibili izan da ondo erlojupekotan, baina hain ondo inoiz ez. Dena egin du ondo baino hobeto. Erlojupekoetan oso zaila da ziklisten ibilerari antzematea, estiloak eta pedalkerak desberdinak dira oso. Izan liteke baldarra baino eraginkorra, baita dotorea eta kamutsa ere. Baina, Castroviejoren ibilian zerbait igartzen zen. Kadentzia altuko pedalkerari, aerodinamika ona, teknika aparta, ausardia eta kemena erantsi zizkion. Garaipenaren formula.

Gaurkoa du lehen garaipena Castroviejok, baina garaipen bat baino gehiago da. Esanahi asko ditu garaipen honek. Batetik, teorian bera baino hobeak diren eta batez ere palmares eta izen handiagoa dutenen aurrean ez delako kokildu eta hil ala biziko jarreraz jokatu duelako. Inoiz ez da etsi behar, ezta Munduko espezialistarik handienen aurrean ere. Hori erakutsi du bizkaitarrak. Bestetik, bere kirol bilakaerari bultzada handia emango diolako, orain, lehena irabazita, garaipena lor lezakeela jakin badaki, konfiantza izango du aurrerantzean. Eta garaipen hori euskal ziklismoaren garaipena ere bada. Talentu handiko ziklistek euren kabuz irabazten dute, Castroviejok euskal ziklismoaren formakuntza baliatu du gorenera heltzeko. Junior mailan Punta Galean hasi, afizionatu etan Seguros Bilbaon jarraitu (Beñat Intxaustiren itzalean hasieran), Orbeara jauzi egin eta handik Euskaltelera. Euskal ziklismoaren piramideko solairu guztiak igo ditut urratsez urrats, eta gailurrera bere 24. urtebetetze bezperan heldu da.

Elastiko horiak hain egun seinlatuak merezi duen disitra emango dio Euskaltelgoari.