Philippe Gilbert beste dimentsio batean sartu da

Atzoko garaipenaz geroztik Gilbet beste dimentsio batean sartu da. Klasikozalerik handien erreinura egin du jauzi. Eddy Merckx, Van Looy, De Vlaeminck, Kelly, Raas, Museeuw, Moser, Bartoli, Bettini eta beste banan banako batzuen aldamenean dago bere izena betirako. Lehen ere klasikozale porrokatua zen, baina orain beste neurri batekoa da, eta horretarako bi arazori eman behar izan die irtenbidea: bata erresistentzia, bestea jokabidea.

Orain pare bat urterarte Gilbertek irabazten zuen karrera orok ez zuen 200 kilometrotik gora. Handik aurrera behera egiten zuen, han zeukan langa. Horren lekuko dira Het Volkeko garaipenak edota Waloniako Sari Nagusia. Baina ez zen arazo fisikoa bakarrik, bere jokabide sutsuak ere energia garaia baino lehenago erre arazten zion. Gilbertek aske korritzen zuen, ia estrategiarik gabe. Kirioak lotu ezinik. Bihotz eta arima. Bururik ez. Erraiak botatzen zituen han eta hemen. Dena ematen zuen ezer gelditzen ez zitzaion arte. Horretan zetzan bere ikusgarritasunak, baina baita bere ahuldadeak ere. Beste edozein ziklistek askoz ere etekin hobea aterako ziekeen hain dohain aberatsei, garaipen gehiago izango zituzkeen. Ez hain ikusgarriak, nahi bada, baina bai gehiago. Eraso euforia etengabean bizitzeak hutsegite asko eragin dizkio. Liege-Bastogne-Liege da horren lekuko. Orain bi urte 25 kilometroren faltan oldartu zen, ero. 5 falta zirela ematen zuen, bere joa ikusita. Haren esfortzu keinu eta ahalegina!. Jakina, bakarrik zen, lasterketa buruan. Baina Andy Schleckek harrapatu zuenean bi errelebo baino ez zizkion eman ahal izan. Dena emanda zeukan ordurako eta artean 20ren bat kilometro falta ziren. Hala ere, gero, laugarren izan zen.

Atzo ez zuen horrelako akatsik egin. Bere eraldaketa gauzatua dagoela ikusi zen. Faborito garbia zen, denek bere gurpila zuten begiz jota, baina azti ibili zen. Sua ez zuen berak piztu. Schelck gazteak jo zuen orain bi urteko leku beretsuan, 21 kilometroren faltan-edo, Cote de la Roche aux Faucons aldapan. Denek burua gira zuten, erasoaz beldurtuta. Bi salbuespen: Gilbert eta Frank Schleck.

Bi anaiek ezin izan zuten deus egin Gilbertek nagusitasuna zanpatzeko. Nahi eran ibili zen. Saint Nicholasen aztertu zituen belgikarrak. Andy atzera. Frankek doi-doi eutsi zion. Garaile sentitu zen eta garaile izan zen handik gutxira. Frank Schleckek podiumean egin zion agur ohorea izan zen Gilberten erregetzaren gorazarrerik egokiena.

1 thought on “Philippe Gilbert beste dimentsio batean sartu da

  1. Jon Kaxka

    Erakustaldi festa. Hau gozatua ematen diguten Gilbert eta Cancellara bezelako txirrindulari erasokorrak, Gaur eguneko txirrindularitza kontrolatu honetan horrelako tipoak behar ditugu

    Reply

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *