Philippe Gilberten arte lana Amstelen

Philippe Gilbert uste zena baino geroago hasi da goi-goi mailako probak irabazten. Horrek ez du esan nahi berandu dabilenik, oraindik 28 urte ditu-eta, teorian ziklista baten adinik onena. Kontua da berari buruzko goraipamenak eta iragarpen baikorrak goizegi hasi zirela. Baina bera aurre ikusitako guztia ari da betetzen. Seguraski ziklistarik anitzena da, edozein klasiko irabazteko gai den bakarra, baita Paris-Roubaix ere. Hori ezin du beste inork esan, ezta Cancellark edota Boonenek ere, haien gorputzkerarentzat Ardenetako edo Lombardiako Giroko ibilbideak gogorregiak dira.

Gilbertek binaka lortzen ditu garaipen handiak. Birirtan irabazi zuen Paris-Tours, gailendu zen lehen klasiko handia. Lombardiako Giro bi ditu eta atzoz geroztik baita bi Amstel Gold Race ere. Horietan denetan erakutsi du ausardia eta kirol maila handia, baina atzokoan, aurrekoetan ez bezala, zuhurtzia eta maisutasun estrategiko bikainak erabili zituen.

Izan ere ataka estuan zegoen, faborito argi izaten diren guztiak egon ohi diren moduan. Bestela, galde diezaiotela Fabian Cancellarari. Lasterketa buruko taldean gutxienez hiru taldeko ordezkari bat baino gehiago zuten gailentzeko moduan. Leopard-Trek taldeak Fuglsang eta Andy Schleck zituen. Katushak Kolobnev eta Joaquin Rodriguez, eta Rabobankek, Gesik, Freire eta Paul Martens. Gilbertek taldekide bi zituen, baina irabazteko gaitasuna berak barraik zuen. Apustu bakarra zeukan eta denak bere kontrako jarrera.

Joaquín Rodriguez mugitu zenean, Jurgen Vandenbroeckek zapuztu zuen haren ahalegina. Ondoren, ordea, Andy Schleck jo zuen. Han hasi ziren komeriak. Vannendert taldekidea ez zen nahikoa hura lotzeko eta Gilbert erreleboak ematen hasi zen. Eman zitzazkeen indartsuagoak, baina kalte izango zuen, aurkariei mesede egin eta batez ere taldekidea ito zuelako. Vannendertek ezin zuenean Gilbert bera ere atzera joan zen, taldekidea jipoitu beharrean errekuperatzeko beta emanaz, eta Gilbertek handik aurrera eman zituen errelebo guztiak aldapa behera izan ziren, esfortzuak aparteko nekerik eragingo ez zion lekuan alegia. Maisutasun handiko erabakiak izan ziren.

Gainera argi eta garbi entzun zen taldekideari aginduak eta animoak berak ematen zizkiola zuzenean, ez autotik eta horrekin erakutsi zuen ziklista guztiak ez daudela pinganilloarekin autora lotuta.

Cauberg magalera heldu eta Andy Schleck eskura zutela, erleak loretan bezala ibili zen. Bere bertute aberatsen erakustaldi gozoa nahikoa izan zen bizikleta gaineko arte lana borobiltzeko.

1 thought on “Philippe Gilberten arte lana Amstelen

  1. Asier

    Nik uste dut, behe behetik, Samuk eta I.Antonek eraso bat egin izan balu, eta Gilbert bere gurpilera atera izan balitza ez lukeela hain errez irabaziko.
    Bestetik, esan beharra dago, Euskaltelen kolokazioa beti da osos txarra, Igorrek oso atzean hasi zuen aldapa, baita Samuk ere, hala ere, uste dut haiek izan zirela Gilbertekin indartsuenak
    Aio eta mila esker iruzkinengatik Usabiaga!

    Reply

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *