Santa Gadea, blokearen paradisua (I)

Santa Gadea de Alfoz 150 bat biztanleko herrixka da, itsas-mailatik 800 m ingurura dagoena, Arijako urtegiaren inguruan kokatuta. Zerk egiten du berezi? eskalada molde hau, blokea edo bulderra, alegia, egiteko lekurik onenetarikoa da.

Herria zeharkatu eta atzean utzitakoan, bailara handi eta ederra zabaltzen zaigu, laua eta eskalatzeko blokez betea. Harearri zurizkoak dira, plakaren bat badago ere, inoiz irrist egingo ez duzun horretarikoak. Gainera, beste berezitasun bat da ia mantel (blokeen irteerak, igotzerakoan duzun azken pausoa) guztiak kamutsak direla, hots, ertzik gabekoak eta horrek bestelako feelling-a ematen du.

'Zona Zero' sektorearen irudia, Santa Gadean. Argazkia: Iker Gonzalez

'Zona Zero' sektorearen irudia, Santa Gadean. Argazkia: Iker Gonzalez

Paraje hori hain erakargarria egiten duen beste berezitasun bat da hainbat eta hainbat bloke topatuko dituzula mailakatuta; zer esanik ez, horren atzean blokeak garbitzeaz eta mailakatzeaz arduratu diren eskolen lanari esker izan da. Hala ere, esan beharra dago ezberdintasunak daudela mailatzerakoan hartutako irizpideetan, ez da harritzekoa 6a bat arazo barik eskalatzea eta ondoren, ondoko 5b+ko bloke batekin tematzea, eta ezin igotzea.

Graduatu edo mailakatu duten moduaren inguruko xehetasunak:

Puntu berdea: 4. eta 5. maila

Puntu urdina: 6Atik 6C+-ra

Puntu gorria: 7Atik 7C+-ra

Puntu beltza: 8tik ?-ra

Hamaika bloke dago, beraz, ikastera joateko leku aproposa da, baina baita hobetzeko eta asko gozatuko duten hasiberriekin joateko leku egokia ere.

Krokisak

Krokisa eramatea ez da ezinbestekoa, sektoreak begibistan daudelako, bailara topatzen baduzu blokeak ere topatuko dituzu. Jaizkibelen ere, esaterako, eskalatzeko blokeak daude, baina askoz ere gutxiago eta bestelako harri batean eskalatzeko (hareharri marroia, plaka askorekin, hau da, eskuak lehertzeko modukoak.

Hala ere, Santa Gadeako tabernan gidaliburua daukazue kontsultagai, Enverticalek honako krokisak ditu igota eta iaz plazaratu zuten gidaliburu oso on bat dago salmentan (Resconorio eta Las Tuerecesen krosikak ere badakartza).

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *