Denak Cancellararen aurka

Johan Van Summeren belgikarrak irabazi du Paris-Roubaix. Denboraldiko ustekabekorik handienetakoa izango da. Seguru. Garmin-Cerveloko ziklistak zortzi urte daramatza profesionaletan eta bi karrera baino ez ditu irabazi, Poloniako Itzulia eta bertako etapa bat, biak 2007an. Hori bai, bere ahalegin eskergari esker bere taldekideek hamaika garaipen lortu izan dute. Morrontza lanerako gutxi dira bera bezalakoak, ibilide orotan egin baitezake lan eta une erabakigarrietan gainera, berdin harbideetako klasikoetan, Ardenetan edota itzuli handietako mendateetan.

Bere garaipenak bi giltzarri izan dituela esango nuke. Batetik bere kirol maila. Hori ez da gutxietsi behar. Orain bi urte bosgarren izan zen Paris-Roubaixen eta zortzigarren urtebete lehenago. Postu horiek ez daude edonoren esku, are gutxiago berak bezala lan eginaz gero.

Eta beste giltzarria ziklista guztiek Fabian Cancellararekiko duten obsesioa izan da. Denek bere kontra korritzen dute, baina logikoa da. Harelbekeko Sari Nagusian emandako erakustaldiak izutu egin zituen bere aurkariak eta orain haren ondorioak jasaten ari da. Horregatik gaur 45 kilometrora erasoa joa eta aurrena Hushovd eta ondoren Ballan berarekin eraman dituenean inork ez dio erreleborik eman. Eta berak, hori ere logikoa da, gogaitu eta lan egiteari utzi egin dio. Hori eta L’Arbreko harbidean motor batek egin dion enbarazua erabakigarriak izan dira karreraren bilakaeran.

Halere, Cancellara bigarren sailkatu da eta beste behin erakutsi du bera izan dela indartsuena, baina onena Johan Van Summeren. Berak bakarrik erabili ditu beharrezkoak ziren baliabide guztiak neurri egokian.

4 thoughts on “Denak Cancellararen aurka

  1. Jon Kaxka

    Guztiz ados. Baina Motoak ez bazuen gelditu lasterketa irabaziko zuelakoan nago. Azken 3 kmtoan aldea nola jan dion ikusita eta nola aurretik zituen denak banan banan utzi dituen.
    Baina lotsagarriena da 200 txirrindulari eta beren 20 zuzendariren taktika bakarra irabaztea ez izatea baizik eta ea Kantxe izurratzen dugun eta gero gerokoak.

    Reply
  2. Asier

    Aupa Usabiaga!
    Mila esker, euskal telebistan hanbeste lasterketa eskaintzeagatik, hala ere, galdera batzuk ditut:
    1.- Posiblea izango da Ardenako klasikak ETB SAT-en ikustea? Hau da, Amstel, Flecha eta Liege?
    2.- Italiako Giroa, eskeiniko al duzue? Kasu honetan baiezko bat espero dut.

    Mila esker zure harretagatik
    PD: Oso iruzkin interesgarria. Goraintziak Fermin Aramendiri
    Aio

    Reply
  3. Xabier

    @Asier
    Apa Asier,

    ba ETB ahaleginak eta bi egiten ari da klasikorik handienak emateko, baina Espainiako Telebistaren oztopoa gaindiezina da batzuetan. Ez dizkigute eskubideak ematen. Giroa, hori bai, ETB 1en ikusgai izango duzue.
    Segi ondo.

    Reply
  4. Asier

    Buaaa mila esker erantzunagatik.
    Egia esan ez dut ulertzen Teledeportek egin duena, klasikoak euren esku dituzte eta gaueko 21.30etan ematen dute, eta txirrindularitza gustoko dugunok ezin izan ditugu klasikak ikusi, ea Liege-ekin zer egiten duten!
    Eskerrak Italiako Giroa ETBn ikusi ahal izango dugun, nahiago ditut zuen komentarioak, beste kate batzuetakoak baino.
    Ondo ibili!
    PD: Roamdiako Tourra eskainiko ahal duzue? Edo Asturiaseko itzuliaren alde egingo duzue aurten?
    Beno, ez zaitut gehiago molestatuko,
    Aio

    Reply

Leave a Reply to Asier Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *