Ez da jainkorik

Harelbeke sarian eman zuen erakustaldia gogoan eta bere kirol bizitza osoa aintzat harturik, Fabian Cancellara jainkotu egin dute-dugu azken aste honetan. Goraipamenak ez ziren dohakoak, ondo irabaziak baizik. Gehiegikeriak ordea ez dira onak, eta sinestea are okerragoa. Neurri batean uste dut hori izan dela Cancellarak Flandriako Tourrean izan duen hutsegite nagusia. Heldu zaizkion hitz on guztiak sinestu egin ditu eta haien baitan jokatu du. Horretan erratu da, hori da ondoren gertatu den guztiaren muina.

Ez inorenganako errespeturik galdu duelako baina Cancellarak gauza asko gutxietsi ditu gaur. Batetik aurkari nagusiak. Ez zeukan inolako premiarik Boonen, Pozzato edota Gilbert helmugarako 40 kilometrora atzean lotsagarri uzteko. Sylvain Chavanel ere ez du aintzat hartu eta bere babesean errekuperatu zitekeela pentsatu ere egin gabe aritu da tira eta tira. Irabazteko zuen aukerarik onena behin galduta, azken metroetan utzi ziezaiekeen lanerako ardura bere aurkariei baina hori ere ez du egin. Nuyensek orain astebete besteak beste Farrar menderatu zuela ahaztu eta haren esprint bideratzaile lana egin du. Eta historiarekiko ere erreparo gutxi erakutsi du. Bere antzera, 1969an Eddy Merckxek sekulako erakustaldia emanda irabazi zuen, 5 minututik gora atera zizkion bigarrenari. 1970an bera zen faborito bakarra, gaur Cancellara moduan, eta Merckx bakarrik heltzen ahalegindu zen arren esprintean heldu eta hirugarren egin zuen. Gaur Cancellarak bezala.

Karrera ez du irabazi baina bai ikasgai on bat. Umiltasuna beharrezkoa dela irakatsi dio ziklismoak (eta ikasi dugu haren garaipena segurutzat jotzen genuen guztiok) eta ikasi badu hurrengo igandean, Paris-Roubaixen, ez du gaurko hutsik egingo.

1 thought on “Ez da jainkorik

  1. Jon Kaxka

    Kantxellarak huts egin du baina ez dizut Boonen-en jarrera lotsagarriari buruz hitz bat bera ere irakurri. Horrek nioretzako bai ez duela izenik…
    Telebistan argi ikusi da bere Zuzendaria ere bere honetik aterata zuela.
    Bestalde Kantxek huts egin du baina 200 berari begira egoten badira egunen batean denak kontrolez kanpo gerauko dira berak nahi badu…
    Ta Leopard taldea? taldea al da? Pelotoian azken 60 km-tan Kantxellara 70 lagunen aurka eta besteak beste BMC taldea 7 lagunekin.

    Reply

Leave a Reply to Jon Kaxka Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *