Ikastaro eredugarria Down Underren

Amaitu berri den Tour Down Underren oso ziklista gazteak nabarmendu dira. Horrenbestez ezezagunak dira oraindik jende askorentzat, baina denbora kontua baino ez da, aurki mundu guztiak ezagutuko ditu. Cameron Meyer (irabazlea), Matthew Goss, Michael Matthews (denak australiarrak) edota Ben Swiftek (Britania Handia) euren nortasunaren arrastoa utzi dute eta bide batez, ziklismoan tradiziorik handiena duten herrialdeei ikastaro eredugarria eman diete.

Kirolean ez dago sekreturik, arrakastaroko giltzarriak  bi dira, kasta eta lana. Kasta, edo klasea edo dena delakoa, sortzez ekartzen da, naturaren baitan dagoen ezaugarria da eta horren aurka ezin da deus egin. Baina lanari dagokionez, ez dago ondo jarduteko mugarik. Horretan ari dira nagusitzen Australia eta Britania Handia. Biak ala biak ziklismoaren seaskan daude oraindik, ia ia jaio berriak dira, baina aurrea hartu diete lozorroan gelditu diren herrialdeei.

Cameron Meyer

Cameron Meyer

Herrialde horietan fisiologo apartak hezi dituzte, ikerketan inbertsio handiak egin dituzte, baita materialetan ere, eta prestaketaren zenbait arlotan aitzindari izaten ari dira. Pista oinarri hartuta, federazioetako teknikariek lan bikaina egin dute. Salbuespenik gabe arestian aipaturiko ziklista denak, eta askoz gehiago ere bai, pistarako egindako epe luzeko egitasmoetatik atera dira eta orain fruituak errepidean ere ari dira jasotzen.

Lehen hori, materialarekin bakarrik gertatzen zen. Bizikleta egile ia denak, eta baita osagarrienak ere, Italiakoak ziren, edo Frantziakoak. Orain, beste hainbat herrialdeetako etxeek gain hartu diete. ProTourreko taldeen materialari erreparatu besterik ez dago. Orain, hori ziklistekin ere gertatzen ari da. Ondo planifikatu, koordinatu, eta garatutako lana erabakigarria izaten ari da.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *