Gazteen peskizan

Xabier Usabiaga

Xabier Usabiaga

Ez berria delako, baina 2011ko tropelak izango duen aldaketarik azpimarragarriena Leopard-Trek taldea da, Fabian Cancellara eta besteak beste Schlecktarren taldea. Batek baino gehiagok ametsetako taldea dela esan du eta ametsetakoa ez dakit baina Andy Schleckek Tourra irabazteko duen ametsa gauzatzeko egina izan bada eta horregatik eraiki dute internauten ustez iazko talderik onena izan zenaren oinarriaren gainean, Riisen Saxo Banken egitura ia osoa baliatuta, alegia.

Hainbesteko handitasunik gabe atera du taldea Eusebio Unzuek Movistarrekin. Ez du fitxaketa deigarririk egin eta Franco Pellizotti italiarra ekarri nahirik dago baldin eta pasaporte Biologikoaren arautegia ustez hausteagatik UCIk Nazioarteko Arbitraje Epaimahaian jarri duen helegitea gainditzen badu behintzat. Izan ere aurtengoa ere Alejandro Valverderik gabe pasa beharko du, 2012 arte zigortuta baitago Puerto Afera dela-eta.

Aurtengoa ere joan etorrien urtea izango da. Lance Armstrongnek behin betirako agurtuko du nazioarteko tropela eta Radioshack ia bera bezain beterano direnen baitan geldituko da: Andreas Kloden, Levi Leipheimer, Chris Horner, Haimar Zubeldia eta fitxatu berri duten Robbie McEwenen menpe. Danilo Di Luca aldiz, tropelera itzuliko da Katusharekin. CERA-rekin positibo eman zuen 2009ko Giroan eta zigorra bete ostean eraldatuta, zintzotuta itzuliko dela aurreratu du.

Badago bai dopinaren legearekin jator jokatzeko beharra eta gazteek dute horren erantzukizuna. Aurten zenbait izarren distira lehertu daiteke. Igor Anton, Robert Gesink, Edvald Boasson Hagen, Peter Sagan, Tejay Van Garderen, eta Peter Velits dira besteak beste zikilismoaren etorkizuna argitu behar dutenak.

Aurtengo tropelean ezer gutxi da garai batean bezalakoa, globalizazioaren eragina bistakoa da ProTourrean. Europa zaharrak agintea galdu du. Ordezkari gehien Estatu Batuek dute, lau talde gorenean: Radioshack, Mark Cavendishen HTC (Andre Greipel galdu dute, Omegarekin fitxatu du iaz 21 garaipenekin ziklistarik arrakastatsuena izan zenak), Cadel Evansen eta Taylor Phinneyren BMC, eta Thor Hushvod Munduko Txapeldunaren Garmin-Cervelo indartua. Europa zaharreko ordezkariek, Holandak, Belgikak eta Italiak, bina ordezkari dituzte. Rabobank eta Ricardo Riccoren Vacansoleil Holandak; Quick-Step eta Omega-Pharma Belgikak; eta Lampre eta Liquigas dira Italiako ordezkariak. Frantziak eta Espainiak ordezkari bakarra izango dute, Luxenburgo, Kazakistan, Danimarka, Euskal Herriak, Britania Handia eta Errusiaren pare.

Euskal Herriako ziklismoaren egoera goraipatzekoa da. Krisiak, eragin bai baina beste herrialde batzuetan bezain gogor ez du jipoitu. Italian, adibidez, bost profesionaletatik bat langabezian gelditu da. Hemen 54 euskal profesional daude. Datu ona da. 33 dira Pro Tourrean, zazpi Profesional deritzon mailan eta 14 Kontinentalean. Gainera, maila bakoitzean talde baten ordezkaritza dago. Euskaltel Pro Tourrean, Caja Rural Profesionalean eta Orbea Kontinentalean. Hori bai, lorpen handiak erdietsi ditzaketen ziklista gutxiago dago euskal tropelean.

Denboraldia hasi da eta zaleek ez dute oraindik lasterketarik garrantzitsuenak nortzuk irabaziko dituzten erantzunik, baina hori baino larriagoa da Alberto Contadorren afera noiz argituko den arrastorik ez izatea, hor dago gaia justiziaren zurrunbilo geldoan katrapilatuta. Dopinaren legea hausten duten ziklisten ia bezain errudunak dira doping aferak lehenago argitzen ez dituzten agintariak.

3 thoughts on “Gazteen peskizan

  1. Joseba

    Kaixo Xabier,
    Ez dakit galdera hau hemen planteatzea egokiena izango dan, baina lagun bategaz hizketan nengoela duda bat sortu zitzaigun. “Farolillo rojo” euskaraz nola esan genezake? Hiztegia 3000-ren arabera “Azkena”, baina ez al dago beste esamolderik?

    Reply
  2. Xabier

    Ezer baino lehen eskerrik asko galderagatik, hauxe da, blogetako abantailarik handienetakoa, elkarren arteko hartu emana. Farolillo Rojo berez ez da esapide espainiarra, frantziarra baizik, “Lanterne rouge” esamoldearekin bataiatzen zuten Tourreko sailkapeneko azkena. Nik ez dut erabiltzen, halako konotazio gutxiesgarri bat duelako baina ezer esatekotan “azkenpuntz” dela esango nuke gure hizkuntzak duen parekotasunik onena.

    Reply

Leave a Reply to Joseba Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *