Mail-runner-etatik Thuraya-ra

Ramon Olasagastik idatzita

Juan, Alberto eta Mikelek iragan-minez oroitzen dituzte 1990eko hamarkada hasierako lehen espedizio haiek: mail-runnerrak bailaran gora eta behera ibiltzen ziren orduan, etxeko eskutitzak ekartzen eta KN-koak etxekoei eta lagunei bidaltzen. Oso urte gutxitan mail-runnerrak desagertu egin dira, e-mailek ziberespazioa zeharkatzen duten abiadura berean. Lehen ordenagailuak 1990ko hamarkadaren amaieran heldu ziren Kanpaleku Nagusietara eta dena aldatu zen: berehalakotasunak isolamendu sentsazioaren amaiera ekarri zuen eta delako “no news, good news” esapide hura erabat atzenduta geratu zen.

Teknologia aurrerapenen eskutik, babesle, komunikabide eta espedizioen arteko harremana guztiz irauli zen. Telefono bidezko konexioak egiteko aukera, albisteak unean berean bidaltzeko modua, berebiziko iraultza izan zen. Hasiera batean, ekipoak oso astunak ziren. Albertok ondo gogoan ditu datuak: “1993an, iparretik K-2ra joan ginenean, telefonoak berak 15 kilo pisatzen zuen, antenak 28 eta telefonoarentzako espreski behar zen generadoreak 40 kilo”. Poliki-poliki, komunikaziorako tresneria arintzen joan da gaur egungo Thuraya txikietara iritsi arte. Eskuko telefonoak baino apur bat handiagoak dira Thurayak eta testuak eta argazkiak bidaltzeko aukera ematen dute ordenagailuari konektatuta. Urtea joan urtea etorri, eskuko telefonoek ere gero eta leku apartagoetan eskaintzen dute estaldura. Urrutira gabe, hemen KNan bertan estaldura dugu Txina Mobileri esker. Harrigarria. Tarifak, ordea, beste kontu bat dira. Alde horretatik, agintarien jokabidea ere aldatu egin da. “Lehen telefono bat sartzeagatik igual 3.000 € kobratzen zizkizuten. Talkiengatik, bideo kamerengatik, denagatik kobratzen zuten. Orain ez”.

Gaur egun, batez ere 2002tik hona, asko aldatu dira gauzak: Inmarsat terminalak (satelite bidezko telefonoak, datuak bidaltzeko prestatuak), argazki eta bideo kamera digitalak, ordenagailu eramangarriak eta beste erabiliz nahiko erraza da testuak, argazkiak eta, are, irudiak bidaltzea edonondik. Teknologia, ordea, apetatsua da oso. Etxean arazorik batere ematen ez duenak, goi-mendian funtzionatzeari uzten dio mila misterio dela medio. Aski da generadore zahar batek ordenagailu eta telefonoen kargadore guztiak izorratzea, erabat salduta geratzeko. Halaxe gertatu zaigu guri Everesteko espedizio honetan.

Azken urteotan erronkarik handienetakoa espedizio bat gailurrera nola iristen den zuzenean eta irudi bidez ematea da. Juanek, adibidez, gogoan du 2001ean hori egiten saiatu zirela TVErako. “Kamerak, antena eramangarri bat, errepikagailu bat, beharrezko guztia generaman eta hirugarren kanpalekutik zuzenean irudiak ematea lortu genuen, baina gailurretik ezinezkoa izan zen”.

Nolanahi dela ere, azken urteotan iraultzarik handiena, Albertoren hitzetan, eguraldi-parteak izan dira. “Lehen eguraldi onarekin abiatzen zinen, baina iluntzerako edo biharamunerako lainoak sartzen ziren eta buelta hartu behar zenuen”. Albertok gogoan du 2001ean jaso zituela lehenbizikoz eguraldi iragarpenak, “eta jada 2002an, Annapurnan, hiru ordutik behin jasotzen genituen Chamonixetik Jean Christophe Lafailleren eskutik”. Iragarpenei esker orain aukera gehiago dago gailurrera noiz abiatu asmatzeko, baina goi-mendian eguraldia ez da inoiz guztiz fidagarria.

Espedizioak antolatzeko modua ere asko aldatu da urteen joanean. “Lehen gutxienez urtebete lehenago eskatu behar zen baimena. Janari gehiena etxean erosten zen Katmandun gauza asko falta zirelako eta antolakuntza ia gehiena norberaren esku geratzen zen. Pixkanaka, Katmanduko agentziak gero eta profesionalagoak bihurtu dira eta gaur egun aukera dago aste gutxi batzuk lehenago baimena eskuratzeko eta dena antolatzeko. Normalean, orain pakete osoa hartzen da eta agentzia bera arduratzen da baimenaz, janariaz, garraioaz, sukaldaria eta haren laguntzailea kontratatzeaz, KNko azpiegituraz, etab. Gaur dena errazagoa da”, azaldu dute Juanek eta Mikelek. Agentzia kopurua ere gero eta handiagoa da eta zerbitzu hobea eskaintzeko haien arteko lehiak gero eta erosotasun handiagoa ekarri du espedizioentzat.

Hau da, ezarian-ezarian gure gizarteko teknologia aurrerapenak eta erosotasunak espedizioetara iritsi dira. Gauza bakarra ez da aldatu: mendia bera. Espedizio bat abiarazteko eta antolatzeko aurrerapen guztiak gorabehera, Hornbein korridorea eskalatzeko asmoa, adibidez, lehen bezain basatia, zaila eta erakargarria da.

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *