Monthly Archives: October 2009

Gustukoa Tourreko ibilbidea?

Xabier Usabiaga. 2010. urteko Tourreko ibilbidea eman da ezagutzea. Hiru gauza azpimarratuko nituzke: erlojupean kilometro gutxi, Pirinioen garrantzia eta pabean jokatuko den etapa. Azken honetatik hasita uste dut ideia oso ona dela. Pabeak Frantziako errepideen ezaugarrietako bat izan dira, eta uste dut Tourreko garaileak aurrean jartzen zaizkion oztopo denak gainditu behar dituela, baita harbidea ere. Gainera, ikuskizuna emango dio.

Bestetik, bistakoa da Pirinioei omenaldia egin dietela Tourmaletan estreinakoz igo zela 100 urte direla baliatuta. Uste dut gainera, etapa nagusia izango dela, eta bertan lider dena izango dela Tourreko garailea. Eta erlojupekoak beharrezkoak dira, baina kilometro gutxitan. Esango nuke bakarka 100 kilometrotik gora egin izan dituzten urteetan erabat baldintzatuta gelditu izan dela lehia, eta hurrengo urtean (aurten bezalatsu) 59 kilometro baino izango ez direnez, mendateetako buruz buruko lehiak erabakiko du ikusgarria izango den lasterketa.

Mundaka Billabong Pro, surfa baino gehiago bada

Argi dago Mundaka eta surfa elkarrekin doazela, baina txapelketaren parean egon badaude hainbat ekitaldi egun hauetan.

Euren webgune orritik atera dugu egitaraua jakin dezazuen:

Urriaren 9a, ostirala:
– Herri Kirolak, 18:00etan frontoian. Euria egiten badu Isla Kale polikiroldegian egingo da.
– Ekitaldi musikala, kalean.

Urriaren 10a, larunbata
– Gazteentzako jolasak 11:00-14:00 eta 17:30-19:30.
– Joel Parkinson, Tiago Pires, Taj Burrow, Hodei Collazo, Markos San Segundo eta Dean Bowen surflarien sinadura sesioa.
– Kalejira mitologikoa 21:00etan.
– “Still Filthy” filma eskiniko da 22:00etan.

Urriaren 11a, igandea
– Gazteentzako jolasak 11:00-14:00 eta 17:30-19:30..
– Sardinada portuan, 11:30ean.

Urriaren 17a, larunbata
– Mundaka / Contest Site. Txapelketaren amaera eta sari banaketa

Llorente erratu egin da Nivaldok nahita min eman ziola esaterakoan

Fernando Llorentek komunikabideen aurrean hitz egin du iragan igandean Valladoliden aurka gertatu zenaz. Nivaldok buruarekin kolpe handia eman zion Llorenteri eta hau konortea galduta geratu zen.

Llorenteren ustez, Valladolideko jokalariak nahita ematen dio burukada eta min egitera omen doa. Nik, aldiz, ez du hori uste. Argi dago Nivaldo berandu iristen dela baloira eta kolpea handia dela, baina ez dut uste min egitera joan zenik.

Horrelako jokaldiak sarri ikusi ditugu. Gainera, min egitera joanez gero ez dut uste horren ondo aterako zitzaionik ere.

Nire ustez, oraingo honetan Llorente erratu egin da eta jokalari zuri-gorriak ez du ondo jokatu komunikabideen aurrean esan duena esanaz. Irudiak hor daude eta bakoitzak nahi duena erabaki dezala.

Mail-runner-etatik Thuraya-ra

Ramon Olasagastik idatzita

Juan, Alberto eta Mikelek iragan-minez oroitzen dituzte 1990eko hamarkada hasierako lehen espedizio haiek: mail-runnerrak bailaran gora eta behera ibiltzen ziren orduan, etxeko eskutitzak ekartzen eta KN-koak etxekoei eta lagunei bidaltzen. Oso urte gutxitan mail-runnerrak desagertu egin dira, e-mailek ziberespazioa zeharkatzen duten abiadura berean. Lehen ordenagailuak 1990ko hamarkadaren amaieran heldu ziren Kanpaleku Nagusietara eta dena aldatu zen: berehalakotasunak isolamendu sentsazioaren amaiera ekarri zuen eta delako “no news, good news” esapide hura erabat atzenduta geratu zen.

Teknologia aurrerapenen eskutik, babesle, komunikabide eta espedizioen arteko harremana guztiz irauli zen. Telefono bidezko konexioak egiteko aukera, albisteak unean berean bidaltzeko modua, berebiziko iraultza izan zen. Hasiera batean, ekipoak oso astunak ziren. Albertok ondo gogoan ditu datuak: “1993an, iparretik K-2ra joan ginenean, telefonoak berak 15 kilo pisatzen zuen, antenak 28 eta telefonoarentzako espreski behar zen generadoreak 40 kilo”. Poliki-poliki, komunikaziorako tresneria arintzen joan da gaur egungo Thuraya txikietara iritsi arte. Eskuko telefonoak baino apur bat handiagoak dira Thurayak eta testuak eta argazkiak bidaltzeko aukera ematen dute ordenagailuari konektatuta. Urtea joan urtea etorri, eskuko telefonoek ere gero eta leku apartagoetan eskaintzen dute estaldura. Urrutira gabe, hemen KNan bertan estaldura dugu Txina Mobileri esker. Harrigarria. Tarifak, ordea, beste kontu bat dira. Alde horretatik, agintarien jokabidea ere aldatu egin da. “Lehen telefono bat sartzeagatik igual 3.000 € kobratzen zizkizuten. Talkiengatik, bideo kamerengatik, denagatik kobratzen zuten. Orain ez”.

Gaur egun, batez ere 2002tik hona, asko aldatu dira gauzak: Inmarsat terminalak (satelite bidezko telefonoak, datuak bidaltzeko prestatuak), argazki eta bideo kamera digitalak, ordenagailu eramangarriak eta beste erabiliz nahiko erraza da testuak, argazkiak eta, are, irudiak bidaltzea edonondik. Teknologia, ordea, apetatsua da oso. Etxean arazorik batere ematen ez duenak, goi-mendian funtzionatzeari uzten dio mila misterio dela medio. Aski da generadore zahar batek ordenagailu eta telefonoen kargadore guztiak izorratzea, erabat salduta geratzeko. Halaxe gertatu zaigu guri Everesteko espedizio honetan.

Azken urteotan erronkarik handienetakoa espedizio bat gailurrera nola iristen den zuzenean eta irudi bidez ematea da. Juanek, adibidez, gogoan du 2001ean hori egiten saiatu zirela TVErako. “Kamerak, antena eramangarri bat, errepikagailu bat, beharrezko guztia generaman eta hirugarren kanpalekutik zuzenean irudiak ematea lortu genuen, baina gailurretik ezinezkoa izan zen”.

Nolanahi dela ere, azken urteotan iraultzarik handiena, Albertoren hitzetan, eguraldi-parteak izan dira. “Lehen eguraldi onarekin abiatzen zinen, baina iluntzerako edo biharamunerako lainoak sartzen ziren eta buelta hartu behar zenuen”. Albertok gogoan du 2001ean jaso zituela lehenbizikoz eguraldi iragarpenak, “eta jada 2002an, Annapurnan, hiru ordutik behin jasotzen genituen Chamonixetik Jean Christophe Lafailleren eskutik”. Iragarpenei esker orain aukera gehiago dago gailurrera noiz abiatu asmatzeko, baina goi-mendian eguraldia ez da inoiz guztiz fidagarria.

Espedizioak antolatzeko modua ere asko aldatu da urteen joanean. “Lehen gutxienez urtebete lehenago eskatu behar zen baimena. Janari gehiena etxean erosten zen Katmandun gauza asko falta zirelako eta antolakuntza ia gehiena norberaren esku geratzen zen. Pixkanaka, Katmanduko agentziak gero eta profesionalagoak bihurtu dira eta gaur egun aukera dago aste gutxi batzuk lehenago baimena eskuratzeko eta dena antolatzeko. Normalean, orain pakete osoa hartzen da eta agentzia bera arduratzen da baimenaz, janariaz, garraioaz, sukaldaria eta haren laguntzailea kontratatzeaz, KNko azpiegituraz, etab. Gaur dena errazagoa da”, azaldu dute Juanek eta Mikelek. Agentzia kopurua ere gero eta handiagoa da eta zerbitzu hobea eskaintzeko haien arteko lehiak gero eta erosotasun handiagoa ekarri du espedizioentzat.

Hau da, ezarian-ezarian gure gizarteko teknologia aurrerapenak eta erosotasunak espedizioetara iritsi dira. Gauza bakarra ez da aldatu: mendia bera. Espedizio bat abiarazteko eta antolatzeko aurrerapen guztiak gorabehera, Hornbein korridorea eskalatzeko asmoa, adibidez, lehen bezain basatia, zaila eta erakargarria da.