Daily Archives: 25 September, 2009

Eguraldia okerrera

Ramon Olasagastiren kronika:

Iragarpenak ez dira inoiz fidatzekoak goi-mendian. Kanpaleku Nagusian zerua erabat estalita dago eta eguerdiaz geroztik elurra ari du xehe-xehe. Hiru-lau bat zentimetroko geruzak estaltzen du uneotan kanpalekua. Everest magal honetara iritsi ginenez geroztik, egunik okerrena izaten ari da. Badirudi altueran baldintzak zertxobait hobeak izan direla goizean zehar eta Albertok, Juanek eta Mikelek aparteko arazorik gabe iritsi ahal izan dute bigarren kanpalekuaren kokapenera (7.200 m). Dena dela, beraiek ere harrituta eta kezkatuta daude eguraldiarekin; ez zuten halakorik espero. Ikusi beharko da datozen orduetan zer joera hartzen duen.

Hiru taldekideak goizeko 5:30ean abiatu dira gaur, eguneko lehen argi printzekin batera. Atzo jarritako sokari esker arazorik gabe gainditu dute hormapeko errimaia eta halaxe sartu dira japoniarren korridorean. Elurrezko kanal bat da delako korridore hori, 50º eta 60º bitarteko maldekin, tentea oso, atsedenik batere eskaintzen ez duena.

Kanpaleku Nagusitik gertu bada begiraleku bat eta handik bikain ikusten da Everesteko ipar aurpegi osoa. Gaur, ordea, behe-lainoak eta hodeiek ez dute utzi hiru taldekideen igoera ikusten. Albertok eguerdiko 12:00ak aldera hots egin du bigarren kanpalekuaren kokagunean (7.200 m) zeudela esateko, duela hiru urteko ahaleginean baino 50 metro gorago. “Igoeran era guztietako elurra topatu dugu: gogorra zenbaitetan, hautsa batzuetan… Eguraldia, nahiz eta oso ona izan ez, eskalatzeko ez da hain txarra izan. Elur malutatxo batzuk erori dira, baina tenperatura ona izan dugu”.

Fisikoki, maldaren tentea ederki nabaritu dute. Kranpoi-puntak korridorera iltzatzearen poderioz Mikelek “lehertu beharrean” zituen zango-sagarrak. Nolanahi ere, duela hiru urteko ahaleginarekin alderatuta, Albertok jakinarazi du 1996an lau ordu behar izan zituztela kanpalekua ezartzeko plataforma zizelkatzen eta gaur ordubeterekin aski izan dutela denda jartzeko moduko zelaigunea prestatzen. “Gainera, duela hiru urte, lehenbiziko egunean elurrean arrastoa zabaltzen aritu behar izan genuen hainbat orduz eta atzo ez zen halakorik behar izan”. Alde horretatik, lehenbiziko bi egunak neke gutxiagokoak izan dira.

Arratsaldeko 14:00etan, bigarren komunikazioan, eroso antzean zeuden jada denda barruan, hidratatzen eta goizeko nekeaz osatzen. Eguraldia, eguraldia da ordea orain kezkatzen dituena. Biharko eta etzirako iragarpenak onak dira, baina gaurko ere ez ziren txarrak eta… Ez dago jakiterik. “Elurra hasten badu, korridorea tranpa hutsa bilakatzen da. Goitik elur hautsa jausten hasten da eta ihes egitea beste biderik ez da geratzen”, azpimarratu dute hiru taldekideek. Esandakoa, hurrengo orduetako joerari adi jarraitu beharko zaio.

Eguraldiak laguntzen badu, bihar japoniarren korridorean gora jarraituko dute Hornbein korridorearen sarreraraino. Everesteko goiko aldean harrizko orban nabarmen-nabarmena da Hornbein korridorea. 8.000 metro inguruan jarriko lukete kanpalekua, harkaitz baten babesean. Ea eguraldiak hobera egiten duen.

Informazio gehiago, hemen.