Daily Archives: 22 September, 2009

Athletic Cluben hasiera ezin hobea Europako prentsak nabarmendu du

Inor gutxik espero zuen Athleticen hasiera zoragarri hau. Cristiano Ronaldoren Real Madrilen eta Messiren Barçaren pare dabil talde zuri-gorria.

Taldea ez zen batere ondo aritu Europako Leagueko atariko kanporaketetan, Young Boysen eta Tromsoeren aurka, Europako iparraldeko bi talde ahulen aurkako neurketetan.

2009/2010 denboraldia Espanyol mendean hartzen irabazi zuen Toqueroren gol batekin. Jokalari hau oso maitatua da baina kalitatea ez omen du soberan. Ondoren, euskaldunek Xerez garaitu zuten, baina beharrezkoa izan zen jokalari andaluziar batek gola bere atean sartzea.

Fernando Llorente, euskaldunen izar nagusia, ez zen bere mailarik onenean ari eta zaleek gogorarazi zioten. Gainera, zaleak taldearekin ez zeuden batere gustura eta zalantzak agertu ziren, ez baitzituzten argi taldeak jaitsiera saihestuko zituen aukerak.

Dena aldatu zen, ordea, azken astean, Llorentek bi gol egin zituenean Austria Vienaren aurka Europa Leagueko multzoen faseko lehenengo partidan. Egun batzuk geroago, beste bi gol egin zituen Vila-realen aurka, euskaldunak zerura eramanda.

Antzinako moduan. Bartzelona, Real Madril eta Athletic Club, sekula lehenengo maila utzi ez duten taldeek, sailkapenaren buruan dira. Hasiera hau ez da oharkabean igaro Europako prentsarentzat, bi handien artean talde xume bat kokatu da.

Athletic urakana

“Bi zaldien arteko lasterketa izango dela aurreikusten zuten, baina lehoi batek ezustean harrapatu ditu denak eta hesiak dotore ari da igarotzen”, esan du ESPN Soccernet-ek.

Web honen arabera, mundu mailako lider dena, San Mameseko lehoiak ez ziren hautagaien artean sartzen azken denboraldiak sufrimenduaren bidean eman ondoren. Artikuluak Iker Muniain ere aipatzen du eta gazte zuri-gorria Wayne Rooneyren euskal bertsioa dela gaineratu.

The Guardian egunkari britainiarrarentzat, “Athletic urakana bolada onean da oso altu hegal egiten duen Fernando Llorenteren eskutik”. Espainiako selekzioarekin joateko deialdiek edota Caparrosek emandako konfiantzak zerikusia izan dezakete, baina argi dagoena Llorente Athleticen egoeraren “errudun handienetarikoa” dela.

Liga Talkek, Double Decaer Group talde handiko futbol webguneetako batek, Athleticen filosofia goraipatzen du.

“Athleticek ez lituzke arazorik izango harrobiko zortzi jokalari deialdian sartzeko edo herrialdeko selekzioarekin deituak izan daitezkeen sei jokalari zelairatzeko, UEFAk emango dituen proposamenetako batzuk betetzeko, alegia”, esan du webguneak.

Zaleek badakite Real Madrilen eta Bartzelonarekin batera luzaroan irautea ezinezkoa dela, baina harro egon behar direla taldeak egiten duen futbolarekin, gaineratu du Liga Talkek.

Igor Lansorena (jatorrizkoa ingelesez, “Athletic Club Bilbao’s dream start in the spotlight“)

Lonazko herrixka bat Everest magalean

Ramon Olasagasti (espedizioaren bloga):

Everesteko ipar aurpegi ikusgarriaren begiradapean, Rongbukeko monasteriotik lau bat kilometro gorago eta 5.000 metroko altueran, behin-behineko herrixka bat goratzen da. Hogeita hamarna dendaz osatutako bi ilara dira eta erdian harrizko halako zabalgune bat. Lonazko herrixka bat, Everesteko irudi itzela ederretsi eta erretratatzeko irrikaz iristen diren turistak aterbetzeko. Guztira 300 bat lagun sar daitezke dendetan, sei bakoitzean.

Lonazko dendak harrigarri abegitsuak dira. Denetan ematen dute jatekoa eta ostatua, eta kanpoaldean, fosilak saltzen dituzte, Himalaya itsas azpian zegoen garaiko aztarnak. Bazter batean, Txinako postak aukera ematen du Everest magalean bertan postal bat zigilatu eta noranahi bidaltzeko. Harrigarria da herrixka hau.

Batez ere tibetarrak dira dendak kudeatzen dituztenak. Yika da horietako bat, 15-16 urteko mutil kozkorra, atsegina eta langilea. Artez gobernatzen du bere denda; 10 egun egiten ditu Everest magalean eta gero lau Zhaxizongen, jaioterrian. Bere adin motzean, ezagun da estimatan dutela gehienek. Egunean zehar bisita asko jasotzen du eta haiekin aritzen da berriketan. Egia esan, hemen ez dago askoz gehiagorik egiteko. Ostatuagatik jasotzen dutena (40 joan, 4 euro inguru) Txinako Gobernuari eman behar diote, gobernua baita denda hauen guztien jabea; otorduengatik jasotzen dutenarekin bizi dira, hortaz. Arratsaldero, eguzkia ezkutatzen denean, Yikak tximinia txiki bat pizten du eta han jartzen ditu berotzen bi teontzi handi. “Black tea or milk-tea”, galdetzen du gero. Ilunabarrean, berriz, kartoi zahar bat ateratzen du, afaltzeko menuarekin; soila da oso eskaintza.

Noiznahi iristen dira Toyota handiak. Gehienak Lhasatik datoz, Tibeteko goi-lautadan barna ibilbidea edo trekkinga osatuz. Nola ez, Everesteko ikusmira begiestea da bide horretan erakargarri nagusietako bat. Asko Txinakoak bertakoak dira; barne turismoa, alegia. Toyotatik jaitsi orduko beren tripodeak eta kamera handiak atera eta Everesteko ipar aurpegiaren irudia ehizatzen saiatzen dira, grinatsu. Everestek, ordea, ez du beti erakusten aurpegia. Zorte kontua da. Goizetan, hala ere, errazagoa da haren bisaiaz gozatzea.

Tibetarrentzat, lonazko herrixka horretan bizi direnentzat, Everest Lurraren Jainkosa Ama da, hemen egotearen arrazoia eta funtsa. Haiek jada ez dira harritzen mendiaren ikuspegiarekin; aitzitik, halako etsipenez bizi dute turistak iritsi, egun bat pasa, argazkitan beren Chomolungma erretratatu eta nola joaten diren ikustea. Ikusten baitute mendiak hor jarraitzen duela eta beraiek ere bai.

Rongbuk Hotela

Lonazko herrixka hori baino lau bat kilometro beherago, Rongbukeko monasterio zaharraren parean, izen bereko hotela dago. Edozein hiritan edo herritan hotel normala litzateke, baina hemen, 4.800 metrotan, harrigarria gertatzen da. Tokiaren kolore arreekin bat eginik, ez da bere itxura arreta deitzen duena, goi hauetan halako hotel bat eraikitze hutsa baizik. Eta zergatik ez? galdegin dezake batek. Europan baditugu teleferiko, hotel eta mendiko beste hainbat azpiegitura eta inork ez ditu haiek ezbaian jartzen.

Hotelaren barruan, Everesteko eta Potalako jauregiko mural eta argazki erraldoiak daude sarreran. Lehenbiziko solairuan, berriz, jangela handi bat dago. Han hartu gaitu hoteleko arduradunetako batek. Ingelesez zertxobait badaki, baina hutsaren hurrengoa; bitxia halako leku bat kudeatzeko. Azaldu digunaren arabera, hotelak sei urte daramatza lanean eta 40 gela ditu; hau da, 100 lagunetik gora hartzeko gaitasuna. Prezioak ez dira sobera garestiak: 300 joan (30 euro inguru) kostatzen da gela bat. Izango dira diru horregatik gutizia garestiagoak, goizean jaiki eta gelatik bertatik Everest begiestea baino. Nola ez, hotela ere Txinako Gobernuarena da baina tibetarrek kudeatzen dute. Urtean zehar ehunka turistak hartzen du ostatu hotelean, gehienak europarrak eta txinatarrak. Lonazko dendatxoen aldean beste maila bat da hotela, beste erosotasun bat, baina hala ere, Rongbukeko bailaran ez dirudi halako kontuek bizikidetza urratzen dutenik.