Bigarren irteera ohiko bidera

Bigarren irteera Everesteko ipar aurpegiaren ohiko bidera. Alberto, Juan eta Mikel gaur goizeko 9:45ean abiatu dira Kanpaleku Nagusitik, motxilak gainezka. Oraingo honetan helburua da 7.000 metroz goitik 3 gau lo egitea eta, ahal dela, gau bat 7.500 metrotan. Hau da, xedea da altuerara girotzeko fasea amaitutzat ematea, berriz ohiko bidera bueltatu behar izan gabe. Aurrerantzean, behin bigarren irteera hau amaituta, Hornbein korridorean jarriko dute bihotz-arima.

Atzo arratsalde-iluntzean ezagun zen edozein irteeraren aurretik sumatu ohi den urduritasuna. Hiru taldekideek xehetasun txikiena zainduz prestatu zituzten beren janari poltsak: arroza, pureak, zopak, zerealak, isostar, fruitu lehorrak, txokolate pixka bat… Eta nola ez, urdaiazpikoa, txorizoa, gazta… “Gurea estilo alpino klasikoa da”, zioten txantxa artean, “gauza batzuk derrigorrezkoak dira”. Gehien kezkatzen zituena, hala ere, eguraldi partea zen. Iragarpenak zion hurrengo 5 egunak on-onak ere ez direla izango, baina txar-txarrak ere ez.

Eguraldiaz gain, atzo arratsaldean izan genuen bestelako buruhausterik ere. Teknologia, espedizio osoan zehar oso lagun izan ez duguna, bereziki gaizki portatu zen atzo: generadoreak, tentsio goraldi batean, ordenagailuen eta telefonoen hainbat kargadore izorratu zizkigun et abeste batzuk entxufatzen ere ez digu uzten. Alde horretatik, egoera oso behin-behinekoa da. Komunikazioa hari oso fin batetik dago zintzilik.

Gaur goizean, Alberto, Juan eta Mikelek, jakin-minez, pisatu egin dituzte beren motxilak. Bakoitzak 10 kilo zeramatzan, hor nonbait. Motxiletan zeramaten 25 metroko soka ere, Ipar Lepotik 7,500 igotzeko. Datozen egunetan adi jarraituko ditugu haien mugimenduak. Eguraldia lagun izan dezatela.


Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *