Udaberri eroa

“Hau aparteko urtea izaten ari da”, Albertok. “Aparteko urtea baino, urte txar bat, urte desberdina akaso bai, baina txarra, asko gehiago gabe”, Juanek. “Zorte kontua da, sasoia halakoa egokitu da, eta kitto”, Mikelek.
Dom denda barruan, jantoki eta egonlekutarako probesten dugunean, eguraldia da mintzagai nagusietakoa gosari ostean –irin opiltxoak gurina eta mermeladarekin, eta tea edo esne hautsekin lagundutako kafea-. Azken lau egunetatik honako eguneroko iragarpenek gaurko eguna, astelehena maiatzaren 18a, bereizten zuten mendi jardunerako eguraldi onenekoa bezala: prezipitazio aukerak oso urriak eta haizea oso-oso bare, 6.600 metrotan egunean batazbeste orduko 14 km-ko indarra, eta 8.500 metrotan orduko 25 km-koa. Mendebaldeko Pilarean bete-betean aritzeko primerako datuak.

Baina, bai zera! Gaurko gaua izan da OK-n orainarte izan dugun haizetsuena, eta goizak aurea egin ahala ere ezta batere baretu. Hori 5.300 metrotan. Pentsatu ere eztugu egin nahi 6.500 metrotan dagoen C-Iean, edota zer esanik ez, tente-tenteak diren 7.350 metrotan eta 7.800 metrotan dauden erlaitzetan, C-II eta C-III izatekoak zirenetan, giroa zer nolakoa izango den. “Giroa, giroa! Hegan egiteko sekulakoa!”, dio erdi barrezka, brometan, Mikelek.

Alegia, eguraldi parteak asmatu ezinda dabiltzala udaberri hontan. Apartekoa, urte txarra… Hori guztia batean bilduta: “eroa”. Nahasia dabil oso eguraldia, haizeari dagokionez batik bat. Jasotzen dugun eguraldi parteak lau aldagai erakusten dizkigu: haize indarra (orduko/km), haizearen norabidea (gradutan), hezetasuna edo prezipitazio aukera (%), eta hotzberoa (gradutan). Hiru egunera begira egindako partea izaten da, aurrerago begiratzen duen aurrikuspen bat gehituz, eta egun bakoitza hiruna orduko zazpi tartetan zatitzen du, tarte bakoitzeko datu horiek guztiak emanaz.

Bada egun batetik bestera datuak asko aldatzen ari dira. Atzo gaurko iragartzen zena, gaur aldatu egiten da, eta hala ia egunero. Eztago ez eguraldi partearekin plangintzan aritzeko aukerarik, eztu segurtasunik ematen. Eroa dagoelako eguraldia, nahasia, ezegonkorra, aldakorra oso, haizeari dagokionez batipat.
Eztago. Gauzak hala hartu behar ez baitago horren aurka ezer egiterik. Gertatzen ari zaie Albertori, Juani eta Mikeli hemen Makaluko Mendebaldeko Pilarean, gertatu zaie Makaluko bide arruntean gaur bertan C-IVtik behera egin behar izan duten indiarrei eta espainiarrei –nahiz oxigenoa artifiziala eskura eduki-, Everesteko hego-arpegian dabilen jende anabasari, Kangchengjungan dabiltzan euskaldunei eta besteei, Manaslun ibili direnei,… “2009ko udaberria haizetsua izan zen oso, aparteko urtea, urte txarra mendi-gailurretara igotzeko”, akaso hala gogoratuko dugu aurrera begira aurtengoa. Akaso.

Goi-mendizaletasunean izan den garapenik nabarmenena da eguraldi iragarpenena, hamarkada honetako kontua artean. “Lehen, gauean zeruari begiratu eta izarrak ikusiz gero hurrengo goizean gora! Edo aldioro barometroari begira egon, eta itsu xamarrean, zoriaren baitan, egiten ziren saiakerak –askotan kale eginaz-, baina eguraldi iragarpen fidagarriak heldu zirenetik, horixe izan da goi-mendizaletasunean garapenik garrantzitsuena, materiala, jakiak, eta halakoetatik haratago”, dio azkenik Albertok. Bai, baina horrek ere huts egin dezake, edo asmatu ez. Eguraldia iragarleekin jolasean ariko balitz bezala da, eta aldi berean, mendizaleekin. Jakin nahi eta ezin, ziurtasuna eduki nahi, eta ezin.
Halakoa izaten ari da aurtengo udaberria Himalayan, eroa, jostaria.

Ah! Atzo jaso genuen eguraldi parteak eztu oraindik zirrikiturik erakusten, ostegunera arte ez behintzat. Ostiralean zamaketariak datoz OK biltzera… eta asko jota astebete extra bat egin liteke eguraldi oneko leihoaren esperoan. Beti ere, eguraldi iragarpenak hartarako bidea erakusten badu.

2 thoughts on “Udaberri eroa

Leave a Reply to Miel Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *