Making of bideo berezi batekin… agur!

Agur esateko garaia iritsi da. Amaitu zaigu ‘Go!azen 4.0‘ telesaila eta horrekin baita nire lana ‘Go!azeneko Espioi‘ bezala. Mundiala izan da telesaila nola grabatzen duten ikustea eta bertako sekretuak, telebistan ikusten ez diren horiek denak, zuei kontatzea!

Miriam Torres, 'Go!azen'eko Espioia

Miriam Torres, ‘Go!azen’eko Espioia

Agur esateko azken bideo berezi bat ekarriko dizuet. Azken ataleko ‘Go!azen’ abestia nola grabatu genuen kontatzen digute aktoreek bertan.

Ahhh baina gogoratu orain ‘Bago!az‘ lehiaketa hasiko dela. 32 lagun arituko dira lehian, nork hobekien abesten eta interpretatzen duen erabakitzeko. Eta horrek zer esan nahi du?

Hurrengo urtean ere izango dela ‘Go!azen’!!! Izan ere, Iholdi Beristainekin gertatu bezala, ‘Bago!az’ irabazten duena ‘Go!azen’en ikusiko dugu.

Urtero bezala, udan egingo dira grabaketak eta udazkenean iritsiko da gure pantailetara.

Hurrengora arte!!

 


Basakabitik kanpora grabatzen…

Gehienok jakingo duzuenez, ‘Go!azen‘eko sekuentzia guztiak leku itxietan grabatzen ditugu beti. Alegia, ez garela kalean grabatzen ibiltzen normalean. Horri buruz hitz egingo dugu gaur Go!azeneko Espioiaren txoko honetan.

Miriam Torres, 'Go!azen'eko Espia

Miriam Torres, ‘Go!azen’eko Espia

Normalean sekuentzia guztiak Azpeitiako esklaben komentuan ala Donostiako gune pribatu batean grabatzen ditugu. Horrela daukagu Basakabi antolatuta!

Baina aurten, sekuentzia bat kalean grabatu genuen, Donostiako Tabakaleran hain zuzen ere. Naia eta Julen Royal School-eko proba egitera motorrean joaten direneko sekuentzia da hori. Han, Tabakaleran, ‘Txanpon baten truke‘ abesten dute Iker Laurobarekin batera. Iker Laurobak egin zuen kaleko kantariaren papera jeje!

Iholdik eta Beñatek grabazio hura nola joan zen kontatzen digute bideo honetan. Ikusi!


‘Quién manda aquí’, berriz ere Basakabin

‘Quien manda aquí’ abestiaren sekretuekin nator oraingoan ‘Go!azeneko Espioiaren’ txoko honetara. Gure telesailean agertzen den bigarren aldia izan baita aurtengoa.

Making of quien manda aquí

‘Quién manda aquí’ grabatzen.

Gogoratzen al duzue iazko ‘Go!azen‘en  Zuzenek nola tratatzen zuen Irati? Batere esperientziarik ez duen irakasle hasiberria bezala, ikasleen aurrean behar bezala portatzen ez dakiena bezala.

Nahikoa lan izan zuen Irati gaixoak ikasleekin! Haien gaineko aginte apur bat lortzen zuenean, Zuzenek kendu egiten baitzion. Giro horretan abestu zuten iaz Esne Beltza taldearen “Quién manda aquí” abestia.

Aurten Erikari egokitu zaio abesti berbera entzutea, nahiz eta bi irakasleen egoerak ez duen inolako antzik. Erika askoz ere zorrotzagoa eta maltzurragoa da: Zuzen alboratu eta Basakabiko agintea eskuratu du. Baina bidean Zuzenekin izan dituen tirabira horietan berak ere Esne Beltzaren abestia entzun behar izan du.

Nahi al duzue ikusi nola egin genuen “Quién manda aquí”ren grabazioa oraingo honetan? Zenbat aldiz prestatu genuen eta nola joan zen? Hementxe daukazue bideoa:


Testuak ikasteak ematen duen lana!

Dudarik gabe gure aktoreek izaten duten lanik handiena gidoien testuak ongi ikastearena izaten da. Honi buruz arituko gara aste honetako Espioiaren txokoan.

Miren Arrieta (Ane)

Miren Arrieta (Ane)

Lehendabizi, esango dugu sekulako langileak direla gure aktoreak eta fin fin aritzen direla testuak, abestiak eta koreografiak ikasten. Bakoitzak bere teknika propioak izaten ditu. Batzuk norbaitekin aritzen dira, beste batzuk mugikorra erabiltzen dute, bada etxeko katuarekin testuak errepasatzen jarduten duenik ere… Edozer da balekoa, emaitza onak ematen baditu!

Hurrengo bideoan bakoitzak dituen teknikak azaltzen dizkigu. Ikusi!


Kantatzen jarraitzen dugu!

Askotan kontatu izan dizuet ‘Go!azen‘eko aktoreei abestea asko gustatzen zaiela ezta? Seguru Gabon Gaua ere kantatzen pasatzen dutela haietako askok!

Miriam Torres, 'Go!azen'eko Espia

Miriam Torres, ‘Go!azen’eko Espia

Grabazioetan ere halaxe aritzen dira beti. Denbora nolabait pasa beharra dago eszenatokia, argiak, kamerak eta abar prestatzen diren bitartean; edo beste norbaitek bere eszena amaitzen duen bitartean…

Aritz Mendiolak beti eramaten du gitarra eta Ainhoa Larrañagak eta Miren Arrietak euren ahotsak dituzte instrumentu nagusi. Berri Txarrak taldearen ‘Berriz min hau’ abestia kantatzen harrapatu nituen behin. Ikusi nahi duzue?


Nola konpontzen dira aktoreak euren artean?

Askotan galdetzen didazuen galdera da hau; aktoreak ongi ala gaizki konpontzen diren elkarrekin. Zer esango dizuet bada nik? Ba orokorrean oso oso ondo konpontzen direla, bai aktore nagusiak baita figurante gisa aritzen diren gazteak ere. Oso jatorrak dira denak eta!

Eli (Ainhoa Larrañaga) Go!azeneko grabazioetan

Eli (Ainhoa Larrañaga) Go!azeneko grabazioetan

Batzuetan ordu asko egoten dira lanean, sekuentzia asko errepikatu eta errepikatu aritzen dira eta, gainera, sekuentzia bat eta bestearen artean, zain egon behar izaten dute dena prestatzen den bitartean. Hori horrela, ulertzekoa litzateke batzuetan nekatuta eta umore txarrez egotea, baina EZ EZ EZ. Ez da hori gure kasua.

Beti umore onez, irrifarrez, eta jolasteko, kantatzeko eta txorakeriak egiteko gogoz harrapatu izan ditut.

Bideoa ikusi nahi? Hementxe dituzue grabazio egunetan hartutako une polit batzuk!


Aritz Mendiola eta biok patioan itxita utzi gintuzten!

Kaixo! Oraingoan, niri gertatutako kontu bat kontatzera nator. Ba al dakizue Aritz Mendiola eta biok Basakabiko patioan itxita utzi gintuztela behin?

Miriam Torres, 'Go!azen'eko Espia

Miriam Torres, ‘Go!azen’eko Espia

Imaginatuko duzuen moduan, grabazio egunak luzeak izaten dira eta, tarteka, aktoreek denbora libre pixka bat izaten dute. Egun horietako batean, zain egotea tokatzen zitzaigun bitartean, haize pixka bat hartzera kanpora ateratzea erabaki genuen Aritz Mendiolak (Garik) eta biok.

Baina antza, kanpotik zarata gehiegi sartzen zela-eta, teknikariek atea itxi zuten. Eta han gelditu ginen barrura sartu eta lanera itzuli ezinda! Zer egin horrelako egoera batetan? Ba bideo bat grabatu, noski!!

Ikusi bideoa!


Musikalak ondo entseatu beharra daude!

Kaixo! Hemen naiz berriz ere sekretu gehiago kontatzeko prest. ‘Go!azen‘eko aktoreei gehien gustatzen zaien lanetako bat musikalak grabatzea izan ohi da. Hala kontatu zigun, behintzat, Ainhoa Larrañagak Altxor Ezkutuko lehen bideoan.

Gari eta Eli 'Ikusi arte' abesten

Gari eta Eli ‘Ikusi arte’ abesten

Baina ez pentsa lan erraza denik! Ez, ez, ez! Musikal baten atzean lan aaaasssssko dago. Entsegu pila egiten dituzte: abestia ondo ikasteko, koreografia ikasteko, interpretazioa lantzeko…

Kasu honetan erakutsiko dizuedan bideoan, Ainhoa Larrañaga bera (Eli) eta Aritz Mendiola (Gari) ikusiko ditugu entseguetako batean. ‘Ikusi arte‘ abestia grabatu aurretik harrapatu nituen, ahotsak berotzen eta letra ondo ikasten. Gainera haserre zeudela ere interpretatu behar zuten!

Nola prestatu zuten ikusi nahi?

 


A ze lanak izan dituen Iholdik, Naia izateko orrazten!

Kaixo!

Go!azen APPan ikusten nauzue zuetako batzuk astearteetan, eta orain hemen, Espiaren Blogean ere bai. ‘Go!azen’ telesailaren grabazioetan, aurkezpen eta ekitaldi berezietan sartu, eta haietan zer gertatzen den kontatzeko prest egoten naiz beti! Kameren aurrean ikusten ez den hori kontatzeko prest!

Iholdi ileapaindegian

Iholdi ileapaindegian

Kasu honetan, Naia izango dugu protagonista. Badakizue gaixo egon dela eta, sendatu ondoren, neska normal baten bizitza egin nahi duela. Baina ile motz motza du oraindik eta ileordearekin ibiltzen da. Hala ere, ile motzarekin ere ikusi dugu eszena batzuetan.

Eta nola lortzen du Iholdi Beristain aktoreak Naiak daukan itxura hori? 30 minutu baino gehiagoz, ileapaindegian egonda! Imaginatu ezazue: goizeko zortzirak aldera, aktore guztiek pasa behar izaten zuten ileapaindegi, jantzitegi eta makillaje gelatik. Iholdik 30 minutu behar izaten zituen gutxienez ilea orrazteko bakarrik. Oso bitxia da ile motzak motzagoaren itxura izateko erabiltzen den teknika. Ikusi ikusi bideoan!


Aritz Mendiola eta Ainhoa Larrañaga abesten harrapatu ditut!

Astean zehar kontatu nizuen bezala, ‘Go!azen‘eko grabazioetan sartzeko zortea izan dut. Sekretu pila bat jakin ditut eta Go!azen APPan (asteartetan) eta Go!azeneko Espioia izeneko txoko honetan (igandeetan) kontatuko dizkizuet.

Miriam Torres, Espioia

Miriam Torres, Espioia

Badakizue telesail baten grabazio orduak oooosssoooooooo luzeak izaten direla. Goizeko 8etan hasten ginen ‘Go!azen’en eta sarritan gaueko 8ak ematen zuten eguneko lanak amaitzerako.

Tartean aktoreek atseden une batzuk izaten dituzte eta bakoitzak gustukoena duena egiteko aprobetxatzen du. Gure aktoreei kantatzea da gehien gehien gustatzen zaiena. Edozein une da ona gitarra hartu eta kantuan hasteko.

Horretan harrapatu nituen Aritz Mendiola (Gari) eta Ainhoa Larrañaga (Eli). Aritzek musika talde bat du, Lau Katu izenekoa, eta euren kanta bat abestu zuten sekuentzia eta sekuentzia artean. Ikusi nahi? Eman play bideoari!

 


Confianza online