Tag Archives: marrazkilaria

ELKARRIZKETA: Pernan Goñi

 

 

pernan goñiPernan Goñi (Oñati, 1968)

www.pernangoni.com/blog

 

Arte  Ederretan lizentziatua. Arte irakaslea zenbait lekutan: Guggenheim Museoan, Montehermoso Zentroan… Nontzeflash lehiaketan epaimahaikide. Era berean, egunkari zein aldizkari desberdinetan kolaboratu izan du. Hala nola, Gara, Belleza Infinita, Amasté, Euskal Herriko Unibertsitatea …

 

Jendeak karikaturak eskatzen zizkizun eta “Caricaturas a lo loco” atera zenuen zure web orrian. Jendeak eskatu gabe ez zenituen karikaturak egingo, hortaz?

Bai. Nahi gabe, buruan dauzkadan ideietako bat martxan jarri nuela uste dut: “Ez dut zerbait komunikatu nahi, baizik eta norbaitekin komunikatu.”. Halako slogan edo ideia batzuk dauzkat, eta “arte” esparruan edo ez dakit nola deitu, kontu kreatiboetan, halakoak erabiltzen ditut, norabide gisa. Karikaturak egiten ere bai. Egia esan, ez dakit karikaturak ote diren, batzuk erretratuen itxura dauzkate. Karikaturek “rasgo” bat esageratzen dute, adibidez, sudur luzea daukan batek, ba luzeagotu egiten zaio, inkluso Pinoccioren keinu bat eduki dezake, edo Zapateroren bekainak, eta abar. Beti izan naiz pixka bat platoniko, naiz eta ideologikoki kontra egon (kontraesanak ditut)… Esan nahi dudana da edertasuna barruan dagoela pentsatzen dutenetakoa naizela uste dut, eta kanpokoari ez zaiola garrantzi handiegirik eman behar… Hortaz, karikaturek, edo erretratuek, azalean gelditzeko arriskua daukate, nahiz eta Goyaren erretratuak, adibidez, psikologikoki oso sakonak eta esangurtsuak izan…

Barkatu, nahasten ari naiz. Nik nahi nuena karikaturak dohainik ematea zen, edo oso merke, eskatzen zizkidanentzako. Beraiek ere gero interneten erabiltzeko, eta niri publizitate pixka bat emateko. Halako trueke arraro bat zen. Kontratu lainotsu bat. Berdintasunean. Jostailuzko tratu bat, txantxetakoa, ze gero beharbada nik ez nien egiten karikatura, edo beraiek ez zuten erabiltzen…

Eta bestalde, oso alperra naiz, eta noirbaitek zerbait eskatzen ez badit, ez dut inoiz egiten. Bueno, oraintxe hasi naiz nire gauzak egiten… Ez naiz horren alperra… Zahartzaroa izango da.

Internet munduan oso sartuta zaude: Web orria, blog-a, mugikorren inguruko enpresa, sare soziala… Nola kokatzen da karikatura mundu informatizatu honetan?

Internet gustatzen zait komunikabide moduan. Lehen gehiago gustatzen zitzaidan. Bere horizontaltasuna gustatzen zitzaidan. Eta argitaratzeko aukera asko ematen duelako. Nire ustez, orain ez da horren horizontala (Facebook edo Google bezalako mostruoetan pentsatzen ari naiz, geroz eta beldurra gehiago ematen didate…) eta horregatik gutxiago gustatzen zait, baina hala ere, hor nago, eta maite dut. Bakoitzak bere irudi bat daukanez sare sozialetako profilean, karikaturak hor kokatu daitezke. Batzuk “Simson” itxurako irudiak ipintzen dituzte, beste batzuk bere haurtzaroko argazki maitagarri bat… Hala bururatu zitzaidan, zergatik ez marraztu nik guzti hori.

Lagun eta senitartekoen karikaturak aurkezten dizkiguzu. Jende ospetsua ez duzu hain gogoko ?

Ospea berdin zait. Baten bat ospetsua izateagatik ez zaio nire karikaturen etxean ez hoberik ez okerragorik egingo. Berdin berdin tratatuko zaio. Nire lagun gutxi batzuk ospetsuak dira, gehienak ez gara. Jende asko dago maite dudana eta gustura asko egingo nieke karikatura: eskatu ez didaten lagun askok, eta miresten ditudan famatu askorenak ere bai. Hala ere, ez ditut marrazten famatuak famatu direlako. Ez dut nahi marraztu nire “politiko-etsai” bat deabrua balitz bezala, edo halako gauzak egin. Satira egitea ondo egon daiteke, eta zilegi erabili daitekeen baliabide politikoa izan daiteke, baina nire karikaturek beste rollo bat daukate, hauxe maitasun kontua izatea nahi dut. Baina bueno, ez dakit nola esan… Gustura egingo nuke Lady Gagaren karikatura, asko gustatzen zaidalako bere musika eta bere estiloa, berak eskatuko balit (ez naiz horrelako fan ero bat, lasai). Baina inoiz ez nuke egingo Eliza Katolikoaren jerarkiako baten karikatura, gorroto ditudalako. Gainera, uste dut ez naizela teknikoki oso ona, eta nire gauzak irteten dira aurrera (irteten direnak) apasionatuki egiten ditadalako. Elizako partaide baten karikatura egitera behartuta egongo banintz, ez dakit, adibidez motozerra batez mehatxatzen nautelako nik karikatura hori egin nezan, ez litzaidake ongi “irtengo”, ez luke bere antzik izango (eta ondorioz, akatuko ninduten, paretak odol txorrot lodiz zipriztinduz).

Arestian komentatu dugun moduan ordenadorearen bitartez egiten dituzu karikaturak. Inoiz pasa dituzu paperera?

Paperean egiten dut marrazkia, arkatzez gehienetan (inoiz zuzenean rotulagailuz), eta gero eskaneatu eta koloreak ordenagailuz ematen ditut. Koloreak ez badira ordenagailuz ematen, halako taller txiki bat behar da, akuarelak, edo pinturekin, eta horrek antolamendua eskatzen du. Ni kaotiko xamarra naiz, beti apurtzen zizkidan pintzelak garbitzen ez nituelako, desastrea nintzen koloreak nahastuz eta abar. Beraz, ordenagailua, niretzat, tresna bat besterik ez da. “Kontrol Zeta” baliabide marabillosua daukan tresna. Baina bai, paperean egin ditut asko: Lagun batek karikatura akuarelaz egitea eskatu zidan, eta egin nion (asko kostata, baina gustatu zitzaion). Afari batean (bueno, bitan) hogeinaka karikatura egin nituen eskuz, rotulagailuekin, eta jendea gustura zegoen emaitzekin. Baten batek inprimitzera eraman du bere karikatura eta markua eta guzti jarri dio eta etxeko pareta batean paratu.

Historikoki  prentsaren bitartez argitaratu izan dira karikaturak gehienbat. Beste soporte batzuk ere badaudela erakutsi diguzu. Edonola ere, zein  karikaturagile azpimarratuko zenuke gaur egun?

Prentsan SCIAMMARELLA (El País). Ezberdina delako, testurak ehundurak nola erabiltzen dituen gustatzen zait. Hala ere, denbora asko darama formula berberakin eta freskotasuna galdu duela uste dut. Baina bueno, oso ona da. Iñaki Martiarena “Mattin”-ek ere karikaturak asko egin zituen Egunkariaren lehen urteetan, eta oso ederrak ziren, eta berritzaileak. Haize freskua harnastea bezala. Jajajajaaa. Eta oso graziosuak. Euskal kulturako jendeari egin zien karikatura: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Unai Iturriaga, Oteiza, eta abar.

Prentsatik kanpo historian zehar karikatura piloa egon dira: grabatuetan, panfletoetan, afitxetan, mozorroetan, grafittietan. Guzti horiek asmatu zuten bide berriak, edo prentsatik kanpo. Prentsa, ezagutzen dugun bezala, aldatzen ari da, eta eskerrak.

Hala ere, plastikoki, niri gustatzen zaizkidanak pintore hilak dira: Matisse eta fauvistak, Van Gogh, eta Gaugin, eta Picassoren gauza batzuk, eta abar. Arauak apurtuz, ongi marraztu eta pintatu nahi zutenak, modeloaren bizitasuna irudikatuz.

Beste zerbait gehitu nahi al duzu?

Bai. Ez dut halako “formula grafikoetan” erori nahi. Beti berrasmatu behar dugu gure estiloa. Niretako, gaur egungo ilustraziogintza eta karikaturagintzaren gaitz handi bat da formalismo gehiegi dagoela. Marrazkilari askok gehiegi lotzen dira modan dauden estiloetara (50. hamarkadako retro modaren revival moduko bat, edo norberak urte askoren poderioz landu duen estilora), uste dutelako hori dela bidea. Askotan, beraienak ez diren eta sentitzen ez duten estiloen zapping egiten dute, modaren arabera (ilustratzaile asko “Jordi Labandaren estilokoak” eta abar). Horrek ez du zerikusi askorik sorkuntzarekin.

Bestalde, nire ustez, artista batek edo profesional batek –nahi duzun moduan deitu- etika bat eduki behar du, bere lana egiteko jarreran. Nirea argi utzi dudala uste dut. Baina askok, prentsan lan egiten duten gehienek, zuzendaritzaren esanetara dauden artesauak edo dirudite. Zentzu horretan, ba telebistarako lana egiten duten makilladoreak bezalakoak dira –nire errespetu guztiarekin makilladoreekiko-. Kontua ez da artista honen mezua, edo jarrera; zoritxarrez, prentsan, kazetariaren artikulua “politago” izatea bihurtu da karikaturista edo ilustratzailearen lanaren gakoa. Formalismoan bukatu dira.

Bukatzeko?

Ba eskerrik asko, benetan, nitaz oroitzeagatik, eta inoiz nire karikatura bat nahi baduzu, argazkia bidali eta –ahal dudanean, orain gainezka nago eta- egingo dizut. Zure bloga ikusi dut eta oso ondo dago! Animo!

 goni denak batera

 

 

 

ELKARRIZKETA: Mikel Casal

 

mikel casalMIKEL CASAL (Donostia 1965)

mikelcasal.com

Diseinu Grafikoa Zaragozan ikasi zuen. Hortik aurrerakoa bere kabuz ikasitakoa izan da, Zuzendari artistikoaren laguntzaile  bere jaioterriko produktora batean; zenbait publizítate agentziekin kolaboratzaile; azkenean prentsa idatzira salto egiteko. “El Correo”, “ABC” eta “Público”n marraztu izan du. Horrez gain, hemengo zein atzerriko argitaletxeetarako liburu asko ilustratu ditu. 2006an Goya saria ere jaso zuen “Karramarro uhartea”filmean parte hartzeagatik.

 

 

Egia al da karikaturak ia pentsatu gabe egiten dituzula?

Esan gabe doa nire denbora hartzen dudala karikatura bakoitzarekin, Hori bai, ahal dudan erarik freskoenean egiten saiatzen naiz, pertsona horren ezaugarriak sinplifikatzeko. Artikulu ilustrazioekin alderatuta, erraietako edo bihotzeko bat-bateko lana da nolabait karikatura.

Zer nahiago: karikatura buruz egin, pertsona horren ezaugarriak gogoratuz; aurrez aurre, erretratatua bertan egonda; edo argazki batean onairrituta besterik gabe?

Aukeran nahiago dut pertsonaiaren ahalik eta informazio gehien edukitzea, ezagutza horrek izugarri laguntzen baitu. Marrazkia berezkoa dela somatzen da era honetan. Berdín gertatzen da egunkarietan edo telebistan agertzen den pertsona publiko bat baldin bada. Bere ezaugarri gehienak barneratuta dauzkazu.

Marrazteko orduan, aldiz, argazkira jotzen dut. Begirada arrotzengandik salbu erosoago sentitzen naiz.

 

Ilustradorea ere bazara. Modu berdinean daude baloratuta karikatura eta ilustrazioa?

Oro har karikatura baloratuagoa dagoela esango nuke..

Forma batzuk sinplifikatuz edo aldatuz, erretratatuak pertsona hori lehenengo bistazoan gogora ekartzea, harrigarria egiten zaigu.

Edozein modutan, ez dut uste disciplina bat bestearen gainetik dagoenik. Ezta aditua ez den batentzat.

 

Halere, beti beste baten testuei jarri diezu irudia. Zure testu propioa lantzeko tentaziorik ez duzu izan, tira baten bitartez esaterako?

Tirak  edo komikiak berak baino gehiago haurren munduak erakartzen nau. Ildo horretan neronek idatzitako zerbait egitea ez dut deskartatzen.

Ilustrazio liburu bat atera duzu orain dela gutxi. Karikatura asko ez daude, ordea. Karikatura liburuxka argitaratzea posible ikusten duzu?

Horretan nabil, hain justu. Ilustrazioena egin nuen modu berean atera nahi dut gainera. Ez dakit noiz gauzatuko den, baina gogo guztia jarriko dut proiektu horretan.

 

Karikaturagile bat aukeratzekotan norekin geratzen zara?

Paolo Garretto, klasiko bat. II. Mundu Gerra amaitu arte Italian eta ondoren Estatu Batuetan Vanity Fair bezalako aldizkarietan ibilitako artista. Bere lan dotoreak bilatzea gomendatzen dizuet.

WILDEZPLARSSON

LORCAcasal1casal2

casal3casal4casal6

ELKARRIZKETA: Jesus Zulet

 

zuletJESUS  ZULET ( Iruña, 1956)

blogs.elcorreo.com/jesus-zulet

 

Bere lehenengo lanak S. Ferminetako pankartetan ikusi ahal izan ziren. Geroztik “El Jueves”, “Deia” eta “El Correo”n ibili da besteak beste. Bere garaian hiru dimentsioetako muñekoak ere diseinatu izan zituen telebistarako. Alcala de Henareseko Unibertsitatean kolaboratzaile, arlo askotan aritu da: Ilustrazioa, publizitatea, telebista, baina batez ere egunkarietan eginiko lanengatik da ezaguna Zulet. Lehentxoago aipatutakoez gain, “Diario Vasco”, “Navarra Hoy”, “Diario de Navarra”… eta abar luze baten ere marraztu izan du.

 

Zergatik pentsatzen duzu egiten direla karikaturak?

Gure ikuspuntuen menpe daude egiten ditugun irudi guztiak; karikaturak ere badirela esan genezake neurri batean. Hori bai, soilik nahita deformatzen ditugun marrazkiei deitzen diegu karikaturak. Magikoa deritzot horri. Nola liteke exageraziotik antzekotasuna mantentzea? Gure perzepzioa fantasiosoa da. Identitateak erabateko eragina dauka. Hori guztia, beti zoragarria iruditu izan zait.

Ez dut uste karikaturaren helburua satirizazioa hutsa denik. Askotan ez da hola izaten.

Marrazki-representazioa eta antzekotasun bilaketarekin zer ikusi gehiago duela nago ni. Karikaturak gogoratzen laguntzen duela iruditzen zait, karikatura memoria dela, alegia. Deformatuta eta ezaugarri emozional eta sujetiboez josita agertzen zaigu memoria. Esaerak dioen moduan: Aurpegi batek galaxia oso bat baino lilura handiagoa sortzeko gaitasuna du. Karikaturak lilurapen hau indartzera dator.

Edonori egin ahal zaio karikatura bat? Aurpegi batzuk besteak baino samurragoak izango dira.

Begi bistan agertzen zaigun oro marrazki gai edota karikaturatzeko gai dela esan daiteke. Jakina, besteak baino errazagoak diren aurpegiak ere badira. Keinu nabari eta deigarriak dauzkatenak errazagoak omen dira. Oso simetrikoak eta proporzionatuak direnak aldiz zailenak, Keinu adierazgarri eta  nabarmenak dituztenak errazenak dira ezbairik gabe.

Zoragarria da jende aurrean marrazterakoan sortzen den giroa, eta talde lan horrekin gozatzen denean. Marrazteko grina eta erraztasunaren mesederako izaten da. Jarrera positiboa bultzatzeaz gain, eskua gogortzen dituzten mekanismoak desagerarazten ditu. “Brainstorming” baten eran baikortasuna hazi eta hazi egiten da. Magikoa iruditu arren, hola gertatzen dela erakusten dit esperientziak. Norberak irudi bat barneratzeko duen kapazitatea, eta besteek transmititzen digutena faktore psikologikoekin lotuta dago. Kate hauek askatzea oinarrizkoa da karikaturak marrazteko.Beraz, zailtasuna ez dago bakarrik itxura fisikoan, ezta marrazteko teknikan ere, beste osagai batzuk parte hartzen dute. Eta korapilotsuak dira antza.

Neska polit batek esaten dizu karikatura egiteko. Nahita edertzen duzu emaitza, edo profesional moduan jokatzen duzu?

Jolas baten parte bat da karikaturak marraztea. Bai, kontutan hartzen ditut gorabehera horiek; hain zuzen,  nire lana nola ikusten duen  karikaturizatzen dudan horrek. Aipatzen duzun egoera horretan baino gehiago, gaixo jendearekin edo konplejuren bat dutenekin kontuz ibili behar da mingarria ez izateko…, nerabeekin egoera batzuetan. Aurrean daukazun hori zenbateraino sartuko den jokuan baloratu behar duzu. Sarritan neska ederrek eskatu didate zuzenean marrazkia “kañeroa” izatea, horrela nahi zutelako.

Izan ere, edertasunarena oso erlatiboa da. Oso begi polit eta handiak topatuz gero, horixe bera da nabarmendu behar dena. Karikatura ez da jendea itsusiagoa egitea, bere ezaugarriak destakatzea baizik. Niri asko gustatzen zait emakume beltzen dotorezia eta saiatzen naiz beraien bolumenak destakatzen. Ederrena hori iruditzen baitzait. Izugarrizko indarra transmititzen duten agure aurpegiak ikusi ditut, hori ederra da. Jendeak adina ezkutatzeko duen joeraren kontrakoa naiz ni. Eta zirugía estetiko neurrigabeen kontrakoa, modu berean. Beraien kanonak eta nireak ez dira inondik inora berdinak.

Periodikoetan marrazten duzu, besteak beste. Eta karikatura finkatuta dago medio honetan itxura guztien arabera.

Etorkizuneko diziplina ote da karikatura, ordea?

Etorkizuna du erretratua bera baino gizatiarragoa delako, hain justu. Gizakia  berak etorkizuna al du? Ez dakit.

Posmodernitatea definitzen duen esaldi bat datorkit gogora: “Etorkizuna ez da garai batena”. Etorkizuna askoz hobeagoa izango zela ziur ziren nire gurasoak, nire bizitza beraiena baino askoz hobeagoa izango zela. Egun hori ez da hola, gure semeek orain daukagun bizi kalitateaz etorkizunean disfutatu ahal izango duten zalantzan dago.

Karikatura itxura hartzen diot guzti honi, denok diogu ez dugula bide erraza eduki, etorkizuna beti zalantzagarria izan dela esan nahi du horrek.

Prentsan egiten den karikatura ez da krisiaz libratzen, eta periodikoaren etorkizunaren inguruko eztabaida  interesgarria eta konplikatua da, betiere.

Ikusiko dugu. Erraza ez izan arren umorea ez da sekula galdu behar.

Zein da zure karikaturagile faboritoa?

Iaz, karikatura jaialdi baten niretzat erreferente eta maisua den Jean Mulatierrekin egoteko aukera izan nuen.. Euria ari zuen Mirepoixen, ortzadarra agertu eta  argazki batzuk ateratzera lagundu nion. Berak kamara zeraman eta nik biontzako aterkia. Barre egin zuen, ortzadarrak gure adiskidetasuna onesten zuela esan zidan, bere besarkada sentitu nuen.

zulet2

zulet3

zulet4

zulet6

zulet8