ELKARRIZKETA: Pernan Goñi

 

 

pernan goñiPernan Goñi (Oñati, 1968)

www.pernangoni.com/blog

 

Arte  Ederretan lizentziatua. Arte irakaslea zenbait lekutan: Guggenheim Museoan, Montehermoso Zentroan… Nontzeflash lehiaketan epaimahaikide. Era berean, egunkari zein aldizkari desberdinetan kolaboratu izan du. Hala nola, Gara, Belleza Infinita, Amasté, Euskal Herriko Unibertsitatea …

 

Jendeak karikaturak eskatzen zizkizun eta “Caricaturas a lo loco” atera zenuen zure web orrian. Jendeak eskatu gabe ez zenituen karikaturak egingo, hortaz?

Bai. Nahi gabe, buruan dauzkadan ideietako bat martxan jarri nuela uste dut: “Ez dut zerbait komunikatu nahi, baizik eta norbaitekin komunikatu.”. Halako slogan edo ideia batzuk dauzkat, eta “arte” esparruan edo ez dakit nola deitu, kontu kreatiboetan, halakoak erabiltzen ditut, norabide gisa. Karikaturak egiten ere bai. Egia esan, ez dakit karikaturak ote diren, batzuk erretratuen itxura dauzkate. Karikaturek “rasgo” bat esageratzen dute, adibidez, sudur luzea daukan batek, ba luzeagotu egiten zaio, inkluso Pinoccioren keinu bat eduki dezake, edo Zapateroren bekainak, eta abar. Beti izan naiz pixka bat platoniko, naiz eta ideologikoki kontra egon (kontraesanak ditut)… Esan nahi dudana da edertasuna barruan dagoela pentsatzen dutenetakoa naizela uste dut, eta kanpokoari ez zaiola garrantzi handiegirik eman behar… Hortaz, karikaturek, edo erretratuek, azalean gelditzeko arriskua daukate, nahiz eta Goyaren erretratuak, adibidez, psikologikoki oso sakonak eta esangurtsuak izan…

Barkatu, nahasten ari naiz. Nik nahi nuena karikaturak dohainik ematea zen, edo oso merke, eskatzen zizkidanentzako. Beraiek ere gero interneten erabiltzeko, eta niri publizitate pixka bat emateko. Halako trueke arraro bat zen. Kontratu lainotsu bat. Berdintasunean. Jostailuzko tratu bat, txantxetakoa, ze gero beharbada nik ez nien egiten karikatura, edo beraiek ez zuten erabiltzen…

Eta bestalde, oso alperra naiz, eta noirbaitek zerbait eskatzen ez badit, ez dut inoiz egiten. Bueno, oraintxe hasi naiz nire gauzak egiten… Ez naiz horren alperra… Zahartzaroa izango da.

Internet munduan oso sartuta zaude: Web orria, blog-a, mugikorren inguruko enpresa, sare soziala… Nola kokatzen da karikatura mundu informatizatu honetan?

Internet gustatzen zait komunikabide moduan. Lehen gehiago gustatzen zitzaidan. Bere horizontaltasuna gustatzen zitzaidan. Eta argitaratzeko aukera asko ematen duelako. Nire ustez, orain ez da horren horizontala (Facebook edo Google bezalako mostruoetan pentsatzen ari naiz, geroz eta beldurra gehiago ematen didate…) eta horregatik gutxiago gustatzen zait, baina hala ere, hor nago, eta maite dut. Bakoitzak bere irudi bat daukanez sare sozialetako profilean, karikaturak hor kokatu daitezke. Batzuk “Simson” itxurako irudiak ipintzen dituzte, beste batzuk bere haurtzaroko argazki maitagarri bat… Hala bururatu zitzaidan, zergatik ez marraztu nik guzti hori.

Lagun eta senitartekoen karikaturak aurkezten dizkiguzu. Jende ospetsua ez duzu hain gogoko ?

Ospea berdin zait. Baten bat ospetsua izateagatik ez zaio nire karikaturen etxean ez hoberik ez okerragorik egingo. Berdin berdin tratatuko zaio. Nire lagun gutxi batzuk ospetsuak dira, gehienak ez gara. Jende asko dago maite dudana eta gustura asko egingo nieke karikatura: eskatu ez didaten lagun askok, eta miresten ditudan famatu askorenak ere bai. Hala ere, ez ditut marrazten famatuak famatu direlako. Ez dut nahi marraztu nire “politiko-etsai” bat deabrua balitz bezala, edo halako gauzak egin. Satira egitea ondo egon daiteke, eta zilegi erabili daitekeen baliabide politikoa izan daiteke, baina nire karikaturek beste rollo bat daukate, hauxe maitasun kontua izatea nahi dut. Baina bueno, ez dakit nola esan… Gustura egingo nuke Lady Gagaren karikatura, asko gustatzen zaidalako bere musika eta bere estiloa, berak eskatuko balit (ez naiz horrelako fan ero bat, lasai). Baina inoiz ez nuke egingo Eliza Katolikoaren jerarkiako baten karikatura, gorroto ditudalako. Gainera, uste dut ez naizela teknikoki oso ona, eta nire gauzak irteten dira aurrera (irteten direnak) apasionatuki egiten ditadalako. Elizako partaide baten karikatura egitera behartuta egongo banintz, ez dakit, adibidez motozerra batez mehatxatzen nautelako nik karikatura hori egin nezan, ez litzaidake ongi “irtengo”, ez luke bere antzik izango (eta ondorioz, akatuko ninduten, paretak odol txorrot lodiz zipriztinduz).

Arestian komentatu dugun moduan ordenadorearen bitartez egiten dituzu karikaturak. Inoiz pasa dituzu paperera?

Paperean egiten dut marrazkia, arkatzez gehienetan (inoiz zuzenean rotulagailuz), eta gero eskaneatu eta koloreak ordenagailuz ematen ditut. Koloreak ez badira ordenagailuz ematen, halako taller txiki bat behar da, akuarelak, edo pinturekin, eta horrek antolamendua eskatzen du. Ni kaotiko xamarra naiz, beti apurtzen zizkidan pintzelak garbitzen ez nituelako, desastrea nintzen koloreak nahastuz eta abar. Beraz, ordenagailua, niretzat, tresna bat besterik ez da. “Kontrol Zeta” baliabide marabillosua daukan tresna. Baina bai, paperean egin ditut asko: Lagun batek karikatura akuarelaz egitea eskatu zidan, eta egin nion (asko kostata, baina gustatu zitzaion). Afari batean (bueno, bitan) hogeinaka karikatura egin nituen eskuz, rotulagailuekin, eta jendea gustura zegoen emaitzekin. Baten batek inprimitzera eraman du bere karikatura eta markua eta guzti jarri dio eta etxeko pareta batean paratu.

Historikoki  prentsaren bitartez argitaratu izan dira karikaturak gehienbat. Beste soporte batzuk ere badaudela erakutsi diguzu. Edonola ere, zein  karikaturagile azpimarratuko zenuke gaur egun?

Prentsan SCIAMMARELLA (El País). Ezberdina delako, testurak ehundurak nola erabiltzen dituen gustatzen zait. Hala ere, denbora asko darama formula berberakin eta freskotasuna galdu duela uste dut. Baina bueno, oso ona da. Iñaki Martiarena “Mattin”-ek ere karikaturak asko egin zituen Egunkariaren lehen urteetan, eta oso ederrak ziren, eta berritzaileak. Haize freskua harnastea bezala. Jajajajaaa. Eta oso graziosuak. Euskal kulturako jendeari egin zien karikatura: Mikel Laboa, Ruper Ordorika, Unai Iturriaga, Oteiza, eta abar.

Prentsatik kanpo historian zehar karikatura piloa egon dira: grabatuetan, panfletoetan, afitxetan, mozorroetan, grafittietan. Guzti horiek asmatu zuten bide berriak, edo prentsatik kanpo. Prentsa, ezagutzen dugun bezala, aldatzen ari da, eta eskerrak.

Hala ere, plastikoki, niri gustatzen zaizkidanak pintore hilak dira: Matisse eta fauvistak, Van Gogh, eta Gaugin, eta Picassoren gauza batzuk, eta abar. Arauak apurtuz, ongi marraztu eta pintatu nahi zutenak, modeloaren bizitasuna irudikatuz.

Beste zerbait gehitu nahi al duzu?

Bai. Ez dut halako “formula grafikoetan” erori nahi. Beti berrasmatu behar dugu gure estiloa. Niretako, gaur egungo ilustraziogintza eta karikaturagintzaren gaitz handi bat da formalismo gehiegi dagoela. Marrazkilari askok gehiegi lotzen dira modan dauden estiloetara (50. hamarkadako retro modaren revival moduko bat, edo norberak urte askoren poderioz landu duen estilora), uste dutelako hori dela bidea. Askotan, beraienak ez diren eta sentitzen ez duten estiloen zapping egiten dute, modaren arabera (ilustratzaile asko “Jordi Labandaren estilokoak” eta abar). Horrek ez du zerikusi askorik sorkuntzarekin.

Bestalde, nire ustez, artista batek edo profesional batek –nahi duzun moduan deitu- etika bat eduki behar du, bere lana egiteko jarreran. Nirea argi utzi dudala uste dut. Baina askok, prentsan lan egiten duten gehienek, zuzendaritzaren esanetara dauden artesauak edo dirudite. Zentzu horretan, ba telebistarako lana egiten duten makilladoreak bezalakoak dira –nire errespetu guztiarekin makilladoreekiko-. Kontua ez da artista honen mezua, edo jarrera; zoritxarrez, prentsan, kazetariaren artikulua “politago” izatea bihurtu da karikaturista edo ilustratzailearen lanaren gakoa. Formalismoan bukatu dira.

Bukatzeko?

Ba eskerrik asko, benetan, nitaz oroitzeagatik, eta inoiz nire karikatura bat nahi baduzu, argazkia bidali eta –ahal dudanean, orain gainezka nago eta- egingo dizut. Zure bloga ikusi dut eta oso ondo dago! Animo!

 goni denak batera

 

 

 

2 thoughts on “ELKARRIZKETA: Pernan Goñi

Leave a Reply to Nicolas Cancel reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *