Tag Archives: Zeinu hizkuntza

Nola komunikatu gaitezke gorrekin eta itsuekin?

Gorrek eta itsuek erabiltzen dituzten hizkuntzak izan ditu hizpide aste honetan ETB1eko “Tribuaren Berbak” saioak eta horiek euskararekin duten harremana aztertzen aritu dira.  Zeinuen hizkuntza eta braille alfabetoa gure inguruan zenbat erabiltzen den edota erabili daitekeen azaldu ditu Kike Amonarrizek gidatutako saioak.

Zeinu hizkuntzekin hasita, ba al dakizue AEBtako jatorrizko biztanleek, indiar amerikarrek, aspalditik hizkuntza mota hau erabiltzen zutela tribu ezberdinetako biztanleen artean komunikatzeko? Izan ere, zeinu hizkuntzak ahozkoak bezain zaharrak dira.

Gaur egun entzumen urritasuna daukaten pertsonek erabiltzen dituzte gehien bat hizkuntza hauek. Munduan entzumen urritasuna duten 360 milioi pertsona daude; hau da, biztanleriaren %5a baino gehiago dira.

Agurtzane Urteaga eta Iñaki Orbegozorekin hizketan, gorrek dituzten arazoez jabetu da Kike Amonarriz. Horietako batek ikasi dituzten hizkuntzekin dago lotuta. Garai batean, gorrak ziren haur askori hizkuntza bakarra erakusten zieten (gaztelania Hego Euskal Herriko kasuan), zituzten zailtasunengatik bi hizkuntza ikastea ezinezkoa izango zitzaiela sinetsita. Hori dela eta, 40 urtetik gorako gor askok, etxean giro euskalduna izanda ere, erdaraz soilik irakurri ditzakete ezpainak.

Gaur egun, joera hori aldatu egin da, entzuteko zailtasunak dituzten haurrak besteak bezala eskolatzen dira, eta ahal dituzten hizkuntza guztiak ikasten dituzte. Horrez gainera, zeinuen hizkuntzak ere ikasten dituzte.

Atzerriko hainbat herrialdetan, zeinu hizkuntzak gizartean oso hedatuta daude; Baliko Bengkalan, Kolonbian, Brasilen eta Ghanan adibidez. Ainhoa Moiua, zeinu hizkuntzako irakasleak azaldu duenez, hainbat herritan gor kopuru handia izan denez, normaltasun osoz erabiltzen dituzte zeinu hizkuntzak.

Ainhoa Moiua

Ainhoa Moiua

Horrez gainera, mundu osoan ehun zeinu hizkuntza baino gehiago daudela ere azaldu du; datua zehazki jakiterik ez badago ere, horietako batzuk oraindik ez direlako ikertu edo aurkitu. Hala ere, nazioarteko komunikazioetarako zeinu sistema bat sortu zela argitu digu. Eta Euskal Herriko zeinu hizkuntza Espainian erabiltzen denaren aldaera bat dela jakinarazi digu.

Itsuen egoerari begiratuta, euren hizkuntza zailtasun handienak komunikazio idatzia edo bisualari dagozkionak dira. Hori hobetzeko Louis Braille itsu frantziarrak Braille alfabetoa sortu zuren 1821ean eta mundu osora zabaldu da. Brailleak sei puntu erabiltzen ditu 64 konbinazio desberdin sortzeko eta horiekin edozer gauza komunikatu daiteke.

Manu Agirre itsuen eskubideei buruz

Manu Agirre itsuen eskubideei buruz

Itsuek gure gizartean gaur egun dituzten zailtasunei buruz, Manu Agirrerekin hitz egin du Kike Amonarrizek. 2005ean gose greba egin zuen Manuk euskarazko liburuak braillez irakurtzeko eskubidearen alde. Ordutik, euskarazko hainbat liburu eta egunerokoan jasotzen ditugun mezu idatzi asko braille alfabetoan jartzea lortu da. Baina oraindik ere gabezia nagusi bat ikusten du Manuk: “eskubideak erakunde publikoek” bermatzea, alegia. Esate baterako, braillean idatzitako liburuak edozein liburutegitan eskuratu behar liratekeela irizten dio, ez erakunde pribatu bateko partaidea izanda soilik.

 

Inma Arrieta ONCEko liburutegiko kudeatzailearekin

Inma Arrieta ONCEko liburutegiko kudeatzailearekin

ONCE erakundeak euskarazko 600 liburu braille alfabetoan jarri ditu azken urteetan. Inma Arrietak, ONCEko liburutegiko kudeatzaileak, azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzarekin daukaten akordio bati esker 50 liburu inguru argitaratzen dira urtero hizkuntza honetan. Eta beste hainbeste audio-liburu argitaratzen dituzte.

Baina ez da liburuen beharra itsuek duten bakarra. Egunero ehunka mezu idatzi jasotzen ditugu: kale eta eraikinetako kartelak, igogailuetako botoiak, erosketak egiten ditugunean produktuen informazioa… Eta dena ez dago braillez jarrita, beraz, itsuak direnek zailtasun ugari izaten dituzte eguneroko zereginetan. Braillez idatzitako testu luzeak ongi ikasteko, gainera, urte eta erdi edo bi urte behar direla esan digu ONCEko Amaia Zalakain irakasleak.

Gorrekin eta itsuekin hobeto komunikatzeko beste hizkuntza eta alfabeto batzuk badaudela ikasi dugu ‘Tribuaren Berbak’ saioaren atal honetan. Horiek gizartean zabalduz eta ezagutu araziz gizarte aberatsagoa lortuko dugu.

Saio osoa ikusi: