Tag Archives: Xipri Arbelbide

XX. mendeko gerrek atzerakada ekarri zuten Ipar Euskal Herriko euskaran

Gerrateek, batik bat XX. mendeko bi gerra handiek euskararekin izan duten harremana aztertu du aste honetan ‘Tribuaren Berbak‘ ETB1eko saioak. Ipar Euskal Herria bete betean harrapatu zuten I. Mundu Gerrak eta II. Mundu Gerrak. Eta adituek diotenek, biek izan zuten eragina euskararen atzeratzean.

Eneko Bidegatin Tribuaren Berbak blogean

Eneko Bidegatin Tribuaren Berbak blogean

Eneko Bidegain Mondragon Unibertsitateko irakasleari galdetu dio honi buruz Kike Amonarrizek. Enekoren iritziz, I. Mundu Gerran nabaria izan zen euskararen atzeratzea, baina ez lehenengoak ez bigarren gerrak ez ziren atzeratze horren hasiera edota amaiera izan; atzeratze prozesu horren erdian gertatu ziren gerrak. Izan ere, I. Mundu Gerra hasi baino 50 urte lehenago Frantziako estatua jabetu zen mugetan zeuden lurraldeetan biztanleriaren zati handi batek ez zuela frantsesa hitz egiten. Horri buelta emateko, eskoletan frantses hizkuntzaren eta frantses aberriaren aldeko ideologia aldaketa bultzatzen hasi ziren.

Xipri Alberbide

Xipri Alberbide

Eta Mundu Gerrak iritsi zirenean, Ipar Euskal Herriko biztanleek, Frantziako beste herri batzuetako kideekin batera, etsai bakarra zuten: alemaniarrak. Elkarrekin borroka egiten zuten, anaiak bezala, etsaiaren aurka. Beraz, eskoletatik zetorren frantses aberriaren aldeko ideologia hura, odolaren poderioz indartu egin zen. Hala kontatu diote Kike Amonarrizi bai Enekok berak, baita Xipri Alberbidek, II. Mundu Gerra bizi izan zuen idazleak.

Euskara gerren ondorioz kaltetua izan bazen ere, gure hizkuntza guk uste baino gehiago erabili zuten gerra haietan. Ba al zenekiten AEBetako armadak aginduak emateko euskara erabili zuela?

Josu Chueca

Josu Chueca

Josu Chueca EHUko irakaslearen hitzetan, II. Mundu Gerran, Asiako frontean kontsigna batzuk euskaraz ematen zirela jakinarazi digu ETB1eko saioan. Denok badakigu AEBetan Euskal Herritik joandako etorkin ugari dagoela. Horietako batzuen semeak AEBetako armadan sartu ziren eta haietako bati egokia iruditu zitzaion aginduak euskaraz eta kode izkutuen bidez ematea. “Egon arretaz egunari” esaldiak, adibidez, Guadalcanal-eko batailari hasiera eman zion.

Garai hartan kazetaritza ere egin zen euskaraz. I. Mundu Gerran ‘Eskualduna’ izeneko aldizkari bat zabaltzen zen Ipar Euskal Herrian; ia osorik euskaraz idatzita zegoen eta aliatuen aldeko, Frantses estatuaren aldeko, ideologia zabaltzen zuen.

II. Mundu Gerran ere izen bereko beste aldizkari bat zegoela jakinarazi digu Josu Chueca EHUko irakasleak. ‘Eskualduna’-k eskuin muturreko ideologia zabaltzen omen zuen, euskara hutsean, eta alemaniarrek ez zuten inolako arazorik ikusi aldizkari hartan, argitaratzen utzi zuten. Ondoren, aliatuek gerra irabazi zutenean itxi zen.

Marc Armspach komikigilea

Marc Armspach komikigilea

Gerra inspirazio iturri izan daitekeela ere erakutsi digu ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Marc Armspach Marko komikigileak gerra protagonista duen Les Godillots lana erakutsi digu.

Eta azkenik, gaur egungo gerretako kazetaritza ezagutze aldera, Andoni Lubaki argazki-kazetari zumarragarrarekin hitz egin du Kike Amonarrizek. Hainbat gerra ikusi eta jaso ditu bere argazkietan. Berria eta Gara euskal egunkarietan zein kanpoko beste medio batzuetan agertzen dira eta Chris Hondros saria ere irabazi izan du egindako lanarekin.

Bere esperientzia kontatzeaz gainera, gaur egungo argazkilaritza-kazetaritza Euskal Herrian sortu zela jakin dugu. Gerra Zibilean David Seymourrek Elgetako lubakietan ateratako argazkiak berehala bidali eta argitaratzen baitziren.

Ikusi EiTB Nahieranen saioa osorik: