Tag Archives: maileguak

Haurrak eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak

Haurrek erabiltzen dute euskara gehien

Haurrek erabiltzen dute euskara gehien

Gazteek hitz egiten duten euskara hartu du aste honetan hizpide Kike Amonarrizek gidatzen duen ‘Tribuaren Berbak’ saioak. Eta hasteko datu argigarri bat eman du: gaur egun, haurrak eta gazteak euskara gehien erabiltzen dutenak dira.

Eta datu hori pozgarria da hizkuntzaren jarraikortasunari dagokionez. 80ko hamarkadako euskararen erabilerako datu ofizialen arabera, helduek erabiltzen zuten gehienbat euskara. Olatz Altuna soziolinguistak saioan eman dituen datuen arabera 1986an 10 gaztetik bi soilik zen euskaraz hitz egiteko gai. Eta gaur egun, aldiz, 10 gaztetik zazpik daukaten gaitasun hori.

Olatzek berak dioenez, gaur egun, euskara hitz egiten duten haurren guraso gehienak erdaldunak direlako gertatzen da hau. Haur askok eta askok euskara eskolan jasotzen dute, ez etxean. Eta arlo pribatuan gazteleraz errazago aritzen dira, euskaraz baino. Hutsune hori betetzea da euskararen hurrengo erronka.

Whatsapp bidezko mezu bat

Whatsapp bidezko mezu bat

Urteetan eta denboran aurrera egin ahala, hizkuntzak aldatzen joaten dira. Garaian garaiko hiztunek hizkuntzak eraldatzen dituzte, eta azken belaunaldi honek bultzada berezia eman dio euskarari, teknologia berriei esker batik bat. Nor da gai gazteen whatsapp bidezko mezuak ulertzeko? Egokia al da idazkera hori edo arazoak sortuko ote dizkie gazteei ondoren ongi idazteko?

Gasteizko ikasle pisu batean ere sartu da Kike gazteei eurei galdetzeko. Gipuzkoarrak eta bizkaitarrak elkarrekin bizi dira etxe hartan eta primeran moldatzen dira elkarri ulertzeko. Hasiera batean batuan egiten saiatzen omen ziren, baina behin elkar ezagututa, bakoitzak bere euskalkia darabil eta primeran ulertzen diote elkarri.

Hala ere, argi dute helduek eta gazteek ez dutela berdin hitz egiten. Hitz batzuk erabiltzeari utzi zaio gaur egun eta beste berri batzuk sortu dira, batik bat, beste hizkuntzetatik datozen maileguak eta teknologia berriei lotuak.

Baina hori ez da berria. Gizaldiz gizaldi euskarak mailegu asko jaso ditu beste hizkuntzetatik, baina beste batzuk ere eman ditu. Gaztelerari, adibidez, ehun bat hitz gutxienez mailegatu dizkio euskarak: izquierda, bacalao, aquelarre, chistera… jatorri euskalduneko hitzak dira.

Eta horrekin lotuta ‘pidgina’ zer der ikasi dugu ‘Tribuaren Berbak’ saioaren atal honetan: Inolako harremanik gabeko bi hiztun komunitatek elkar ulertzeko sortzen duten hizkuntza praktiko eta oinarrizkoa da pidgina.

Euskarak ere izan ditu bere pidginak, adibidez euskal arrantzaleek Ternuako biztanleekin erabilitakoa.  Gezurra badirudi ere XVII. mendean Ternuan bizi ziren mikmaq amerindiarrek zer moduz galdetzen zitzaienean “apaizac obeto” erantzuten zuten.

Euskara eta islandieraren arteko pidgina

Euskara eta islandieraren arteko pidgina

Eta Islandian ere aztarna utzi zuen euskarak bere aztarna. XVII. mendeko euskal-islandiar pidginaren hitz eta esaldi bakan batzuk iritsi zaizkigu. Ungetorre = Ongi etorri

Gaur egun,euskañola eta frantseseuskara egiten omen dira askotan gure inguruan, baina euskanglisha ere hitz egiten da munduan. AEBtako euskal diasporak sortutako hizkuntza, euskalki, dialekto edo dena delakoa da eta hitz berezi ugari ditu: tibixa (telebista), aizkrimia (izozkia), troka (kamioia), kukia (galleta), uikena (astebukaera)…

Hizkuntza handiek txikietan daukaten eraginari buruz eztabaida ugari sortu dira. Batzuentzat kaltegarria da hizkuntza txikien kalitatea gutxitzen duelako. Besteek naturaltzat hartzen dute edozein gizarteren eta hizkuntzaren garapenean.

Sekretua, agian, euskara formala eta kolokialaren artean bereiztea izango da, eta bakoitza dagokion esparruan erabiltzea. Eta horrez gainera, hizkuntza sendoa eta malgua lortzea: sustrai sendoak dituena baina beste hizkuntzekin harremanak izango dituena.

Ikusi gazteen euskarari buruzko ‘Tribuaren Berbak’ saio osoa.