Tag Archives: Kirmen Uribe

Itsasaldeko euskararen berezitasunak aztertu dituzte ‘Tribuaren Berbak’ saioan

Tribuaren Berbak” ETB1eko saioko azken atalean itsasaldeko euskara aztertu dute, “itsasoa bezain bizia, gatz eta piperduna delako”.

Xabier Azkue Zumaiako Euskara Teknikaria

Xabier Azkue Zumaiako Euskara Teknikaria

Horretarako, lehen geldialdia, Zumaian egin dute. Bertan, itsasoak zein hizkuntzatan hitz egingo duen galdetu dio Kike Amonarrizek Xabier Azkue Zumaiako Euskara Teknikariari. Azkueren ustez, itsasoak hainbat hizkuntza ditu, eta euskara horietako bat. “Zumaiak arrantzarekin zerikusi polita izan du. Batez ere lehorreko arrantza egiten da, bai egunez, baita gauez ere”, esan du Xabier Azkuek. Eta horrela bertako hitz konkretuak ikasten hasi gara: gaueko arrantzari ‘gabarrantza‘ esaten zaio Zumaian; itsas kabrari ‘gomexa‘ deitzen diote eta ‘txoazkiña‘ edo ‘andaika‘ dira ‘gabarrantzan’ harrapatzen diren arrainetako batzuk.

Zumaian haitz polit askoak ere ikusi ditu Kike Amonarrizek itsasotik eta horietako batek ‘Marianton’ izena du. Marianton izeneko emakume bat hil omen zen haitz horretan lapak batzen duela hainbat urte eta horregatik hartzen du izen hori. Hala eta guztiz, Zumaian badaude gaztelaniazko izena hartzen duten tokiak, adibidez, ‘Playa Gris’. Xabier Azkueren ustez, euskal izenak berreskuratzeko ekimenak egin beharko lituzkete.

Kike Amonarriz Bermeoko saregileekin

Kike Amonarriz Bermeoko saregileekin

Gipuzkoatik Bizkaira salto eginez, Bermeoko saregile talde batekin eta Lekeitiko Faustino Garatea patroiarekin hitz egin du ETB1eko saioak. Bermeo eta Lekeitioko euskarak itsaso zaporea, arrantzale kutsu handia dute. Ana Rosa Ispizua saregileak dioenez, “kostaldeko hizkerak gatz berezia du, itsasoak bezala”. Eta azken urteetan inmigrazio handia egon da, Senegaldik batez ere. Faustinoren hitzetan, “hitzen bat esaten dute euskaraz, baina euren artean Senegaleko hizkuntzan hitz egiten dute, eta gurekin gaztelaniaz”.

 

Bermeoko hitzak errepasatzen hasita, kalean asko dabilenari ‘kalinpan‘ esaten diote; pertsona motela denari ‘papardoa‘ deitzen zaio, eta okerra denari, berriz, ‘trabeseko paelea‘ esaten zaio. Lekeition, berriz, ‘Dzanga‘ uretara buruz behera saltatzeari esaten zaio. ‘Dzapart‘, ordea, uretara hankak beherantz begira botatzeari esaten zaio.

Kike Amonarriz eta Kirmen Uribe

Kike Amonarriz eta Kirmen Uribe

Bizkaiko kostaldean jarraituz, Ondarroan Kirmen Uribe idazlearekin hitz egin du Kike Amonarrizek. Itsasoak presentzia handia du Kirmen Uriberen Bilbao-New York-Bilbao liburuan. “Aita arrantzalea zen, eta berari idatzitako nobela bat da. Aita, aitona, birraitona eta osabak arrantzaleak izan dira, baina gure belaunaldian tradizio hori eten egin da. Horregatik galera hori islatu nahi izan dut”, esan du Kirmenek.

Ondarroako euskara ere itsasoko euskara da, eta baditu bere esaera eta berba propioak: ‘Amua ezpainetan‘ erabiltzen da haserre zaudela esateko.

‘Tribuaren Berbak’ saioko Itsasoa laño dago atala bukatzeko Jon Maia bertsolaria harrapatu dute Albaolan, laster ateak zabalduko dituen Itsas Kultur Faktorian, alegia. Izena euskal ontzietan tradizionala zen alboko pieza batetik dator. Bertan, eraikina erreformatzen ari dira San Juan baleontzia eraiki ahal izateko. “San Juan baleontzia euskal ontzi historiko bat da, 1565ean Labradorren (Kanada) hondoratu zena, eta ontzi hori berreraikiko da jendearen aurrean. Originala egin zen moduan berreraikiko da”, aipatu du bertsolariak.

Jon Maia eta Kike Amonarriz

Jon Maia eta Kike Amonarriz

Jon Maia hizkuntza gutxituak eta itsasoa lotzen dituen proiektu baten murgilduta dago. San Juan ontzia eraikita dagoenean, Europako hizkuntza gutxituen mapatik bidaia egingo da ontzi honekin. Bretaña, Gales, Eskozia, Irlanda, Faro Uharteak eta beste herrialde batzuk bisitatuko dituzte; euskarak presentzia handia izan baitu Ipar Atlantikoko itsasoan

Jon Maiak itsasoko euskal hitz bat ere ekarri digu saioari amaiera emateko: ‘tosta‘. Arraunlaria esertzen den ohola da tosta eta lehorrean ez da hitz hau erabiltzen aulkia edo antzeko gauzentzat. Hitz hau gurea da, baina ez soilik gurea, Irlandan, Feroe Uharteetan eta Eskozian ere hitz hau erabiltzen baitute esanahi berdinarekin.

Itsasoak eta euskarak betidanik izan duten harremana nabarmendu digu ‘Tribuaren Berbak’ saioak Itsasoa laño dago atalean. Ikusi osorik: