Tag Archives: jendaurrea

Nola hitz egin behar da jendaurrean?

Jendaurrean hitz egiteak jende askori sortzen dizkion zailtasunei buruz aritu dira aste honetan ETB1eko ‘Tribuaren Berbak’ saioan. Beldurrak nola gainditu eta gai honetan nola trebatu azaldu digu Kike Amonarrizen saioak.

Tribuak-Maranon

Kike Amonarriz Manu Marañonekin

Zergatik diogu halako beldurra publikoan hitz egiteari? Manu Marañon komunikazio trebatzailearen hitzetan, alde batetik, “naturala” da lotsa edota beldurra sentitzea. Baina bestetik, duela gutxi arte, ez da arlo hau jorratu eskoletan eta, ondorioz, helduak garenetako askok ez dugu alderdi hori inoiz trebatu.

Beldur hori gainditzeko, norberarengan konfiantza izatea funtsezkoa dela adierazi du Marañonek. Horretarako, alde batetik, hizketarako gaia erabat barneratuta izan behar dugu. Eta bestetik, autoestimua landu behar dugu; hau da, ziur egon behar dugu egoera gure eskuetan dagoela, egitera goazena egiteko gai garela irudikatu behar dugu eta pentsamenduari buelta eman behar diogu era positiboan.

Tribuak-Maite

Kike Amonarriz eta Maite Artola

Jendaurrean mintzatzeko trebetasuna izatea gero eta beharrezkoagoa da gure gizartean; trebakuntza hau lantzen duen pertsona autonomoagoa eta malguagoa izango baita. Marañonen hitzetan, gaitasun honekin ez da jaiotzen, trebatu egin behar da.

Hori bera diote irrati eta telebista esatari askok, eguneroko ofizioan hitza erabili behar dutenetako askok. Maite Artola irrati-esatariak, adibidez, argi du: jardutea da garrantzitsua, zenbat eta gehiago jardun, orduan eta lasaiago egoten da.

Tribuak-FoniatraHitz egitea ofizio dutenentzat (izan aurkezle, irakasle, komertzial, apaiz, politikari…) ahotsa zaintzea ezinbestekoa da. ‘Tribuaren Berbak’ saiokoak Mirari Perez Gaztelu foniatrarekin aritu dira gai horri buruz. Foniatrak, medikuntza ikasketak egin ondoren, ahots organoan espezializatu diren profesionalak dira. Komunikazio arazoak dituztenek tinbrea, tonua, intentsitatea, modulazioa, erritmoa eta ahoskatzea kontrolatzen ikasi behar dute eta foniatrekin eta logopedekin hartzen dituzte horretarako beharrezkoak diren neurriak.

Behin beldurra gaindituta eta ahotsa osasuntsu daukagula, bota behar dugun diskurtsoa nola egituratu ikasi behar dugu. Joxerra Garzia irakasleak beti entretenimendu puntu batzuk bilatzea gomendatu du; esan behar duguna esatearekin batera, jendea ez aspertzea bilatu behar dugula alegia.

Joxerra Garzia

Joxerra Garzia

Horrez gainera, diskurtsoa egituratzean ze efektu edo erantzun lortu nahi dugun kontutan hartu behar dugu. Askotan, kontatu behar dugunaren ordenak ere jendearen erantzuna aldatzen baitu.

Hau guztia eskolan lantzen hasi behar dela argi du Joxerra Garziak. Hezkuntza sistema askotan oratoriari garrantzia handia ematen diote; AEBetako pelikuletan askotan ikusi ditugu eztabaida lehiaketak eta klubak adibidez. Euskal Herrian, duela urte batzuk arte, ez zaio aparteko garrantziarik eman, baina azken aldian, eskola eta ikastoletan, hasi dira jendaurrean hitz egiteari kasu handiagoa egiten. Bertso-eskolek ere lan handia egin dute umeak jendaurrean eroso aritu daitezen.

Koldo Amestoy ipuin-kontalaria

Koldo Amestoy ipuin-kontalaria

Koldo Amestoy ipuin-kontalariak euskaraz zein frantsesez egiten ditu bere emanaldiak. Euskarak onomatopeiekin, hitz jokoekin eta hainbat formulekin aritzeko erraztasun handiagoa ematen diola aitortzen du. Izan ere, haurrentzat ipuinak kontatzen ari denean, hauen atentzioa mantentzeko, hitzekin irudi bat sortzen saiatu behar izaten du; “ipuinak ikusi egin behar” direla esan dio Kike Amonarrizi.

Azkenik, jendaurrean hitz egin behar duenak gorputzaren hizkuntza ere kontutan hartu behar du. Esaten duen horretan konfiantza duela adierazi behar du gorputzak. Olatz Beobide aktoreak gorpuzkera itxia ez izateko gomendatzen du; burua tente, jendeari zuzenean begiratzea, eskuak modu naturalean mugitzea eta zangoak gogorregi ez jartzea.

Dudarik gabe, atzerriko hainbat herrialdeetan guk baino askoz naturalago ikusten dute jendaurrean hitz egitea. Esate baterako, ba al zenekiten Londresen Speaker’s Corner izeneko leku bat dagoela? Bertan, edozeinek edozer gairi buruz hitz egiteko eskubidea du eta edonor aurkitu dezakegu edozein momentutan diskurtso bat ematen.

Guk ere, utzi ditzagun lotsak alde batera eta hitz egin dezagun naturaltasunez edozer gauzari buruz, edozeinen aurrean!

Ikusi saio osoa: