Tag Archives: gayarre

Iruñea, hiri buruzagia

Nafarroako hiriburuan izan da oraingo honetan Kike Amonarriz. Bertako biztanleen ohiturak eta euskarak bertan bizi duen egoera bertatik bertara ezagutzera gerturatu da Iruñeara.

Gaur egungo euskararen mapatik nabari urrundu den lurraldea izanik, geure hizkuntzaren aztarna esanguratsuenak gordetzen ditu Iruñeako hiriak. Datu historiko horien bila gerturatu da Kike Iruñeko San Jose plazatxora. Bertan, Kike Diez de Ultzurrun itzultzailearekin elkartu da. Kikek Labrit Tours izeneko enpresarentzat egiten du lan, Iruñean zehar euskararen aztarnak jarraituz ibilbide turistikoak antolatzen dituen enpresa.

kikeKike Diez de Ultzurrunek azaldu digunez, San Jose plazan dagoen Iruñeko Katedralean, ‘Lingua Navarrorum’ agiria aurkitu zuten duela 60 urte inguru. Agiri hau latinez idatzita dagoen arren, euskarazko hitz eta esaldiak gordetzen ditu bere baitan. Honen harira, Kike Diez de Ultzurrunek Iruñean euskarak izandako garrantzia ulertzeko gako bat eman digu: XVI.mendetik hasita XIX.mendera arte, sinestunak euskaraz konfesatzen ziren Iruñeko apaizekin.

Gainera, plaza inguratzen duten bi eraikinetan, euskararekin lotura estua duten ekimenak aurrera eraman dira historian zehar. Izan ere, gerra osteko lehen euskaltegi eta ikastolak bertan izan zuten egoitza.

Euskarak Iruñean izandako garapen historikoa aztertuta, Kike Amonarrizek Iruñea eta inguruetako kultura eta artearen esparruan hizkuntzak duen presentzia behatu nahi izan du. Horretarako, Oier Zuniga aktorea eta Angel Erro idazlearekin izan da.

angelAngel Erro idazlearekin Iruñeako Katakrak kultur gunean egin dugu topo. Kultura eta literaturaren alorrean euskararen egoeraz kezkatuta dagoen euskaldun berria dugu Angel. Bere aburuz, sinesgaitza da kanpoko hizkuntzak ikasi eta euskara alde batera uzteko dugun gaitasuna.

 

oierArtearen ibilbidea jarraituz, Oier Zuñiga aktorearekin batu gara Gayarre Antzokian. Oierren esanetan, Nafarroako euskarazko kultura eskaintza oso murritza da. Instituzioen babesa ez izateak prozesuak nahiko atzeratzen dituen arren, sormena azaleratzen laguntzen duela adierazi digu. Euskarazko eskaintza hori aberasteko asmotan, Labanaroa Antzerki Taldea sortu zuen Oierrek, Laura Villanueva eta Maialen Diazekin batera.

mattinEuskarazko hezkuntzaren alorrean ere Iruñea eta Nafarroak biztanleek egoera larria bizi dutela jakinarazi digu gure laugarren gonbidatuak. Jon Mattin Matxain EHUko eta DIPCko ikertzaileak, bere esperientzia propiotik abiatuta, Nafarroan, euskarazko ikasketak gauzatzeko dauden zailtasunez hitz egin digu. Bere ikasle garaietan euskaraz ikasi nahi zuela kontatu digu Jon Mattinek, eta, Nafarroan aukera hori ez zegoenez, Donostian ikasi behar izan zuela. Baina, duela 20 urte gertatutakoa, gaur egun ere errepikatu egiten da. Jon Mattin Matxainek Donostiako Unibertsitatean (EHU) ematen ditu eskolak eta bere ikasleen artean, bertara euskaraz ikasten joan diren nafarrak ditu. Irakasleak adierazi digunez, Nafarroan, zientzien alorreko gradu bat euskaraz ikastea ezinezkoa da. Irakasgai batzuk euskaraz ikasteko aukera dagoen arren, ezinezkoa da gradu osoa euskara hutsean egitea.

reyesAzkenik, Reyes Ilintxeta kazetariarekin egon da Kike Amonarriz, euskal komunikabideek Iruñean duten presentziaz hitz egiteko. Ilintxetaren esanetan, euskarak Nafarroan jasan beharreko presioa izugarria da. Presio horren kontrako erreakzio gisa, euskal komunikabideen presentzia areagotzen ari da azken urteotan. Horren adibide gisa, Xaloa Telebista ekimena aipatu ditu Reyesek. Telebista hau soilik Baztanen emititzen zen arren, jaso berri du Iruñean emititzeko baimena.

Balantzaren beste aldean, krisi sakona bizi duten euskarazko komunikabideak aipatu nahi izan ditu Reyesek. Egoera kaskar horren adierazle nagusia Euskalerria Irratia da, 26 urte lanean eman ondoren, oraldik ere, Nafarroan emititzeko baimenik ez duen irratia.

Programa osoa ikusi nahi baduzu, hemen duzu: