Tag Archives: euskarazko ezohiko hitzak

Mainontzia zara? Potrojorran al zabiltza? Goazen euskara aberastera!

Euskarak hitz arraroak ditu! Askotan entzun izan dut halakorik. Zer da hitz arraro bat? Gutxi erabiltzen dugun hitz bat? Sekula entzun ez dugun hitz bat? Hitzak ez dira arraroak izaten, hitzak hizkuntza baten parte dira, hizkuntza aberats baten parte. 2008ko otsailaz geroztik, Maite Goñik euskarako hitz bat du aipagai bere blogean egunero. Gaurkoan Maite Goñiri eta “Gaurko hitza” izeneko bere txokoari omenaldi xume bat egin nahi izan diogu, eta hiru urte baino gehiagotan egunero argitara eman dituen hitzekin, ez guztiekin, noski, zerrendatxo bat egin nahi izan dugu. Erabiltzen al dituzu? Ezagutzen al dituzu? 🙂

MAINONTZI

Mainontzi. Iturria: euskaljakintza.com

Mainontzi. Iturria: euskaljakintza.com

izond. 1. Mainatsua. Mainak, xerak oso atsegin dituena. 2. Maina asko egiten duena, negartia. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Sinonimoak: izond.
[mainatsua] mainatsu, mainati Ipar. (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

Haizak hi mutil mainontzi nagusiari goraintzi ez al hakiken hor pipa hartzia etzela lizentzi jenio txar ho(r)iek utzi bestela hezurrak hautsi gizalegia nola behar den ezin erakutsi (Aizak, hi, mutil mainontzi, Xenpelar)

POTROJORRAN

adb. (lgart.) Gizonezkoei dagokienez, alferkerian, denbora alferrik galtzen. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Ez naiz oroitzen zertaz aritu ginen, betiko gaiak izango ziren seguruena: neskak, musika, eskola… eskola ez, urrunegi zegoen hura ordurako, eta alaiegi gu hartaz oroitzeko. Bakarrik gogoratzen dut uretan sartu aurreko liluramendu hark arrasto bat utzia zidala, eta ezin nuela burutik kendu lagunekiko lokarri estu baina ikusezin hura. “Honela bizi bagina beti”, esan nuen, abestian bezala. “Beti oporretan! “, Eduk. “Beti potrojorran eta eguzkitan”, Roberrek. [Elvis hil zen urtean, Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar, 2007) Orr.: 65] (Ereduzko Prosa Dinamikoa)

MUKIZU

1. Mocoso (uso despectivo). 2. (El, lo) que tiene mocos. 3. Resinoso. (Orotariko Euskal Hiztegia)

Sinonimoak: izond.
[umemokoa] umemoko (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

Argi dago gozatzen ari dela mutikoei eragiten dien beldurrarekin-. Horri esaten diozue jolastea? -segitu du, lurreko zigarrokinak buru kolpe batez seinalatuz. Eta barrez lehertu da, ozen, eskuak belaun gainean jarririk. Umeek elkarri begiratu diote. Geldi-geldi daude, algaren ondotik zer etorriko. -Benetan jolastu nahi duzue antzarekin, mukizu horiek? [Antzararen bidea, Jokin Muñoz (Alberdania, 2007) Orr.: 22] (Ereduzko Prosa dinamikoa)

Kriseilua. Iturria: blogak.com

Kriseilua. Iturria: blogak.com

KRISEILU

iz. Oliozko argiontzi mukiduna, zintzilikatzeko gako bat duena; kandela sartzen den ontzi gardena, zintzilikatzen dena edo zintzilik eramaten dena. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Kriseilu askoren argitara irakur daiteke poema eta autoreak berak ere ez du ulertzen eta ezin du argitu hitz bakan horiekin lortu duena. [Mentura dugun artean, Anjel Lertxundi (Alberdania, 2001)] (Ereduzko Prosa Gaur)

GIRGILO

iz. (B) Gorputzeko, bereziki kokots azpiko, gizentasun toles-formakoa. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)
Sinonimoak: iz.

[lepapea] aloz, kolats Bizk., lepape g.e., kokospe (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

Lepo-toles guztiak batu egin zaizkio eta girgilo bakar bat osatu, larruzko kuxin borobil lodi bat; bertan eserita, trabeska, burua. [Axenario, Jules Renard / Itziar Otegi (Alberdania-Elkar, 2006)] (Ereduzko Prosa Dinamikoa)

ZARTADA

iz. 1. Indar handiz eman edo hartutako kolpea. Aurpegian zartada ederra eman zion. 2. Zarta-kolpea, makilakada. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Sinonimoak: iz. Heg.
[ukaldia] belarrondoko, danbada, danbateko, dangateko, ezpaineko, kolpe, masaileko, matraileko, muturreko, takateko, ukaldi, zanpateko, zaplateko, zaplazteko, zartako, zartateko..  (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

Belarrondoko batena bezalako zartada lehorra entzun zen. [Ihes betea, Anjel Lertxundi (Alberdania, 2006)] (Ereduzko Prosa Dinamikoa)

ZURRUT

Zurrut. Iturria: flickr

Zurrut. Iturria: flickr

iz. 1. Zurrupada. 2. Behingoan ahoratzen edo irensten den edari-kantitatea. 3. (lgart.) Edari alkoholikoak edatea. Zurrutari emana dago. • ZURRUTEAN. (lgart.) Zurrut eginez. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Sinonimoak: zurrupa, zurrupada, zurrupaketa, hurrupa Ipar., hurrupaketa Ipar., dangada Bizk., zurrustada Bizk., zurrutada Bizk., trago beh., xurrupa adkor., klinkada g.e., zirrista Ipar. g.e., kurka zah. (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

Lurretik garagardo botila hartuz, zurrut luzea egin zion, eztarritik behera zihoazkion puspuluek indarra eta freskotasuna galduak zituztela konturatu zen arte. [Ordaina zor nizun, Joxemari Urteaga (Elkar, 2001)] (Ereduzko Prosa Gaur)

URDANGA

iz. 1. Txerri emea. 2. (herr.) Prostituta. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Sinonimoak: iz.
[emagaldua] emagaldu, ematxar, maritzar, prostituta, puta (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)
Beste hizkuntza batzuetan (Elhuyar Hiztegia):

Besteen behar fisiologiko oinarrizkoak asetzeko baino ez dut balio, behi bat naiz zentzu horretan, sukaldari erdipurdiko bat, garai hobeak ezagututako urdanga. [Katu jendea, Eider Rodriguez (Elkar, 2010)] (Ereduzko Prosa Dinamikoa)

KOKORIKO

1. adb. Zangoak tolestuta, nor bere orkatilen gainean eseririk. 2. iz. Oilarraren oihua, kukurrukua. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Sinonimoak: (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)
kokoriko adond.
[nor bere orkatilen gainean eseri] kukubilko, pikotxean Gip., kukulumuxu Bizk., kokot Ipar. g.e.
kokoriko iz.
[oilarraren oihua] kukurruku

Minik eman dizut? – eta ondoan kokoriko jarri nintzaion. [Onan, Aitor Arana (Txalaparta, 2000)] (Ereduzko Prosa Gaur)

TIRRIA

Sinonimoak: Nahi bizia, gutizia

Noiz nahi bazuen haren desira, haren baitan hiltzeko, haren besarkatzeko, musukatzeko, barkamendu eskatzeko tirria zuen, eta gauak airean iragaiten zituen jakinez etxe berean lo egiten zuela. [Hautsi da katea, Toti Mtz. de Lecea / Elena Touyarou (Erein, 2004)] (Ereduzko Prosa Gaur)

LAPATX

Esanahia: Elur-maluta txikia. Elur-lapatxa. 2. BOT. Ik. lapa-belar.

Elurra. Iturria: Imanol Aragon

Elurra. Iturria: Imanol Aragon

IPURMAMI

iz. Ipurmasaila, ipurdia eratzen duten bi irtengune mamitsuzkoetako bakoitza. Elkarrengandik arraila batez bereizirik eta batik bat gluteoez eratuta daude.. (Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa)

Sinonimoak: iz.
ipurmasail, alkuts g.e. pl. (UZEI Sinonimoen Hiztegia)
ipurdi, ipurmasail, ipurtalde, ipurmokor, iztermami, aldaka, ipurdi mazela, popa (UZEI Sinonimoen Hiztegia)

Hitz-aspertu, hizketaldi, solasaldi, polit honen ondotik… agur esateko ordua heldu da. Euskara MAITATU ZAINDU.. eta gaurko lekzio txiki honekin…ABERASTU! Zintzoak izan! 🙂