Tag Archives: Euskararen Etxea

Bilbo euskaldun gehien dituen munduko hiria da

Hiri erdaldunaren irudia ematen omen du Bilbok, baina egiazki euskaldun gehien dituen munduko hiria da. Hala erakutsi du behintzat Kike Amonarrizek gidatzen duen ‘Tribuaren Berbak’ saioak.

Pedro eta Aitor Zuberogoitia Kike Amonarrizekin

Pedro eta Aitor Zuberogoitia Kike Amonarrizekin

Irudi erdaldun horren zergatia azaltzeko Aitor eta Pedro Zuberogoitia anaiekin hitz egin du Kikek. Bertan Bilbo liburuaren egileak dira eta euskarak XX. mendean izan duen bilakaera aztertu dute lan honetan.

Aitorren hitzetan, euskararen gainbehera XIX. mendean hasi zen Bilbon; ziurrenik gizaldi amaierako industrializazioaren ondorioz. Garai hartan, hirietako gizarteak nekazal giroa baztertzera eta ridikulizatzera jo zuen, besteak beste, baserritarrak euskaraz mintzatzen zirelako eta gaztelaniaz ez zirelako moldatzen. Gaztelaniaz aritzea moda eta prestigio kontua bilakatu zen hiri eta herri handietan.

Hala ere, Pedrok azaldu duenez, 20ko hamarkada inguruan, Errepublikaren aurretik, Bilboko biztanleen %20a euskalduna zen. Hala erakusten dute garai hartako datuek. Eta galera handiena, Gerra Zibilaren ondoren, 40 urte iraun zituen diktaduran, gertatu zen. 1975ean %6k soilik zekien euskaraz. Eta geroztik, gora egin du datu horrek gaur egun arte.

Alabaina, Bilboko txoko guztietan ez da berdin erabiltzen euskara. Bilboko Udalaren datuen arabera Ibaiondo, Abando eta Deustu barrutiak dira euskaldunenak, eta euskaldunen erdiek baino gehiagok 34 urte baino gutxiago dauzkate.

Beste hari bati helduz, euskararen esparruan Bizkaiko hiriburua aitzindari izan zela jakin dute Zuberogoitia anaiek euren ikerketei esker. Lehen euskara katedra bertan sortu omen zen eta Gerra Zibilaren garaian euskaraz idatzitako liburu ugari saltzen omen ziren bertako liburu-dendetan.

Bitxikeri gisa, lehen euskara katedra hura lortzeko lehian Sabino Arana, Resurreción Maria Azkue eta Miguel de Unamuno aritu omen ziren. Azkenean, Azkuek irabazi zuen. Eta gerora, lehen lanak euskaraz idatzi bazituen ere, gure hizkuntza ohorez ehortzi beharrekoa zela idatzi zuen Unamunok. Ez zuen elebitasunean sinesten.

Kike Amonarriz Bilboko Kafe Antzokian

Kike Amonarriz Bilboko Kafe Antzokian

Bilbon euskararen eta euskaldunen guneak bilatzen hasita, Kafe Antzokira joatea derrigorrezkoa da. 1995ean sortu zen Gabriel Aresti euskaltegiaren ekimenez ikasleek euskara erabili ahal izateko espazio errealak izan zitzaten. Kultur ekitaldi ugari egiten dira Kafe Antzokian: kontzertuak, bertso saioak, liburu eta disko aurkezpenak eta abar. Eta horrekin batera, Aresti euskaltegiak beste hainbat ekimen ere baditu martxan: Bilbo Hiria irratia, Algara konpartsa, Zenbat Gara elkartea…

Euskaltzaindiaren egoitza nagusia ere Bilbon dago, Plaza Berrian hain zuzen ere. 1919an sortu zen erakunde hau eta haren helburuak dira, besteak beste, euskara sustatzea, erabilera zabaltzea, hizkuntzaren kalitatea bermatzea eta hiztunen eskubideak zaintzea. Linguistikaz, soziolinguistikaz, onomastikaz, toponimiaz, gramatikaz, hiztegiaz, dialektologiaz eta abarrez arduratzen da.

Euskaraz Bilbo ala Bilbao esan behar ote den jakin nahi izan du ‘Tribuaren Berbak’ saioak bertan. Mikel Gorrotxategik, Onomastika batzordeko idazkariak, euskarazko izen jatorra Bilbo dela argitu dio. Horren arrazoia euskal literaturan beti izen hori erabili izan dela da. Eta ez euskaraz bakarrik, baita ingelesez ere: Erdi Aroan Bilboko portutik bidaltzen zituzten merkantziei buruz idazten zutenean Bilbo hitza erabiltzen omen zuten.

Lehen euskal antzerki talde profesionala ere Bilbon sortu zuten 80ko hamarkadan, Maskarada taldea hain zuzen ere. Mikel Martinez aktorea izan zen sortzaileetako bat, “euskaldun berriak eta euskararen aldeko militanteak” zirelako.

San Inazio auzora joanda, Euskararen Etxea topatu du Kikek. Azkue Fundazioaren ardurapean dago eta euskarari buruzko gune espezializatua da. Interpretazio zentro bat eta euskaraz idatzitako unibertsitate-liburuen bilduma ditu bertan. Eta horrekin batera, ekimen ugari antolatzen dituzte bai gazteentzat bai helduagoentzat.

Gazteengan euskara zabaltzeko, ostera, Harrapazank aisialdi programa dago. Kutsu urbanoko ekintzak antolatzen dituzte gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko.

Azkenik beste bitxikeria bat: ba al zenekiten gurea ez dela munduko Bilbo bakarra? Mexikon, Coahuila estatuan, bada Bilbao izeneko 400 bat biztanleko herrixka bat. Bertan hondar fineko dunez disfrutatzeko aukera daukate eta turismorako leku aproposa bilakatu omen da.

‘Bertan Bilbo’ izeneko saioa osorik ikusi: