Tag Archives: euskal atsotitzak

Apirilaren inguruan esaera asko daude! Zein da gehien gustatzen zaizuna?

Apirilean gaude, dagoeneko!! Gaur bi ditu urteko laugarren hilabeteak. Badakizue zer den ohikoa aro honetan: udaberria heltzen dela, euria gehienok nahi duguna baino gehiagotan botatzen duela, ia beti Aste Santuko jaiak eta oporrak izaten ditugula… Bada, apirila beste arlo batengatik ere da ezaguna! Euskarak bere inguruan zenbait esaera dituelako, hain zuzen ere :-). Ez zenekiten? Ba begira guk aurkitu dugun zerrenda:

"Apirilean, euri aunitz". Horrela dio esaerak... eta horrela islatu du Jose Antonio Ortiz de Zaratek argazki honetan.

“Apirilean, euri aunitz”. Horrela dio esaerak… eta horrela islatu du Jose Antonio Ortiz de Zaratek argazki honetan.

Ezagutzen dituzu? Apirilaren inguruko esaerak, euskaraz

-Martxoa haizetsu, apiril euritsu, maiatza gero eguzkitsu.

-Apiril ona ezagutzeko ehun urte bizi beharko! Ehun da bat baditut eta ez dut onik ere ezagutu.

-Apiril, biribil, urdea txerri-tokian hil (Apirileko eguraldi txarragaitik).

-Apirila bero, negua gero.

-Apirila euritsu, urte hura ogitsu.

-Apirila haizetsuak nekazaria pozten du.

-Apirila hotz, miseria ogi-artoz.

-Apirila hotz? Ez gari ta ez agotz.

-Apirila joan eta maiatza gero, agoztegian agotza bego.

-Apirila joan ta maiatza gero, ganbara bazterrean agotza bero.

-Apirila on ikusi nahi duenak, ehun urtez behar du bizi.

-Apirilak bere hotz uztarra bai; jauntsi arina oraino etsai.

-Apirilaren azkenean, hostoa haritz gainean.

-Apirilean euri aunitz.

-Apirilean euria goian-behean.

-Apirilean ihinzte, ogi-urte.

-Apirilean inusturia jotzen badu, berri ona da.

-Apirileko egunak hiru aro.

-Apirileko euriak balio du ardi-arkina hoberena.

-Apirileko zizea, urrea baino hobea.

-Eguzkiz beterik ere, apirila marrant-emaile.

-Opeil bustiak dakaz ogiak.

-Ortzantza apirileko, arnoa barrikako.

-Txikia banintzen, handia banintzen, apirilean lorea nintzen.

Zer iruditu zaizue? Zein da gehien gustatzen zaizuena? 🙂 Eskerrik asko! Eta gozatu hilabete honetaz!!

 

“Euskara bihotzean baina erdara ezpainean”. Atsotitzekin jolasean!

Zalantzarik gabe euskaldunon altxorretako bat dira esaera zaharrak. Eguraldiarekin loturikoak izaten dira ohikoenak: “Eguzki eta euri, martxoko eguraldi“, hauxe oraintxe esango genukena. Beste asko mundu mailan ezagunak egin dira: “Txapela buruan eta ibili munduan”. Guk gure zerrendatxoa egin dugu batzuekin, izan ere asko dira! Gustoko badituzu, ondo, eta ez badituzu…. “Hor konpon, Marianton“! 🙂

Esaera Zaharrak

Kalean uso, etxean otso

Alferra beti lanez betea

Amen, zu hor eta ni hemen

Usteak erdia ustel

Azaroa hotz, negua motz

Azak eta porruak eroan ditu neguak

Egon lo ta jango dek/n mehe

Bat eman eta bi hartu

Bost xentimoko pupua, hamar xentimoko trapua

A zer parea, karakola eta barea

Dagoenean bon-bon, ez dagoenean egon

Eroriz ikasten da oinez

Ez da horixe atzo goizekoa

Ezina nekez egina

Atzo sartu zen oiñutsik, gaur egin da nagusi

Jan eta lo, potolo

Askoren mina, tontoen atsegina

Denboraren poderioz eta belaunaldi berriekin, kalean geroz eta gutxiago entzuten ditugu euskal atsotitzak. Horregatik, memoria ez galtzeko, guk ezagunenak bildu ditugu gaurkoan. Zuk erabiltzen al dituzu? 🙂 Ba animatu eta bota zure euskarazko atsotitz edo esaera zaharra! Eta nola bestela, esaera zahar batekin bukatuko dugu gure gaurko posta. Gogoratzen al zarete izenburuan zer jarri dugun? “Euskara bihotzean baina erdara ezpainean“. Ba beste honekin emango diogu amaiera:

Bihotzaren giltza, mihia.