Tag Archives: Eskoriatza

Nola gerturatu etorkinak euskarara?

Etorkinek euskararekin daukaten harremana ikertu du aste honetan ETB1eko ‘Tribuaren Berbak’ saioak; guregana datozenek euskara nola jasotzen duten eta euskarara nola gerturatu ditzakegun jakiten, hain zuzen ere. Eta ongi-etorri goxoa eginez, gure hizkuntza hobeto hartzen dutela ondorioztatu du.

Etorkinei buruzko 'Tribuaren Berbak' saioa

Etorkinei buruzko ‘Tribuaren Berbak’ saioa

Hego Euskal Herrian 285.000 etorkin inguru bizi da gaur egun, biztanleriaren %7,3. Euskal Autonomia Erkidegoan, esate baterako, 58 mila amerikar, 41 mila europar,37 mila afrikar, 12 mila asiar, 121 ozeaniar eta 30 aberrigabe bizi dira.

Horiek guztiek euskara bere egin dezaten, eskolak paper garrantzitsua jokatzen duela irizten dio Amelia Barquin HUHEZIko irakasleak. Orain arte bezala, kanpotik datozkigun ume horiei harrera ona egin, “karinoz hartu”, eta bertakoei ematen zaizkien aukera berberak ematen jarraitu behar duela aurrerantzean ere dio Barquinek.

Amalia Barquin HUHEZIko irakaslea

Amalia Barquin HUHEZIko irakaslea

Eta era berean, haur bakoitzaren egoera ulertzen eta, behar denean, goxatzen saiatzea ere garrantzitsua da. Izan ere, lehen aldiz gure eskoletara iristen diren etorkinen egoerak oso ezberdinak dira: batzuk txikiak dira, besteak dagoeneko helduagoak, batzuk ikasturte hasieran datoz, besteak ikasturtea aurreratua dagoenean, kasu batzuetan familiek arazo juridikoak izan ditzakete… Horrek guztiak estresa eta egonezina sor dezake gaztetxoengan, beraz, ulertzea eta laguntzea ezinbestekoak dira gizartean integratu daitezen, baita hizkuntzari dagokionean ere.

Xabier Mendiguren, EH 11 Kolore

Xabier Mendiguren, EH 11 Kolore

Eta ez eskoletan bakarrik. Xabier Mendigurenek EH 11 Kolore elkarteko ordezkariak ere gauza berbera aipatzen du. Gure ongi-etorria eta abegia eskainiz, errazago integratuko zaizkigu eta ulertuko dute bertako hizkuntza errealitatea. Horrekin batera, Xabierren hitzetan, euskarak guztion arteko lokarri funtzioa bete behar du eta horretarako bitartekoak behar direla dio.

Horrela bada, Eskoriatzako Udalak etorkinei euskara ezagutzeko eskura jartzen dizkien baliabideak ezagutu ditu ‘Tribuaren Berbak’ bertako euskara teknikaria den Mari Carmen Arrietaren eskutik. Txikienentzako aisialdi programak eskaintzen dituzte, bertan jaiotako haurrekin batera eta, noski, guztiak euskaraz. Horrez gainera, nerabeei apropos zuzendutako euskara eskolak ere ematen dituzte. Eta helduenentzat Topagunearekin batera bideratzen duten Auzoko izeneko programa daukate; etorkinek eta bertakoek elkar ezagutzea ahalbideratzen dute eta gure hizkuntza errealitateaz jabetzen dira.

Yuli Vargas kubatarra 'Tribuaren Berbak' saioan

Yuli Vargas kubatarra ‘Tribuaren Berbak’ saioan

Eskoriatzan bertan, Yuli Vargas kubatarra ezagutu du Kikek. Yuliren hitzetan hona etorri zenean ez zekien euskara bazegoenik ere. Ondoren, euskara ikasten hasi zenean eta hitz egiten saiatzen zenean, euskaldun askok erdarara jotzen genuela konturatzen zen eta ezin zuen euskara nahi adina erabili, batik bat trabatzen zenean. Baina, ikasten jarraitu zuen eta gaur egun primeran hitz egiten du; batuaz gainera, Eskoriatzako hizkera ere ikasi du.

Saioa osorik ikusteko: