Tag Archives: erronkak

Urte berri, asmo berri on!

“Urte berri, asmo berri” izenburupean aurkeztu digu Kike Amonarrizek “Tribuaren Berbak” saioaren zazpigarren atala, Eguberri egunean. Gabon kutsu nabarmeneko saioan, 2014. urteari begira jarri gaituzte, eta hainbat pertsona ezagunek urte berrirako euskarari lotuta dituzten asmoak azaldu dizkigute.

tribu

tribu

“Urte berri, asmo berri”. 2014a gainean dugu, eta Kike Amonarrizek gidatutako “Tribuaren Berbak”saioak urte berriari begira jarri gaitu. Zehazki, geure buruei 2014rako euskarari lotuta asmo edo erronka batzuk ezartzea izan du helburu saioak, eta horretarako, hainbat pertsona ezaguni eurenak azaltzeko eskatu die. Askotarikoak bildu dituzte!

tribu-ametsarzallus_1024x576
Amets Arzallus bertsolaria Hendaiako ikastolako ikasle izana da, eta 2014ari eskatuko lioke Seaska ez dezatela ikusi batzuek “burdinazko kaiola bat balitz moduan”. Aitzitik, Seaska haurrek mundura ateratzeko hizkuntza bat ikasten duten lekua dela nabarmendu du.

tribu-oinatz_1024x576

Hainbat pilotariren asmoak bildu ditu Kike Amonarrizen saioak. Oinatz Bengoetxeak, esaterako, aldagelatan euskaraz gehiago aritzea adostu dutela azpimarratu du “euskaraz ez dakitenek pixka bat ikasteko”, eta, euren artean, “euskal giro hobea izateko”. Abel Barriolak izen bati lotutako erronka du. Pilotan bikote duten Juan Martinez de Irujorekin euskaraz gehiagotan hitz egitea. Lehendik ere ongi egiten omen du Iberokoak, eta, beraz, elkarrekin gehiago aritzea hartu du asmo gisa Leitzakoak. Azkenik, Jose Javier Zabaletak euskaraz “beldurrik gabe” hitz egiten saiatuko dela adierazi du.

tribu-zuhaitzgurrutxaga_1024x576

Zuhaitz Gurrutxaga aurkezleak euskaraz umorea egitea zaila dela dioen topikoa “irauli, eta euskaraz umorea fintzea” hartu du helburu 2014rako.

Toti Martinez De Lezea idazlea “euskaldun berri zaharra” da. Duela 40 urte ekin zion euskara ikasteari, eta irakurtzeko eta ulertzeko arazorik ez badu ere, zailtasunak dauzka “aditzekin eta nor-nori-norkekin”. Beraz, bi horiek menderatu nahi ditu 2014an.

Garbiñe Biurrun epaileak 2014ari eskatu dio auziak, “batzuk sikiera”, euskaraz egin ahal izatea, eta “‘herritarrok gure eskaerak, argudioak eta arrazoiak euskaraz adierazi ahal izatea epaimahaiari”.

Iker eta Eneko Pou eskalatzaileek hainbat hizkuntza erabiltzen dute euren eguneroko bizitzan. Ingelesez, gaztelaniaz, italieraz, alemanez aritzen dira, eta, euren artean euskaraz egiten badute ere, “ia guztia” euskaraz egitea dute 2014rako helburu.

tribu-josebe_1024x576

Josebe Iturriotz Berdintasun teknikariak euskara haren bizitzaren “zentroan” sartzea erabaki du: sexualitatean txertatzea, alegia. “Txortan egin nahi dut euskaraz gehiago eta hobeto”.

ETBko bi kazetariren hitzak ere bildu ditu “Tribuaren Berbak” saioak. Asier Odriozolak Joxanton Artzeren esaera ezaguna oroitu du, “euskara galtzen bada, dakigunok hitz egiten ez dugulako izango da”. Horregatik, hitza eman du 2014an euskara gehiago erabiliko duela, eta, ahal duen neurrian, ingurukoek ere gehiago erabil dezaten ahaleginduko dela. Gainera, hitza bete egingo duela azpimarratu du. Franck Dolosorrek, berriz, euskara bizitzen eta sustatzen segituko du, eta idazten hasi den liburua “bururatzea” agindu du, “Senperetik gaindi, gure herritarrak eta eskuara, lapurtera, hobeki ezagutzeko”.

Eli Pinedo eskubaloi jokalariak euskara bere bizitzaren “esparru guztietara” zabaltzea hartuko du erronka moduan.

tribu-inurrategi_1024x576 Azkenik, Alberto Iñurrategi mendizalea ez omen da irakurle amorratua, eta, gainera, euskaraz ez du irakurtzen “nahi beste”. Hori dela eta, horixe izango du datorren urterako asmoa: “euskaraz orain arte baino gehiago irakurtzea”.
#Asmoberri erabilita, jendeak Twitter bidez 2014rako asmoak bidaltzea eskatu zuen “Tribuaren Berbak” saioak, eta arrakasta handia izan du traolak. Izan ere, UMAPek emandako datuen arabera, euskarazko txioen artean joera izan da, #euskalTT, alegia.

Askotariko asmoak bidali dituzte txiolariek. Zenbaitek, Iñurrategiren asmoei jarraiki, euskaraz gehiago irakurtzea du helburu. Besteren batek, Josebe Iturriotzen erronkari helduta, euskarazko “txortalaguna” topatzea. Gainera, lagunartean euskaraz gehiago aritzea, lehen hitza euskaraz egitea, euskara irakastea, baita noizbait “euskararen inguruan #asmoberri gehiagorik beharrezko ez izatea” ere.

Asmo ederrak guztiak, zalantzarik gabe. Guk ere, “Euskaldunok Euskaraz” blog xume honetatik, gure asmoa azalduko dugu: euskarari lotuta euskaraz post interesgarriak osatzen jarraitzea izango dugu helburu 2014an.

Urte berri, asmo berri on!
Ikus ezazue saioa osorik